‘Ça colle au basque’, (hitzez hitz “euskalduntasunari itsasten zait”, burutik kendu ezin duzun zerbaiti erreferentzia egiteko frantsesez erabiltzen den esamoldea) du izena Etxepare Euskal Institutuak datozen lau urteetarako aurkeztu duen ekimenak. Euskal kulturaren proiekzioa frankofoniaren eremuan indartzea du helburu; frantsesa hizkuntza komun duten 321 milioi pertsonak osatutako kultura, nortasun eta hizkuntzen mosaikoa.
Proiektua gaur goizean aurkeztu da Getariako Zarautz Jauregian, kultur sektoreko eta erakundeetako 50 bat ordezkarirekin egindako lan-saioan. Bertan hartu dute parte Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Maël Solen Picard Quebecek Bartzelonan duen Bulegoko zuzendariak, Yves Kordian Malandain Ballet Biarritzeko zuzendari ondokoak eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak.
Bengoetxeak adierazi duenez, “Euskadik begirada nazioartean jarri nahi du, gure ahotsa erabakiak hartzen diren guneetan entzutea nahi du”. Halaber, Etxepare Euskal Institutua “Euskadi Globala estrategian kultura eta euskararen motorra; munduan nor garen azaltzen duen pieza” izatea nahi duela adierazi du. «Eragileen arteko maila ezberdinetako lankidetza» eskatu du sailburuak, «mugaz gaindiko kooperazioa sustatu, sareak sendotu eta gure nortasuna unibertso frankofonoan zabaltzea” bilatzen duen “epe luzeko proiektua» bultzatzeko.
Larrazak berriz, esan du datozen lau urteetan Institutuak “frankofoniaren eremu anitz eta zabal horretan” eragin nahi duela, “guri buruzko ezagutza handitzeko asmoz eta lankidetza berriak sustatzeko ilusioz”. “Eta baita ere, historian zehar hegemoniak marraztutako mapetan sorkuntza eta hizkuntza gutxituok dugun lekuaz eta garrantziaz elkarrekin hausnartzeko”, gaineratu du.
Horretarako, Etxepare Euskal Institutua lurralde frankofono desberdinetako erakundeekin loturak sortzeko, garatzeko eta sendotzeko lanean ari da, komunitate horren nazioarteko proiekzioa aprobetxatuz.
Ekimenak, halaber, euskararen ezagutza eta prestigioa sustatzearen alde egiten du, esparru akademikoan euskararen hedapena bultzatuz, sortzaile eta unibertsitateen artean sinergia berriak sortuz, eta egoera diglosikoan dauden hizkuntzen eta hauek hizkuntza hegemonikoekin dituzten harremanen testuinguruan euskararen errealitateari balioa emanez.
Frankofonia xede
Hizkuntza, kultura eta identitateen mosaiko zabal eta anitza da frankofonia; frantsesa hizkuntza komun duten 321 milioi laguneko komunitate plurala, bost kontinenteetan banatuta dagoena. Gainera, frantsesa munduko bosgarren hizkuntzarik mintzatuena da. 2025etik aurrera, Etxepare Euskal Institutuak errealitate hori aztertu nahi du, euskararen gaineko ezagutza eta euskal kultura sustatzeko, eta gure kultura-eragileentzat lankidetza-aukera berriak bultzatzeko.
2018az geroztik, Institutuak Kultur Konexioak izeneko ekimenak garatu ditu. Epe luzeko ekimen horien bidez, harremanak estutzea, sortzaileen eta kultura-eragileen arteko lankidetza indartzea, eremu kultural eta akademikoan hartu-emana bultzatzea, eta Euskadiren profila indartu eta kultura- eta sormen-sektorearentzat posizio on bat ezartzen laguntzea xede duten jarduerak sustatzen ditu, Euskadiren kanpo harremanetan lehentasunezkotzat jotzen diren eskualde eta herrialdeetan.
Kultur Konexioen esparruan garatutako aldebiko proiektuak ez bezala, ‘Ça colle au basque’-ek, lurralde zehatz batetik haratago, bost kontinenteetan barrena zabaltzen den unibertso bati begiratzen dio, maila ezberdinetako aliantzak eta proiektu multilateralak gauzatzea ahalbidetuko dituena.
