Teknologia-zentroko arduradun berriak lan egingo du nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza sektoreekiko hurbiltasuna entzute aktiboaren eta parte hartuzko ikerketaren bitartez indartzeko
Eusko Jaurlaritzak Olatz Unamunzaga izendatu du NEIKER teknologia-zentroko zuzendari nagusi berria. Entitate hori Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendekoa da. Izendapenak indartu egiten ditu NEIKERen berrikuntza-estrategia eta Euskadiko nekazaritzako sektorearekiko lotura, eta bultzatu egiten du nekazaritza eta abeltzaintzako jakintzaren transferentziarekin nahiz garapen jasangarriarekin duen konpromisoa, alderdiok funtsezkoak baitira nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasunerako.
Unamunzaga Biologian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Nekazaritza Zientzietan doktorea Zaragozako Unibertsitatean. Ibilbide nabarmena du elikagaien sektorearen ikerketan eta kudeaketan. NEIKERen lan egin du hamarkada batean baino gehiagoan, eta bertan funtsezko postuak bete ditu Berrikuntza eta Teknologiako arduradun gisa. Kargu horretan, proiektu estrategikoak zuzendu ditu nekazaritzako sektorearen modernizazioa eta jasangarritasuna lortzeko, adibidez GEN i AGROALAVES izeneko proiektu sektoriala.
Unamunzagak prestakuntza osagarria du enpresa-zuzendaritzan (MBAe3), eta nabarmentzen da lidergo, proiektu-kudeaketa eta komunikazio efektiborako duen gaitasunagatik. Konpetentziok funtsezkoak izango dira NEIKERen buru beteko duen aro berriari ekiteko.
Kargua hartuta, zuzendari berriak NEIKER sendotu asmo du nekazaritzako elikagaien ikerketako erreferente gisa, eta nekazaritzako sektoreari eginiko ezagutza-transferentzia indartu nahi du. «NEIKER egoera ezin hobean dago, eta % 80tik gorako arrakasta-tasak ditu askotariko deialdietan. Lorpen horrek lantaldea bikaina dela erakusten du, baina haratago joan behar gara: gure ikerketa azken nekazari, abeltzain eta basogileari iristea lortu behar dugu», esan du Unamunzagak.
Bere aurrekoak, Leire Barañanok, utzitako ondareari jarraituz, Unamunzagak lehentasuntzat du sektorearekiko harremana estutzea entzute aktiboaren eta parte hartuzko ikerketaren bitartez, nekazaria berrikuntzaren erdigunean jarrita. «Nahi dugu gure lanak benetako eragina izan dezan nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasun eta jasangarritasunean, haien premiei erantzuten dieten tresnak eta irtenbideak emanez», zehaztu du.
Izendapen honekin, NEIKERek berretsi egiten du ikerketa-bikaintasunarekin eta ezagutza-transferentziarekin duen konpromisoa, nekazaritza eta abeltzaintzarako etorkizun jasangarri eta lehiakorragoa lortze aldera.
NEIKERi buruz
Basque Research & Technology Alliance (BRTA) aliantzako kidea da. Teknologia-zentro bat da, espezializatuta nekazaritzako elikagaien eta basogintzako sektoreetarako irtenbide berritzaileak sortzen. NEIKERen lan-ildo nagusiak: 4.0 nekazaritza bultzatzea sektorearen barruan; etxaldeen jasangarritasuna eta lehiakortasuna garatzea; nekazaritzan eta abeltzaintzan klima-larrialdiaren ondorioak arintzeko alternatibak bilatzea, eta bioekonomia sustatzea. Eta hori guztia One Health ikuspegiaren bidez, animalien, ingurumenaren eta pertsonen osasunaren arteko interrelazioari zeharka helduz. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko erakunde gisa, NEIKERen jarduerak helburutzat du erantzuna eta babesa ematea Eusko Jaurlaritzak EAEko nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako sektorea sustatu, garatu eta kudeatzeko diseinatzen dituen estrategiei.