World Maritime Week 2025 topaguneak itsas industriaren Europako hiriburu bihurtu du Euskadi

0

World Maritime Week 2025 topaguneak zabaldu ditu ateak BECen. Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak, Irantzu Allende Trantsizio Energetikoko sailburuordeak eta Cristina Mugica Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasunerako eta Kanpo Sustapenerako zuzendariak inauguratu dute ekitaldia, Euskal Itsas Foroa, UniportBilbao eta Energiaren Klusterra industria-klusterren ordezkariekin batera.

Martxoaren 19tik 21era egingo den Maritime Week 2025 topaketari esker, Europako itsas industriaren hiriburu bihurtuko da Euskadi, eta nazioarteko lau kongresu egingo ditu: ontzigintzari buruzkoa (Sinaval), arrantzari buruzkoa (EuroFishing), portuei buruzkoa (FuturePort) eta ozeanoko energia berriztagarriei buruzkoa (Marine Energy Week).

Irekiera ekitaldian, Irantzu Allende sailburuordeak itsasoarekin lotzen den industria-sektorearen garrantzia nabarmendu du. Batetik, ontzigintzari erreparatuta, «Euskadiren erronka nagusia itsas garraioaren deskarbonizazioa da. Berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren alde egindako apustu handiari esker, ontzioletan jada egiten ari dira zero emisioko ontziak. Emisioen % 32 garraioan sortzen dira, eta, beraz, lehentasuna du itsasoan zeharreko garraio-sektore horretarako deskarbonizazio-soluzioetan aurrera egitea».

Portuen arloan, Allendek Bilboko portuak jasangarritasunaren alde egindako apustuaren garrantzia nabarmendu du. «Arku atlantikoko portu nagusietako bat izateaz gain, jasangarri izateko erronka duen lehen mailako industria- eta logistika-ekosistema da. Kaien elektrifikazioan lan egiten ari gara, porturatuta dauden itsasontzien motorrak itzali eta energia berriztagarriaz hornitu daitezen eta, hala, CO2 isuriak murriztu daitezen. Gainera, URA – Uraren Euskal Agentziaren bitartez, asmo handiko proiektu bat garatzen ari gara, portu-eremu osoak saneamendua izan dezan, eta, hartara, itsasora orotariko industria-isurketarik egin ez dadin eta isurketak araztegira bidera daitezen. Sistema hori izango duen Estatuko lehen portua izango da».

Azkenik, sailburuordeak itsasoko energia berriztagarrien arloan aditzera eman duenez, «deskarbonizazioa ez da posible izango, berriztagarrien aldeko apustu irmoa egin ezean, eta horretan itsas energia eolikoak funtsezko garrantzia du. Euskadi berriztagarrien arloko erreferentzia da nazioartean, parke eoliko bat diseinatu, eraiki eta jarduteko gai baikara, izan onshore, izan offshore edo flotagarria —horretarako % 100 teknologia propioa erabil dezakegu—.Herrialde gisa, puntako itsas sektore energetikoa dugu, eta bat dator Eusko Jaurlaritzak finkatu dituen hiru helburuekin: industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago».