Euri urak biltzeko sareak hobetzeko lanei ekin die Donostiak

0

Miramongo euri-uren bilketa hobetzea eta Morlanseko eta errekak birnaturalizatzea Next Generation funtsen bidezko finantzaketa dute bi proiektuek

Donostiako Udalak informazio-kanpaina bati ekin dio, donostiarrei saneamendu-sareak eta euri-uren bilketa-sareak hobetzeko egiten ari diren lanen berri emateko, hain zuzen ere hirian uholdeak izateko arriskua saihesteko.

Azken batean, sarea egoera onean mantentzea da helburua, hala, arazoak saihesteko. Testuinguru horretan kokatzen dira aurrekontu-zuzkidura handia duten bi jarduketa garrantzitsu: Miramongo euri-uren bilketa hobetzea eta Morlanseko eta Ibaetako errekak birnaturalizatzea. Next Generation funtsen bidezko finantzaketa dute bi proiektuek.

Miramongo proiektuaren helburua da egun euritsuetan ur-emarien kontrola indartzea, Anoetako eremuan ur-uholde handirik ez gertatzeko, eta ur horiek Urumea ibaira hobeto isurtzeko. Ildo horretan, Pakea eta Altzaerreka errekek daramaten ura metatuko duten bi urmael jarriko dira Miramonen. Urmael horiek 4 eta 6 metro arteko altuerako harri-lubetak izango dituzte, hormigoizko oinarria izango dute, eta goiko aldean landaredia (hesolak edo enborrak). Urmael horiek uraren emaria gordetzeko eginkizuna beteko dute, eta horiei esker, ura modu natural eta kontrolatuagoan askatu ahal izango da.

Lehenengo urmaela, 880 metro kubikokoa, Pakea errekan kokatuko da, saihesbidearen ondoan. Bigarrena Miramon pasealekuaren ondoan egongo da, eta 423 metro kubikoko biltegiratze-bolumena izango du. Jarduketa horrek 1,2 milioi euroko aurrekontua izango du, eta 5 hilabeteko epean egingo da obra.

Errekei dagokienez, haien ibilbidea birnaturalizatzeko ahalegina egin da; izan ere, azken hamarkadetan, hiriaren urbanizazioak aurrera egiten zuen heinean, hormigoizko geruzen azpian ezkutatuta egon dira.

Ibaetan, Next Generation funtsekin, Ibaetako errekan jardun da: haltzadi bat sortu da eta eremutik igarotzen den hezegunea berreskuratu da. Jarduketa horren aurretik, inguruko aparkaleku bateko hondakinak eta jariatze-urak kendu ziren, azkenean, bertako ur zikinak errekara isurtzen zirelako. Ibaiertzeko landaredia lehengoratzeko, landare inbaditzaileak kendu eta ibai-ekosistema lehengoratzeko jarduketak ere egin ziren.

Beste erreka Morlansekoa da, Arbaizeneatik jaisten den ibilguaren zatian, hormigoiaren azpitik doana tuneletik igarotzen den bidegorrira iristen denean. Jarduketa hau obra-fasean dago.

Maite dugun Donostia

Jarduketa horien publizitate-kanpaina bat egin da, oro har, jarduketa horiek lurpean egiten direnez, ez baikara haietaz ohartzen; baina jarduketa garrantzitsuak dira eta aurrekontu zuzkidura handia dute, Donostia hiria klima-aldaketaren ondorioetara egokitzen joateko. Publizitate-kanpaina otsailaren 24an hasi zen, eta Dbuseko autobus artikulatu baten kanpo-errotulazioan, 132 autobusen pantailetako mezuetan, kaleko 20 termometroetako pantaila digitaletan eta sare sozial eta digitaletan egongo da ikusgai.