Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredoren ustez, «Ekonomia Urdina euskal itsasertzaren garapenerako bermea da». Gaur goizean, Xabier Basañezekin, Irantzu Allende Trantsizio Energetikoko sailburuordearekin eta Cristina Múgica Bizkaiko Lurralde Lehiakortasuneko eta Kanpo Sustapeneko foru zuzendariarekin batera, World Maritime Week-en irekiera ekitaldian parte hartu du. World Maritime Week Barakaldoko BECen egingo da, bere lau sail espezializatuekin: Eurofishing, Sinaval, Future Port eta Marine Energy.
«Eurofishingek Munduko Itsas Aste honetan lantzen dituen zeharkako lau gai nagusien artean, Ekonomia Urdina eta Garapen Iraunkorrean duen eginkizuna, Itsas Industriaren Deskarbonizazioa, Digitalizazioa eta Lehiakortasuna, guztietan, Arrantza Sektorea, ontzijabeekin eta Merkataritza Sektorearekin batera, dira protagonistak» adierazi du Amaia Barredok.
Amaia Barredo sailburuaren arabera, «gure arrantza- eta merkataritza-nabigazioko sektoreak, Europako Atlantikoko fatxada osokoak bezala, Ekonomia Urdinaren parte dira, eta zeregin nabarmena dute, erauzketa-, garraio- eta aisialdi-sektore osoa hartzen duen garapen ekonomikoaren eta balio-katearen sustatzaile gisa».