Lehen sektorea eta landa-ingurunea sustatzen dituen hezkuntza-ekimen bat, eta abeltzaintza eta natura-ondarearen kontserbazioa uztartzen dituen proiektu bat, Landaola sarien 8. edizioaren irabazleak

0

Beste urte batez, Landaolak Gipuzkoako Landa Garapeneko Elkarteen Federazioak lurraldeko landa-garapeneko proiektu eta eragile nabarmenenei sariak banatu dizkie. Lau sari eman dira erakunde pribatuaren proiektuaren, erakunde publikoaren proiektuaren eta landa-inguruneko emakumeen kategorietan, eta, azkenik, ibilbide oso baten saria.

Joseba Terreros Eusko Jaurlaritzako Landa Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak sari-banaketan parte hartu du, eta azpimarratu du oso garrantzitsua dela gizartearentzat, oro har, gure herrietan egiten diren ekintzen potentzialaren eredu delako eta ekintza horiek garrantzi handia dutelako Euskadiko landa-ingurunean bizi diren pertsonen bizi-kalitatearen garapenean.

Federazioa osatzen duten Landa Garapeneko sei elkarteak dira erakunde publikoen eta erakunde pribatuen ataletan hautagaitzak proposatzeaz arduratzen direnak. Proiektu irabazleak aukeratzerakoan, aintzat hartzen da landa-munduan eta bertako biztanleengan eragina duten proiektuak izatea, enplegua sortzea eta landa-garapeneko elkarteekin lankidetzan aritzea.

Aurten, proiektu hauek saritu dira:

Naiara Uriarte eta Xabi Abasoloren Errastiko Eskola «erakunde pribatuentzako sari» kategorian. Arrasateko Bedoña auzoan kokatutako hezkuntza proiektua da, lehen sektorea eta landa ingurunea ezagutzea eta sustatzea helburu duena. Ikasleek, naturarekin harreman zuzenean, iraunkortasuna eta biodibertsitatea lantzen dituzte modu praktikoan eta ludikoan. Eskolako jarduera nagusietako bat Errastiren okindegia da. Bertan, ogi eta gozoki ekologikoak eskuz egiten dira egur-labean.

«Erakunde publikoen saria» kategorian, Legazpiko Udala izan da irabazlea, «Arrobi: erabilera tradizionalak eta natura-ondarearen kontserbazioa uztartuz» proiektuagatik. Proiektua Arrobiko Abeltzainen Elkartearekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Etorlurrekin, Naturzaindiarekin eta Paisaia Fundazioarekin lankidetzan garatu da. Proiektu honen helburu nagusia Arrobiko habitatak babestea eta abeltzaintza tradizionalarekin konbinatzea da, naturaren eta landa-jardueren arteko oreka bilatuz. Horretarako, ameztien azalera handitzea, larre eta basoen osasuna hobetzea, espezie mehatxatuak babestea eta zohikaztegiak berreskuratzea dira lan-ildo nagusiak. Gainera, abere-zama egokituz, larreen erabilera jasangarriaren alde egiten da. Ekimena adostasunean eta lankidetzan oinarritzen da, abeltzaintza eta ingurumenaren zaintza uztartuz.

Landa eremuko emakumeen saria Josebe Lizeagak jaso du, eta ibilbide oso baten saria Manuel Odriari (Azpeitia, 1943) eman diote. Ibilbide luzea izan du landa-ingurunearekin, lehen sektorearekin eta erakundeekin lotuta.

Landaola Federazioa landa ingurune iraunkorra bermatzeko eta sustatzeko helburuarekin sortu da. Irabazi asmorik gabeko elkarte hau Gipuzkoako Landa Garapenerako sei elkarteetako ordezkariek osatzen dute: Behemendi, Deba-Garaia, Debemen, Goimen, Tolomendi eta Urkome.