BRTAk eta Deusto Business Schoolek arrakastaz amaitu dute zuzendaritza-prestakuntzako programaren bigarren edizioa

0

Bigarren urtez jarraian, BRTAk eta Deusto Business Schoolek “Building the Future Together” zuzendaritza-prestakuntzako programa egin dute. Ikastaro hori ikerketaren eta berrikuntzaren arloko kudeaketa indartzeko diseinatutako ikaskuntzarako eta networkingerako espazio bat izan da. Itxiera-ekitaldia gaur egin da Deustuko Unibertsitatearen Bilboko campusean, eta, horrekin, amaiera eman zaio sei hilabeteko prestakuntza intentsiboari.

BRTAko zentroetako 35 profesionalek hartu dute parte programan. Sei hilabetez, parte-hartzaileek zuzendaritza-trebetasunak garatzeko aukera izan dute, Donostiako eta Bilboko campusetan emandako aurrez aurreko eskolen bidez. Horrez gain, jarduera osagarriak ere egin dituzte, hala nola networking-bazkariak, aliantzako zentroetako liderrekin topaketak eta beren ingurune profesionalari aplikatutako talde-proiektu bat.

Amaiera-ekitaldian, berrikuntzaren eta kudeaketaren alorreko zenbait pertsona ezagunek hartu dute parte: Jaione Ganzarain, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea; Almudena Eizaguirre, DBS Executive Education-eko zuzendari nagusia; Rikardo Bueno, BRTAko zuzendari nagusia; Ciara O’Higgins, Estrategiako zuzendari akademiko rakaslea Deusto Business Schoolen;  eta Jordi Albareda, Deusto Business Schooleko irakaslea eta proiektu-zuzendaria.

Programa honekin, BRTAk eta Deusto Business Schoolek ikerketa eta teknologiaren kudeaketaren bikaintasunarekin duten konpromisoa indartzen da; ikastetxeen arteko lankidetza sustatzen da, eta Euskadiko I+G+Bko ekosistema sendotzen laguntzen.

 

BRTA

Basque Research and Technology Alliance (BRTA) 2019an sortu zen, eta haren kide diren zentroen helburua da ikerketan eta teknologian oinarritutako ezagutza euskal industriara eta enpresetara transferitzea, era horretan lurraldeko ekonomia indartzeko. Ikerketa kooperatiboko 4 zentrok eta 13 zentro teknologikok osatzen dute aliantza: CIC bioGUNE, CIC nanoGUNE, CIC biomaGUNE, CIC energiGUNE, Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Leartiker, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker eta Vicomtech.