Mundakako Portuko Udal Kontseilu berriak portuko azpiegituren kudeaketa eta hobekuntza, dragatze-lanak, sarbideak eta mantentze-lan orokorrak aztertu ditu

0

172 amarraleku aisialdiko ontzientzat

Portuko Udal Kontseilua eratzeko bilera Mundakako udaletxean egin da, Koldo Goitia Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Portuetako zuzendaria buru dela, eta, besteak beste, portuko azpiegituren kudeaketa eta hobekuntza, dragatze-lanak, sarbideak eta konponketa- eta mantentze-lan orokorrak aztertu dituzte.

Bileran Sorne Rubio Mundakako alkateak, Edurne Egaña EKPko zuzendariak eta Eusko Jaurlaritzako eta udaleko teknikariek parte hartu dute.

Mundakako portuak EKPk kudeatutako 172 amarraleku eskaintzen ditu aisialdiko ontzientzat. “Sektorea funtsezkoa da eremuaren garapen ekonomiko eta turistikorako, nabigatzaileak erakartzen baititu eta kostaldeaz gozatzea sustatzen baitu”, adierazi du Koldo Goitiak.

Portuko Udal Kontseilua administrazioaren eta sektoreko eragileen arteko elkarrizketarako gunea da, eta portuaren kudeaketa efizientea eta gaur egungo eta etorkizuneko beharretara egokitua ahalbidetzen du.

Portuko Udal Kontseiluak honako portuetan eratzen ari dira: Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Ea, Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia. Bihar osteguna, Armintza-Lemoiz´koa eratuko da, eta egun batzuk barru Donostia´koa.