Eusko Jaurlaritza hezkuntza-eraldaketa bultzatzen ari da bere azpiegiturak eraberrituz

0

Eusko Jaurlaritzak gaur Salburua Bigarren Hezkuntzako Institutura egin duen bisitarekin erakutsi du hezkuntza-azpiegiturak modernizatzeko duen konpromiso sendoa. Imanol Pradales lehendakaria izan da ekitaldiko buru, Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosarekin eta ikastetxeko zuzendari Andres Etxebarriarekin batera. Bisita hau Hezkuntza Eraiki 2030 estrategiaren markoan kokatzen da, hau da, Euskadin hezkuntza-hobekuntza eta kalitatearen mesedetan hezkuntza-espazioak eraldatzeko gauzatua dagoen estrategiaren baitan.

Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, «lehen mailako eraikinak eta baliabideak beharrezkoak dira Euskal Hezkuntza Sistema errealitate bihurtzeko». Pradalesek gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzaren autoexijentzia maila zein den, eta ildo horretatik adierazi du «lanaren, ahaleginaren eta askatasun sortzailearen balioak sustatu behar ditugu”la. “Baina horretarako eredu izan behar dugu. Tresna onenak eskaini behar dizkiegu Euskadiko ikasleei haiek behar dituzten baliabide onenak eskura izan ditzaten». Era berean, Lehendakariak ikastetxe eta ikasleei dei egin die autoexijentziaz joka dezaten, «lortu nahi dugun biharko gizartea» eraikitzea erdiesteko.

Pradalesek nabarmendu duenez, «hezkuntza-azpiegituretan inbertitzea ikasleen ongizatearen aldeko apustua egitea ere bada. Hezkuntza-sistemaren kalitatearen, ekitatearen eta iraunkortasunaren alde egitea da. Eta horrek guztiak eragin zuzena du motibazioan eta arrakastan».

Ikastetxera egin den bisitari lotuta, institutuko Eskola Kontseiluko kide diren hiru ikaslek ikastetxearen ezaugarriak zein diren azaldu dute; horrez gain, ikastetxeko ikasle guztiek idatzi dituzten gutunak jaso dituzte, denboraren kapsula batean sartu eta institutuko lorategi batean lurperatu dituzte. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko beste ordezkari batzuk ere parte hartu dute ekitaldian. Bertan izan dira, Aintzane Arrese, Hezkuntza Sailaren Arabako ordezkaria; Blanca Guerrero, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea; eta Aintzane Oyarbide, Azpiegitura, Baliabide eta Teknologien zuzendaria. Horiez gain, institutuko zuzendaritza-taldeko eta hezkuntza-komunitateko zenbait kidek ere parte hartu dute.

Hezkuntza Eraiki 2030: inbertsioa Euskadiren etorkizunerako

Salburuako ikastetxe berria legegintzaldi honetako Gobernu Programak jasotzen duen obra garrantzitsuenetako bat da. Hezkuntza Eraiki 2030 estrategiaren gauzapen bat da. Hain zuzen ere, Euskadiko hezkuntza-azpiegituren estrategia integralari dagokion adibide bat da zeinetan helburua den Euskadiko ikastetxe guztiek izatea gune modernoak, irisgarriak, jasangarriak eta metodologia pedagogiko aurreratuenekin lerrokatuak.

Estrategia honen aurrekontuan 750 milioi euro jasotzen dira azpiegituretan inbertitzeko, zehazki, Euskadin 250 esku-hartze baino gehiago egiteko. Eskola-komunitatearen beharrei erantzungo dieten hezkuntza azpiegituren berrikuntza eta modernizazio proiektuak lehenetsiko dira, metodologia aktiboak dituzten espazioetan ikaskuntza malgua eta moldakorra gara dadin. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak abian jarri duen ekimen estrategiko honek badu beste helburu bat: alde batetik, sortu berria den ekipamendu inklusiboa eta teknologikoa sustatzea, eta bestetik, jasangarritasuna bultzatzea sistema energetiko eraginkorrak instalatuz, hala nola, aerotermia eta geotermia, eguzki-plaken berrikuntza eta fatxadak material iraunkorrekin birgaitzea. Hezkuntza Eraiki 2030ek, horrez gain, ikasleentzako elikadura orekatua eta iraunkorra bermatzen lagunduko duten sukalde integralen eta jantoki osasungarrien proiektuak gara daitezen ere sustatzen du.

Salburua BHI

Salburua Bigarren Hezkuntzako institutu berriak iazko irailean ekin zion bere ibilbideari DBHko lehen mailako 6 unitate (edo talde) hartuz. Salburua eta Errekabarri ikastetxe publikoetan Lehen Hezkuntzako etapa amaitu zuten ikasleek osatzen dute talde berria, izan ere, ikastetxe horiek baitira Salburua BHI berriari atxikitzen zaizkion erreferentziazko ikastetxeak.

Salburua BHIk, urterik urte gero eta ikasle gehiago izango ditu, eta hala, hazten joango da Batxilergoko bigarren mailara iritsi arte. Ikastetxe berriaren egitekoa izango da Gasteizko Salburua auzoko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan izango diren ikasle zein irakasleen beharrizanei erantzutea. Azken urteotan, Arabako hiriburuaren auzo honetan ari da biztanleen hedapen eta hazkunde handienetako bat gertatzen. Jarri diren helburuak bidera daitezen, 18 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du Hezkuntza Sailak Alba kaleko 2. zenbakian dagoen Salburua BHIren eraikin berria eraikitzeko.