Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak esperientziak partekatu ditu Liejako tranbiako arduradunekin

0

Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak, ostegun honetan, tranbia-sistemen ezarpenari, hedapenari eta kudeaketari buruzko esperientziak partekatu ditu Lieja hiriko (Belgika) garraio publikoa kudeatzeaz arduratzen den Transports En Commun enpresako arduradunekin; eta Urtzi Montalvo, CAFeko Irtenbide Integratuetako eta Sistemetako zuzendari nagusiarekin, hiri honetako tranbien eraikuntzan eta mantentze-lanetan parte hartzen du.

Garraio-arduraduna Alemaniako Ipar Renania-Westfalia estatuaren eta Belgikako Valonia eskualdearen artean dabil egunotan, mugikortasun jasangarria sustatzeko mugaz gaindiko Crosusmob Europako proiektuaren barruan. Euskadik, Euskal Trenbide Sarearen bidez eta bazkide nagusi gisa, parte hartzen du proiektu horretan, Europako beste bost herrialdetako erakundeekin batera.

Aachen hiria bisitatu ondoren, sailburuak esperientziak eta proiektuak partekatu ditu gaur Liejako tranbiaren arduradunekin. García Chueca sailburuak oso azpiegitura moderno baten funtzionamendua ezagutu du. Sortu zenetik hamarkada batean baino gutxiagoan, Mosa ibaian zehar 11 kilometroko luzera hartu du, eta guztira 23 geldialdi ditu. Egun hauetan, hiriak martxa zuri deituriko bidaiaririk gabeko probak egin behar ditu, datozen asteetan tarte berriak martxan jarri aurretik.

Bisitaldia bat dator Vitoria-Gasteizko zein Bilboko tranbietako lineak handitzearekin. Arabako hiriburukoak 6 kilometro gehiago izango ditu eta 12 geraleku berri, eta Bilbokoak 2,4 kilometro gehiago eta 5 geraleku berri. “Euskaditik kanpo linea berriak nola ezartzen ari diren ikusteak lagundu diezaguke gure azpiegituren inguruan erabakiak hartzen. Liejaren kasuan bezalaxe, nabarmen handituko dira Bilboko eta Vitoria-Gasteizko tranbiak Zorrotzaurrerantz eta Zabalganarantz, hurrenez hurren, eta kilometro eta geraleku gehiago izango dituzte”, aditzera eman du sailburuak.

García Chueca sailburuak Euskadin garraiobide publikoetan bidaiatzeko dauden hiru txartelen elkarreragingarritasuna gauzatzeko eta aplikatzen ari diren deskontu-sistemak burutzeko egiten ari diren lanak azaldu ditu, baita Eusko Jaurlaritzaren bultzadarekin autonomia-erkidegoko garraiobide publiko guztietan ezarri berri den 12 urtetik beherakoentzako doakotasuna gauzatzeko lanak ere.

Sailburuak, gainera, Belgikako hiriak mugikortasun jasangarriaren arloan dituen proiektuekiko interesa agertu du, hala nola, bizikletentzako aparkalekuak eraikitzea tranbiaren ibilbidean zehar edo ibilgailu pribatuentzako bi disuasio-aparkaleku handi eraikitzea. “Liejak tranbiaren protagonismoa berreskuratu du, desagertu eta mende erdi baino gehiago igaro ondoren, eta esperientzia horrek erakusten du etorkizuna duen eta mugikortasun jasangarrirako trantsizioan funtsezkoa den garraiobidea dela. Hiriko agintariek pentsatu dute ibilgailu pribatuek eragiten zuten pilaketari irtenbidea emateko formularik onena zela, eta Eusko Jaurlaritzak apustu hori berretsi nahi du Vitoria-Gasteizko eta Bilboko tranbia sarea zabaltzearekin”, azaldu du García Chueca sailburuak.

Crosusmob proiektuan finkatutako beste helburuetako bati, digitalizazioa sustatzeari, erreparatuta, sailburuak Belgikako agintariekin partekatu du Sailak MovEuskadi aplikazioa abiaraztearekin izandako esperientzia. Aplikazio horrek 30.000 deskarga baino gehiago izan ditu, eta telefono mugikorretik denbora errealean ibilbideak sortzeko aukera ematen du, eta garraio publikoaren erabilera erraztu. Era berean, azaldu du Euskadiko mugikortasunerako biki digitalaren sorreran ere aurrera egiten ari dela. Horri esker, eta datu askoren bidez, denbora errealean monitorizatu ahal izango da trafikoa, eta simulazioak egiteko aukera izango da. Epe laburrean —hurrengo minutuetan— trafikoak zer joera izango duen behatzeko aukera emango du, baita aldaketak gertatzen diren kasuetan zer joera izango duen ere (adibidez, garraio publikoko beste zerbitzu bat sartuz gero edo mugikortasun-azpiegitura jakin bat itxiz gero).

Era berean, Belgikako tranbia-operadorearen ordezkariekin partekatu du Vitoria-Gasteizko eta Bilboko tranbia kudeatzeko SICOGEN sistema berria, Aste Santutik aurrera Bizkaiko hiriburuan probatzen hasiko dena. Tresna horrek zerbitzu-etenen kudeaketa erraztuko du —ustekabeko etenak izan zein programatutako etenak izan—, gorabeherak gertatzen direnean ibilbideak automatikoki birkonfiguratzeko gai izango baita. Sailburuak, halaber, adierazi du bere saila ahaleginak egiten ari dela Europako ERTMS segurtasun-sistema berria trenetan eta bide-azpiegituretan ezartzeko. Sistema hori datorren urtean jarriko da martxan Gipuzkoan.

“Digitalizazioa eta teknologia berriak nabarmen hobetzen ari dira Euskadiko garraio publikoaren kalitatea; izatez, efizienteago, seguruago, jasangarriago eta erabiltzaileentzat irisgarriago bihurtzen ari da. Helburua da garraio publikoaren esperientzia herritarrentzat gero eta erakargarriagoa izatea eta, garraiobidea aukeratzeko garaian, garraio publikoaren aldeko hautua egitea”, adierazi du sailburuak.

Lieja hiriak 200.000 biztanle inguru ditu, baina hirukoiztu egiten da metropoli-eremua kuantifikatuz gero. Belgikako hirugarren biztanle-gunerik garrantzitsuena da, eta, Herbehereetatik eta Alemaniatik gertu egonik, nazioarteko komunikazio-lotune garrantzitsua da.