Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado Goierriko eskualdean izan da, eskualdeko turismoaren kudeaketa publiko/pribatuan aitzindaria den Goitur erakundearen 25. urteurrena ospatzeko, zinegotziak eta erakundeetako ordezkariak izan dira bertan. Ekitaldiak Goierri turismo jasangarriaren eta adimendunaren erreferente gisa Euskadin eta Euskaditik kanpo kokatu duen ahalegin bateratua aitortzeko balio izan du.
Hasi zenetik, Goitur funtsezko eragileekin aliantzan aritu da, tartean Europar Batasunarekin, EDEN Network programaren bidez, Turismoko Estatu Idazkaritzarekin eta Segittur sozietatearekin, bai eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Basquetourrekin ere, eta Helmuga Turistiko Adimendunen (DTI) programetan. “Urteurren honek erakusten du Goierriren arrakasta udalerri guztien eta bertako turismo-eragileen arteko koordinazioaren eta lankidetzaren emaitza dela”, nabarmendu du sailburuak.
Goitur aitzindaria izan zen eskualdeko turismoaren garapenerako plan bat sortzen, eta lurraldeko lehen turismo-erakunde publiko/pribatu bihurtu zen. 25 urteren ondoren, erakundeak turismoa dinamizatzen jarraitzen du historikoki industriala izan den eskualde batean, Euskadiko turismo-ereduaren funtsezko balioak txertatuta: jasangarritasuna, berrikuntza eta gobernantza. Horren erakusgarri da 2023an helmugaren kudeaketa arduratsu eta jasangarriari emandako Euskadi Turismo Saria.
Eusko Jaurlaritzak Goierri eta Goitur babesten jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Helburu partekatuen artean, DTI eta ETI programak bultzatzea, turismo industriala, naturakoa, gastronomikoa eta MICE (Meetings, Incentives, Conventions, Exhibitions) bezalako produktu turistikoak garatzea nabarmentzen dira.
Sailburuak azaldu duenez, Euskadiko Jasangarritasun Turistikoko Planetara bideratutako Europako Funtsetan 80 milioi eurotatik ia 3 milioi Goierriri esleitu zaizkiola, Ordiziako harrera-azpiegiturak hobetzeko eta eskualdeko eskaintza gastronomikoa indartzeko. Gainera, 1,3 milioi euro bideratu dira Donejakue Bideari lotutako ondarea balioan jartzera, baliabide enblematikoei mesede eginez, tartean Igartzako Monumentu Multzoa, Iriarte Erdikoa etxea Ormaiztegin eta Lardizabal jauregia Seguran.
Urteurren honen ospakizunak inflexio-puntu bat markatzen du eskualdearentzat, erreferentzia izatera eraman duen anbizio berritzaile berarekin begiratzen baitio etorkizunari. “25 urte hauek hasiera baino ez dira. Elkarrekin, turismo jasangarria, lehiakorra eta gure komunitatearen zerbitzura dagoena eraikitzen jarraituko dugu”.