Lehendakariak dei egin dio Espainiako Gobernuari, gaur goizean, Euskal Autonomia Erkidegoak bere ahalmen elektrikoa handitzeko behar adinako konpromisoa har dezan. ”Espainiako Gobernua inplikatu egin behar da euskal sare elektrikoaren ahalmena handitzeko. Ezkutuko gaitasunak desblokeatuz egin behar du; hau da, eskuragarri dauden megawattak aktibatuz eta erabakitasunez inbertituz potentzia handieneko garraio- eta banaketa-sareetan”, esan du.
Imanol Pradalesen eskaera, altzairugintzako zepetatik eratorritako asfalto jasangarria sortuko duen eta Arabako Murga herrian kokatuta dagoen Estatuko lehen instalazioaren eta bakarraren inaugurazioan egin du. Enpresa hori SteelPhalt™ da, Harsco Environmentalen jabetzakoa. Era horretan, enpresak Euskal Autonomia Erkidegoaren aldeko apustua sendotzen du, orain arte Erresuma Batuan bakarrik jarduten zuen fabrikazio-eredu aitzindari hori nazioartekotzeko munduko lehen zentro gisa.
Instalazio berrietara —30.000 metro koadroko barruti batean kokatuak daude eta 15 pertsonari emango die lana— egindako bisitan, Lehendakariak honako hauek izan ditu ondoan: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregi, Arabako diputatu nagusi Ramiro González, Aiarako alkate Prudencio Otegi, Ekonomia Zirkularrerako ordezkari Alejandro Dorado eta Espainiako Gobernuaren ordezkari Marisol Garmendia. Enpresaren aldetik, Lehendakariaren aldamenean egon dira Harsco Europa Hegoaldea & SteelPhalt-eko Eragiketen zuzendari Mikel Barandalla, Europa Harsco Stephane Boissinot Eragiketen presidente Stephane Boissinot eta Aceros Olarrako Erosketen, Energiaren eta Jasangarritasunaren zuzendari Ibon García de Vicuña.
Imanol Pradalesen ustez, Europako berrindustrializazio-prozesuak aukera berrien garai bat zabaldu du Aiaraldea bezalako industriaguneentzat, eta Euskal Autonomia Erkidegoak hori baliatu behar du. «Gaitasun horiei ahalik eta etekin handiena atera behar diegu, buruarekin jokatuz. Lehiakortasunean abantaila lortzeko, eta trantsizio ekologiko ordenatu, orekatu eta bidezkoa ahalbidetzeko. Deskarbonizazio-prozesuak azkartu behar ditugu. Azkarrago joan behar dugu, bai, baina sektore, jarduera eta pertsona bat bera ere atzean utzi gabe», berretsi du, eta bide horretan energia-hornidura erabakigarria dela gaineratu du.
Horregatik, Espainiako Gobernuari dei egin dio sare elektrikoaren ahalmena handitzeko inplikatzera, Euskal Autonomia Erkidegoak bere industria deskarbonizatu eta elektrifikatu ahal izan dezan, eta zerrendan dauden proiektu industrial eta digital guztiei berme osoz aurre egin ahal izateko. «Unea irakurtzea eta horri heltzeko borondate politikoa izatea da kontua«, azpimarratu du.
«Industria sendo bat garatuz lortu dugu, mendez mende, Herri gisa haztea eta gure ongizatea bermatzea. Jakin izan dugu merkatuen eta teknologiaren eskakizunetara egokitzen eta zailtasunak gainditzen. Asmatu dugu industria ehuna berritzerakoan. Orain, bizi dugun une historikoan, eta Europak bizi duen bidegurutzean, eraldatze horretan aitzindari izatea dagokigu, berriz ere. Argi dugu zein den bidea: industria gehiago eta industria hobea. Proiektu honek bete-betean egiten du bat helburu horrekin, eta deskarbonizazioaren palankarekin.», esanez amaitu du Lehendakariak.