Lau lan ildo
‘Ça colle au basque’ ekimena lau ardatzen bidez garatuko da. Lehenik eta behin, Etxepare Euskal Institutuak frankofoniaren eremuan jada bultzatzen dituen dinamika eta proiektuetan euskararen eta euskal sorkuntzaren presentzia sendotuko da, besteak beste, Québec en toutes lettres (Quebec, Kanada), Fest ‘Arts (Libourne, Frantzia) edota Foire du Livre de Bruxelles (Brusela, Belgika) jaialdietan.
Bigarrenik, finantzaketa-ildo berriak bultzatuko dira, euskal sortzaile eta eragileek lurralde frankofonoetako erreferentziazko azoka, jaialdi eta ekitaldi kultural eta artistikoetan parte har dezaten errazteko, baita haien argitalpen-sisteman presentzia izan dezaten bultzatzeko ere. Ekimen nabarmenen artean daude frankofoniaren eremuan gauzatuko diren euskal literaturako argitalpen-proiektuetarako finantzaketa-lerroa edota arte eszenikoen azoketan parte hartzeko laguntza espezifikoak ere, hala nola Cinars Biennale (Montreal, Kanada) eta Rideau: L ‘Association professionnelle des diffuseurs de spectacle (Quebec, Kanada). Gainera, 2026rako ‘Itzultzaile Berriak – Nouveaux Traducteurs’ proiektuaren edizio berri bat aurreikusten da, atzerrian euskal literaturako itzultzaile sare bat sortzea helburu duena. Edizio horretan, frantseserako itzulpenean egongo da fokua.
Hirugarrenik, Ipar Euskal Herriko eragile kultural eta instituzionalekin lankidetza indartuko da. Euskal kulturaren eta kultura frankofonoaren arteko zubi naturala dira, eta unibertso horretara sarbide bihurtzeko potentzial handia dute, errealitate linguistikoa eta egitura instituzionala partekatzen baitituzte. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da Etxepare Euskal Institutua Malandain Ballet Biarritzekin Maitaldia jaialdiaren baitan garatzen ari den proiektua, euskal ekoizpen eszenikoak frankofoniaren unibertso osoko programatzaileei hurbiltzeko.
Azkenik, ‘Ça colle au basque’ ekimenari esker, Etxepare Euskal Institutuak lantzen duen esparru akademikoa indartu ahal izango da, erreferentziazko unibertsitateetan euskara eta euskal ikasketak zabaltzeko aukera berriak sortuz. Institutua Sorbonne eta Sorbonne Nouvelle unibertsitateekin ari da lanean, azaroan, Parisen, frankofoniako testuinguru soziolinguistiko diglosikoetako itzulpenari buruzko kongresu bat antolatzeko.
Kultura-sektorearen ordezkaritza zabala
‘Ça colle au basque’ topaketa profesional batekin hasi da, Getariako Zarautz Jauregian, eta jada egitasmoaren parte diren kultur eragile eta erakundeek hartu dute parte bertan. Datozen hilabeteetan sareak ehuntzen jarraituko duen ekimen ireki baten lehen urratsa izan da.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, mugaren bi aldeetako kultur eta sormen ehunaren parte diren profesionalak, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko ordezkari instituzionalak, Euskadik Parisen eta Bruselan dituen ordezkaritzak, Euskal Hirigune Elkargoa, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea, Sorbonne eta Bordeaux Montaigne unibertsitateak eta EuroBasque.
Gainera, lehen lan-saio honetan, proiektuan jada lanean ari diren hainbat eragilek ere hartu dute parte (Malandain Ballet Biarritz, Scène Nationale-Sud Aquitaine, Euskal Kultur Elkargoa), eta datozen hilabeteetan bazkide berriak gehituko zaizkie.
Etxepare Euskal Institutua
Etxepare Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoa da. Euskara eta euskal kultura eta sorkuntza nazioartean proiektatzeko, eta horien bidez beste eskualde, herrialde eta kultura batzuekin harreman iraunkorrak eraikitzeko egiten du lan. Horretarako, kalitatezko jarduera artistikoak sustatzen ditu, eta kulturaren alorreko sortzaile, artista eta profesionalen mugikortasuna bultzatzen du. Euskal ikasketak ere bultzatzen ditu eremu akademikoan. Era berean, nazioarteko eragileekin lankidetza sustatzen du, bai kulturaren arloan, bai esparru akademikoan.