Eusko Jaurlaritzak 2.100.000 euro bideratuko ditu Euskadiko merkataritzaren dinamizazio eta lehiakortasunera

0

Gobernu Kontseiluak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren agindu bat onartu du, merkatarien elkarteen jarduera bultzatzeko Hirigune laguntzak emateko deialdia egiten duena.

Guztira, 2.100.000 euro bideratuko dira laguntza horiek finantzatzeko, eta Hirigune 2025 programaren helburua hau da: hiri-merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzea, EAEko merkataritza-sektorea biziberritzeko. EAEko merkataritza-elkarteen sareari eta merkatarien elkarteen, merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzuetako elkarte mistoen eta hiru hiriburuetako hiri-merkataritzako plataformen jarduketei lagundu nahi zaie.

Aurrekontuz hornituko diren proiektuek lan partekatua eta enpresen arteko lankidetza sustatuko dute, sektorea eta haren modernizazioa hobetu eta indartuko duten jarduerak bultzatzeko. Giro komertzial bizia eta pizgarria sortzea sustatu behar dute, tokiko eta hurbileko merkataritza ikusarazteko, eta irtenbide berriak sustatu behar dituzte, merkataritza-sektorearen modernizazioa, digitalizazioa eta teknologien erabilera bultzatzeko, bai eta merkaturatze-kanal guztietan presentzia izateko ere.

Laguntza horien onuradun izango dira merkatarien udal-elkarteak, elkarte mistoak eta hiri-merkataritzaren plataformak, elkarte multzoak edo elkarteak. Aurreko edizioan bezala, Hirigune deialdia lehiarik gabeko norgehiagokaren modalitatean egingo da. Sistema hori erabiltzeak zera bermatzen du: laguntza onuradun izateko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten erakunde guztien artean banatzea, lurralde-banaketa handiarekin.

Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da (martxoaren 26rako aurreikusita dago), eta hilabete geroago amaituko da.