Ekoetxea Añana-Sobron ingurumen zentro berriak ateak ireki ditu Uraren Mundu Egunean

0

Gaurtik aurrera, Eusko Jaurlaritzak Ihobe sozietate publikoaren bidez kudeatzen duen Euskadiko Ingurumen Zentroen Ekoetxea sareak gune berri bat izango du Lantarongo udalerrian. Arabako lehena da, eta Ekoetxea Añana-Sobron izena du. Zentro horrek ura du ardatz tematiko nagusi, Uraren Museo zaharrean kokatuta baitago, eta Euskadin Ekoetxea sarea osatzen duten lau zentroei batu zaie, hau da, Bizkaiko Urdaibai eta Meatzaldekoei eta Gipuzkoako Azpeitia eta Txingudikoei. Laster, sare horri beste gune bat gehituko zaio: Gatz Haraneko Ekoetxea Añana-Gatz Harana. Eta etorkizuneko zentro hori gaur Sobronen inauguratu den zentro honen osagarri izango da.

Honako hauek parte hartu dute inaugurazio ekitaldian: Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea, Adolfo Uriarte Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egoitzapenaren zuzendaria, Maria Jose Madeira Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen zuzendaria, Ruben Torremocha Añanako Kuadrillako presidentea, Koldo Salvidea Lantarongo alkatea eta Ainhoa Diez de Salazar, Ihobeko Ekoetxea Sarearen arduraduna.

Ingurumen sailburuordeak Ekoetxea Añana-Sobron berria ireki ahal izateko erakundeen artean izandako lankidetza nabarmendu du. «Proiektu honek administrazio guztiek jasangarritasunaren eta ingurumen hezkuntzaren alde duten konpromisoa islatzen du: Eusko Jaurlaritzak eta hango Ihobe eta URA erakunde publikoek, Arabako Foru Aldundiak, Añanako Kuadrillak eta Lantarongo Udalak».

«2024a errekorren urtea izan da gure ingurumen zentroen Ekoetxea sarearentzat. 140.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu dute lau zentroetako bat (horietatik 28.000 ikastetxeetatik etorritakoak), eta horrek erakusten du Euskadin ingurumen hezkuntzarekiko gero eta interes handiagoa dagoela», azpimarratu du Josu Bilbaok.

 

Uraren Mundu Eguna

Ekoetxea Añana-Sobron zentro berriak Uraren Mundu Egunarekin batera ireki ditu ateak (aurten «Glaziarrak zaintzeari» eskainia). Urteroko mugarria izaten da, eta horrekin ura zaintzearen garrantziaz kontzientzia sortu nahi da herritarrengan, gizakien bizitzarako eta Lurreko florarako eta faunarako funtsezko baliabidea baita.

Hain zuzen ere, Uraren Museo Zaharra Ekoetxea sarean sartzeak uraren arloko sentsibilizazio lanak handitzea ahalbidetuko du, eta Eusko Jaurlaritzako ingurumen zentroen sare osoari zuzendutako edukiak sortu eta zabalduko dira.

Helburua da herritarrak sentsibilizatzea eta urarekin dugun bizikidetzan eguneroko praktika eta ohiturak aldatzea; izan ere, oso esanguratsuak izan daitezke klima aldaketaren erronkei aurre egiteko gure lurraldearen erresilientziari begira.

Ildo horretan, Josu Bilbao Ingurumen sailburuordeak gogorarazi du “Euskadi lurralde pribilegiatua” dela “ura eskuratzeko aukera unibertsala bermatzeko, uraren hiri zikloaren kudeaketaren kalitatea bermatzeko edo ur ingurunea babesteko eta berreskuratzeko. Guztion erantzukizuna da –erakunde publiko, enpresa eta herritarrena–, elkarlanean aritzea, gure uren egoera ekologiko onari eusteko eta, horrela, gaurko eta biharko gure beharrak bermatzeko”.

Uraren arloan, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa oso garrantzitsua izango da legealdi honetan. «Hemendik 2028ra, URA-Uraren Euskal Agentziatik 310 milioi euro inbertituko ditugu urarekin lotutako arlo guztietan. Saneamendu eta hornidura hobekuntzez, uholdeen aurkako babesaz eta ibaien lehengoratzeaz ari gara».

“Uraren babesa ikuspegi integral batetik aurreikusten dugu, hiru frontetan egin beharreko inbertsio nabarmenekin: toki administrazioari hiri saneamendua hobetzen eta uraren hiri zikloko isurketen karga kutsatzailea murrizten laguntzea (93,5 M€); oztopoak ezabatzea eta gure lurraldeko ubide eta ibaiertzetako morfologia naturala berreskuratzea (28,5 M€); eta ur goraldien errepikapen naturalaren eraginpean dauden pertsonen eta erabileren kopurua murriztea urpean gera daitezkeen eremuetan
(128 M€)”.

 

Zentro berriaren herritarren agenda

Uraren Mundu Egunarekin batera, Ekoetxea Añana-Sobron ingurumen zentro berriak, bere inaugurazioa dela tarteko, adin guztietarako diseinatutako jarduera bereziak egingo ditu: 11:00etan, “Ura ez da ura bakarrik”, Israel Gomez sommelierrak zuzendutako ur dastaketa bat; eta arratsaldean, 16:00etatik 17:30era, familiak gonbidatuta egongo dira “Uraren memoriak” ginkanan parte hartzera.

Bihar, martxoak 23, igandez, jarduerek jarraitu egingo dute. 12:00etan, haurrek Kantu Kantari eta Ura Dantzari ipuin kontaketaz gozatzeko aukera izango dute, hots, txikienen arima hidratatu eta uraren garrantziaz jabetzeko diseinatutako jarduna. 16:00etatik 17:30era, azkenik, Sobrongo haitzartetik bidaia sentsoriala eskainiko da Neønymusen Aintzirako Dama-rekin. Bertaratzen direnek Neønymusen polifoniez gozatu ahal izango dute ingurune natural paregabe batean.

Jarduera hauek guztiak, hain zuzen, uraren eta haren kontserbazioaren garrantzia nabarmentzeko daude diseinatuta. Programazio osotu honek urte osoan zehar eskola eta familia publikoari zuzendutako eskaintza zabalari bide emango dio, lehentasunez.

Ekoetxea Añana-Sobron urte osoan egongo da irekita, astelehenetik ostiralera goizez, eta astebururo, goizez eta arratsaldez. Informazio gehiago behar izanez gero, sartu ekoetxea.eus webgunera edo deitu 945 359 235 telefono zenbakira.