Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzaren Auzolandegiak programaren bidez, jatorri desberdinetako gazteek 15 egunez, borondatez eta eskuzabaltasunez, ikuspegi soziala duen lanean parte har dezaten sustatzen da.
Aurten, boluntariotzako 9 auzolandegi antolatuko dira Euskadin. Bi eremu mota egongo dira adinaren arabera: bost eremu adinez helduak diren gazteentzat (18 eta 26 urte bitartekoentzat, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat izan ezik, 30 urte bete arte parte hartu ahal izango baitute); lau eremu adin txikikoentzat (14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat, biak barne). Adingabeentzako auzolandegiak Arraia-Maeztu, Bilbo, Gueñes eta Berangon egingo dira, 75 plazarekin. Gainerakoak 18 urtetik gorakoentzat izango dira eta Muxika, Santurtzi, Bergara, Lekeitio eta Derion egingo dira, 146 plazarekin.
Euskadiko plazez gain, beste autonomia-erkidego eta herrialde batzuetan ere eskainiko dira plazak; azken horietan, 18 urtetik gorako gazteek parte hartu ahal izango dute.
Euskadin egingo diren bederatzi auzolandegietako bakoitzak gai espezifiko bat du, eta izena eman duten gazteek bi asteko egonaldia egingo dute bertan: arkeologia eta industria-ondarea berreskuratzea, ondare historikoa eta ingurumena berreskuratzea, hirugarren adineko pertsonen gizarte-dinamizazioa, memoria historikoa, etab. Goizetan boluntariotzaren esparruko gaikako lanak egiten dira eta arratsaldeetan eta asteburuetan jarduera osagarriak egingo dira. Animazio-taldeak parte-hartzaileen eta auzolandegia hartzen duen komunitatearen arteko harremana ahalbidetuko duten jarduerak proposatuko ditu. Jolasak, kultura ekitaldiak eta kirol-jarduerak ere egingo dira.
Izena emateko bidea
Auzolandegietan aurrez izena emateko epea martxoaren 18tik apirilaren 22ra bitartean egongo da zabalik, eta ondoren, apirilaren 23an, lekuak hautatzeko zozketa egingo da. Izena emateko txandak apirilaren 24an argitaratuko dira, eta plazaren inskripzioa/hautaketa maiatzaren 5etik aurrera egingo da.
Aurrez izena emateko eta izena emateko prozesua bitarteko elektronikoen bidez egingo da. Hori dela eta, Gazteria Zuzendaritzak BakQ txartela (edo identifikazio elektronikorako beste edozein bide) esakuratzea gomendatzen du prozesu osoa egiteko. Prozesu osoa www.gazteaukera.euskadi.eus web orriaren bidez egin ahal izango da.
Estatuko eta nazioarteko esparruei dagokienez, Gazteria Zuzendaritza beste erkidego batzuekin eta INJUVErekin plazak trukatzeko lanean ari da gaur egun. Eguneratutako eremuei buruzko informazio guztia www.gazteaukera.euskadi.eus webgunean egongo da eskuragarri.