Mugaz gaindiko garraio publikoa sustatzeko eta Europako trenbide-espazio bakarra ezartzeko proiektu europar baten buru da Eusko Jaurlaritza
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuak bi eguneko bidaia hasi du asteazken honetan Alemaniara, Herbehereetara eta Belgikara, Europako eskualdeen artean mugaz gaindiko mugikortasun jasangarria nola bultzatzen den analizatu eta partekatzeko, arreta garraio publikoan jarrita, bereziki trenbidekoan. Eusko Jaurlaritzako Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoa buru duen Crosusmob proiektu europarraren esparruan, euskal ordezkaritzak mugikortasun jasangarria sustatzeko abian dituen proiektuak partekatu ditu Frantzia, Eslovenia, Hungaria, Alemania eta Herbehereetako administrazio publikoekin eta I+G zentroekin.
Lan-jardunaldiaren irekieran, Aachen-en (Alemanian), Garcia Chuecak hau nabarmendu du: “Europako garraio-politiketarako une garrantzitsuan gaude; 2050. urtea helburu hartuta, Europar Batasunak anbizioz bilatzen du neutraltasun klimatikoa, eta, hori lortzeko, gure mugikortasun-sistemen eraldaketa desiragarri ez ezik, funtsezko ere bihurtu da”. Sailburuak hau baloratu du Euskadi buru duen Crosusmob proiektuari buruz: “adibide argia da Europako eskualdeetatik (EBren balioetako batetik) nola lan egiten ari garen ikusteko, egunerokoan Batasunaren esentzietako bat gauzatzeko, hots, herrialdeen arteko oztopoak ezabatzea; ez zait bururatzen hori egiteko modu hoberik garraio publiko jasangarriaren erabilera errazteko lan egitea baino, mugak zeharkatuta ere”.
Crosusmob: Fostering Cross-border Sustainable Mobility proiektua lau urtean zehar garatzen da, Interreg Europe programari esker sustatu da eta EGEF funtsen bidez finantzatuta dago, trenbide-garraio publikoan mugikortasun jasangarriko soluzioen bidez herrialdeen arteko mugikortasun-jardunbide egokienak mahai gainean jartzeko. Gaur egun, bidaiarien trenbide-trafikoaren % 7 baino ez da mugaz gaindikoa, eta proiektuaren helburua da eskualde- eta estatu-politikak hobetzea Europako Trenbide Espazio Bakarra ezartzeko, helburu hartuta hesiak ezabatzea eta garraio jasangarria aukera erraza, eskuragarria eta ibilgailu pribatuarekin lehiatzeko bezain moldakorra izatea. Helburu hori (adituak bat etorri dira halakotzat identifikatzean) oso-oso konplexua da mugaz gaindiko eskalan, instituzioen, kudeaketa-ereduen eta are hizkuntzen aniztasunagatik.
Aachen hiriko lehen lan-jardunaldi honetan, sailburuak lehen eskutik ezagutu du Drielandentrein, hiru herrialdetako trena, 2024ko udan osatu den eta gaur egun Alemaniako hiri hori, Maastricht (Herbehereak) eta Lieja (Belgika) konektatzen dituen proiektua. Tren horrek (Limax izenaz ere ezagutzen da) ordu oroko maiztasuna du, eta helburu du erraztea hiru herrialdeetako mugako hiru hirien arteko lekualdaketa arinak eta tren-aldaketarik gabeak, lanagatik edo prestakuntzagatik egiten direnak.
Bileran, Eusko Jaurlaritzak eta ETSk ez ezik, hauek parte hartu dute: Aachener verkehrsverbund (Alemaniako Aachen-eko garraio-agintaritza, Akisgran-eko garraio publikoa antolatzen duena), Region SUD edo Provence-Alpes-Cote d’Azur (Frantzia), Prometni Institut (Esloveniako Garraio Ministerioaren mendeko enpresa, mugikortasunaren arloko I+G proiektuak eta ikerketak bultzatzeaz eta trenbide-arloko erakunde teknikoei laguntzeaz arduratzen dena), Drenthe probintziako gobernua (Herbehereak) eta KTI Hungarian Institute for Transport Sciences and Logistics (estatuaren jabetzako erakundea, Hungariako Eraikuntza eta Garraio Ministerioarentzat ikerlanak egiten dituena).
Aachenekoak bigarren lan-jardunaldiak dira, joan den urrian Euskadin egindako lehen topaketaren ondoren. Bertan, Europako herrialdeetako ordezkariak hurbildu ziren Autonomia Erkidegoaren mugikortasunaren errealitatera, Frantziarekin duen mugaz gaindiko izaerara eta bertako idiosinkrasiara (garraio publikoko operadoreen aniztasunari, orografiari eta abarri dagokienez), baita gauzatzen ari diren azpiegituren proiektuetara eta garraioaren plangintzara ere.