ETAk 1974an Madrilgo Rolando kafetegian egindako atentatuaren ondorioei buruzko hausnarketa

0

 Mahai-ingurura bertaratu direnen artean, ETAk hildako biktimen senideak eta jazarpen-indarkeriaren biktimak egon dira

‘Rolando. ETAren lehen sarraskiari eta bere ondorioei buruzko gogoeta’ mahai-ingurua egin da Gogora Institutuan, Bilbon. Atentatu hori ETAren lehen atentatu masiboa izan zen, Madrilgo Rolando kafetegian jarritako bonba batekin 13 pertsona hil eta beste 70 zauritu zituen. 1974ko irailaren 13a zen, eta zibilen hilketak lehen zatiketa handia eragin zuen ETAn; ETA politiko militarraren eta ETA militarraren artekoa.
Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Alberto Alonsok «iraganaren ezagutzan sakontzeko eta eztabaida eta hausnarketa kritikoa bultzatzeko» gonbite gisa aurkeztu du ekitaldia, «printzipio eta balio demokratikoen garrantziaz jabetzen den gizartea eraikitzen laguntzeko». Gogora Institutuko zuzendariak adierazi du horrelako topaketak antolatzea dela datozen urteetan indartu nahi duen lan-ildoetako bat.
Rolando kafetegiko atentatuaren harira, Alonsok gogorarazi du «garai hartan hasi zirela indarkeria erabiltzen jarraitzeari buruzko eztabaidak talde terroristaren barruan. ETAko kideek terrorismoaren jardueraren amaiera erabakitzeko aukera izan zuten lehen aldia izan zen. Aukera galduetako bat».
Gorka Landaburu kazetariak moderatu du mahaia, eta bertan izan dira Lourdes Auzmendi eta Josu Elkoro, ETA kide ohiak, eta Gaizka Fernández Soldevilla, historialaria eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroko Artxibo, Ikerketa eta Dokumentazio Arloko arduraduna.
Solasaldia erakunde barrutik atentatua nola bizi izan zen eta ETAren bilakaera nola baldintzatu zuen azalduz egituratu da.
Bertaratu direnen artean, ETAk hildako biktimen zenbait senide eta jazarpen-indarkeriaren zenbait biktima; Euskadin bizikidetzaren arloan lan egiten duten elkarte eta erakundeetako kideak eta unibertsitate-eremuko pertsonak. Erakundeen aldetik mahai-inguruan izan dira, besteak beste: Alfredo Retortillo, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuordea, Jagoba Álvarez, Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko zuzendaria, Iñigo Zubizarreta, Bilboko Udaleko Giza Eskubideen, Bizikidetzaren, Lankidetzaren eta Kulturartekotasunaren zinegotzia.