Euskadik osasun publikoaren aldeko apustua indartu du, hamarkada osoko aurrekontu-hazkunderik handienarekin

0

Eusko Jaurlaritzak osasun publikora 2025ean bideratzen duen aurrekontu-partidak azken hamarkadako hazkunderik handiena izan du, Euskadik esparru horretan babesa, prebentzioa eta sustapena indartzeko egin duen apustua erakutsiz.

Osasuneko sailburuorde Enrique Peirok gaur emandako datuak dira, Legebiltzarrean egindako agerraldian. Bertan, 2023ko amaieran onartutako Osasun Publikoko Legea 2030en garapenaren berri eman du.

% 12ko hazkundeak 68,7 milioi euroko inbertsioa dakar, Euskadiko Osasun Publikoko Institutua eratzeko atarian. Institutu horren estatutuak osatzen amaitzen ari da jada Alberto Martínezek zuzentzen duen Osasun Saila, eta bera arduratuko da euskal herritarren osasuna zaintzeaz, arriskuei aurrea hartuz.

Osasuneko sailburuordeak bere hitzaldian azpimarratu duenez, aurrekontuetan egindako ahalegina ezinbestekoa da arau berriak ezarritako helburuak betetzeko bidean aurrera egiteko. Laburbilduz, hauek dira helburuak:

  • Euskal herritarren osasuna babestea eta indartzea, interes handieneko ondasun publikoa den aldetik, eta pertsonen eskubideak bermatzea, osasunaren, aukera-berdintasunaren eta ekitatearen arloan.
  • Politika guztietan Osasuneko estrategia hartzea eta osasunaren determinatzaileetan eragitea.
  • Euskadiko Osasun Publikoko Sistema eratzea, administrazio publikoen arteko koordinazioa eta lankidetza indartuz, eta jarduketen orientazio komunitarioa eta sektore artekoa lehenetsiz.
  • Pertsonen osasuna babestea eta sustatzea, bai esparru indibidualean bai kolektiboan, eta gaixotasunak, lesioak eta desgaitasuna prebenitzea. Baita osasun-larrialdietan ere.

Osasuneko sailburuordearen hitzetan, lege-esparru berri indartu horrek «XXI. mendeko euskal gizarteak osasunaren arloan dituen beharrei ahalik eta erantzun onena emateko politika egokiak aplikatzea ahalbidetzen digu».

Testuinguru honetan, datorren ostegunean, martxoaren 20an, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak bilera bat egingo du ingurune digital osasungarri baten sustapenean nahastuta dauden Jaurlaritzako sail guztiekin, pantailekiko adikzioaren esparruan haurren eta nerabeen ongizatea babesteko eta sentsibilizatzeko neurri koordinatuak ezarriko dituen adituen mahaia sortzeko.