- Euskal udalerrien BERDINSAREA sareak Osoko Bilkura politikoa egin du gaur, aurtengo ekintza-plana onartzeko
- Ardatzen artean daude udalerri txikien lan bateratua, emakumezko biktimei arreta emateko udal-mailako protokoloak eta indarkeria matxistaren prebentzioa bultzatzea
“Feminismoaren eta oinarrizko eskubideen aurka jotzen duen olatu erreakzionario gero eta handiagoa mehatxu larria da gure demokraziarentzat, eta Euskadiko erakundeetatik eta Europa osoan erantzun bateratua eta sendoa eskatzen du. Pandemian gertatu zen bezala, udalak birus neomatxistari aurre egiteko lehen lerroa gara. Orain, inoiz baino gehiago, berdintasunerako tokiko politikei blindatzeko konpromisoa hartzera animatzen zaituztet, gure udal baliabideak eta zerbitzuak indartuz, erakundeen arteko eta tokiko eragileekin lankidetzan arituz”. Hitz horiekin eman dio hasiera EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek Berdinsarearen osoko bilkuraren urteroko bilerari. Berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako politiken arloan Euskadiko udaletako ordezkari politiko aurreratuenek osatzen dute Berdinsarea.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak osoko bilkuraren irekieran parte hartu du, Berdinsarea sustatzen duen erakunde gisa, EUDELekin batera. Elgarrestak nabarmendu duenez, «Udala herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea izanik, berebiziko garrantzia du eskaintzen dituen zerbitzuetan eraginkorra izateak, baita gizonen eta emakumeen berdintasunaren arloan ere». Eta azpimarratu du Berdinsarea ezinbesteko tresna dela erakunde guztiak koordinatuta egon daitezen. «Hori bereziki garrantzitsua da berdintasunaren aurka doazen eta emakumeen aurkako indarkeria matxista ukatzen edo banalizatzen duten mezuekin mundu mailan ultraeskuinaren erreakzioari aurre egin behar diogun une honetan».
Gaurko osoko bilkura deitu da aurtengo ekintza-plana onartzeko eta «Berdinsarea 2030» estrategia kontrastatzeko. Estrategia horren helburua da udalak prestatzea gizartearen egungo erronken aurrean, 2030 Agendaren eta 5. GJHaren esparruan. Nati Lopez de Munain Burgeluko alkate eta EUDELeko berdintasun-ordezkariak aurkeztu ditu lan-ardatzak.
Sare aitzindaria
Gaur egun, 89 toki-erakundek osatzen dute sarea: Arabako 20 udalek eta 2 kuadrillek, Bizkaiko 43 udalek eta Gipuzkoako 24 udalek. Sarea EAEko tokiko berdintasun-politiken «aitzindaria» da EAEn, bai eta Euskadiko udalerri guztietan partekatzen diren jardunbide egokien eta esperientzia berritzaileen eragilea ere. 2006an sortu zen Berdinsarea, EAEko lehen Berdintasun Legea egin eta urtebetera. Aitzindaria izan zen Europan toki- eta eskualde-koordinazioaren erreferente gisa, eta udalek zuzenean gobernatuta egoteagatik koordinazio politikotik eta teknikotik.
Berdinsareak atxikipen-baldintza oso zorrotzak ditu (egitura eta teknikari propioak, berdintasun-aurrekontua, onartutako berdintasun-plana, etab.), eta horiek lortzea zaila da 5.000 biztanletik beherako udalerrientzat. Euskadin berdintasun-politiken hedapen kohesionatua bermatzeko, sareak udalerri txikienen lan bateratua sustatuko du, eta politikariei lagunduko die berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren arloko estrategia partekatua ahalbidetuko dieten erabakiak hartzen. Dagoeneko abiatu da lehen esperientzia pilotu bat Enkarterrin, eta parte hartu duten udalek asko baloratu dute.
2025eko ekintza-ardatzak
Sendotu beharreko lehen ildoa 5.000 biztanletik beherako eta berdintasun-arloko berezko egiturarik eta langilerik gabeko udalerri txikientzako babes espezifikoa da. Hala, sarearen barruan udal horien arteko talde-lana sustatuko da, erabaki eta estrategia bateratuak har ditzaten. EUDELen eta Emakunderen helburua Euskadin berdintasun-politika eta -baliabideen kohesioa erraztea da.
Beste proiektu azpimarragarri bat indarkeria matxistari buruzko proiektuak berrikustea izango da, herri eta hirietan. Miren Elgarrestak azaldu duenez, “garrantzitsua da tokiko protokoloak lerrokatuta egotea EAEn emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta koordinatzeko erakundeen arteko III. Akordioarekin”. Emakunde izango da lan horren buru, Sailarteko Talde Teknikoaren (STT) bidez. EUDELek eta Berdinsareak udalentzako gomendio eta tresnak diseinatuko dituzte, STTren diagnostikoan oinarrituta. Hirugarren ardatza EAEko udalen jarrera-hartze bateratua izango da, sareak sustatuta, euskal udalerrietan emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeari dagokionez.