Elgorri-agerraldiak, Euskadin, ez du kasurik erregistratu otsailaren 13az geroztik, eta, beraz, badirudi laster desagertuko dela. Hala jakinarazi du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, Euskadin Osakidetzarekin batera elgorriaren egoera epidemiologikoaren jarraipenaz arduratzen den erakundeak.
Osakidetzako profesionalei bidalitako azken jakinarazpenean, Osasun Publikoak, hala ere, osasun-esparruan maskarak sistematikoki erabiltzeko gomendioa egiten jarraitzen du, bai langileentzat, bai paziente eta senideentzat, birusaren bi inkubazio-aldi osatu arte (bakoitza 21 egunekoa; 42, guztira), transmisio aktiborik ez dagoela ziurtatzeko beharrezko denbora.
Epe hori igarotakoan, eta betiere kasu gehiago atzematen ez badira, maskarak sistematikoki erabiltzeko gomendioa kentzeko aurreikusitako data martxoaren 27a izango da.
Guztira, 53 kasu detektatu dira 2024ko azaroaren 11z geroztik. Kasu guztiek bilakaera ona izan dute, txertaketa-tasa altuak dituzten herrialde eta eskualdeetan —adibidez Euskadin— ohikoa den eredu epidemiologikoari jarraiki; izan ere, bertan txerto-estaldura % 96,79koa izan da (2023an) lehen dosirako, eta % 92,44koa bigarren dosirako.
Hortaz, Sailak azpimarratu du txertaketa prebentzio-tresna garrantzitsua dela gaixotasuna zabaltzea saihesteko, eta gogorarazi du garrantzitsua dela txertaketa egunean mantentzea, bai haurren kasuan, bai helduen kasuan. Eta bereziki garrantzitsua da dosirik jaso ez duten edo dosi bakarra jaso duten pertsonen txertaketa-egoera aztertzea eta eguneratzea; 70eko eta 80ko hamarkadetan jaiotako pertsonen artean gertatzen den moduan, baita Euskadikoa ez den txertaketa-egutegiak dituzten herrialde edo eskualdeetatik datozenen artean edo gure ingurukoak baino txertaketa-estaldura txikiagoak dituzten herrialdeetako biztanleen artean ere.
Hain zuzen ere, Euskadin 1975ean txertaketa-egutegia ezarri zeneko 50. urteurrenaren harira, berriki, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek gogorarazi du txertoei esker baztanga desagerraraztea lortu dela, poliomielitisa kasu gutxi batzuetara murriztea mundu osoan, eta elgorria edo sortzetiko errubeola bezalako gaixotasunen ezabaketan aurrera egitea lortu dela. Sailburuaren hitzetan, txertaketa-estaldura onik gabe, elgorria bezalako gaixotasunen kasuak eta agerraldiak egoteak kalte handiak eragingo lituzke gure komunitatean.
Edonola ere, hasiera-hasieratik Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak eta Osakidetzak ezarritako zaintza- eta jarraipen-protokoloak indarrean egoten jarraitzen du. Horri esker, garaiz identifikatu ahal izan dira —funtsezko faktorea— kasuak, eta kontaktuen inguruan egin beharreko azterketa egin ahal izan da, hala badagokio, esposizio-osteko profilaxia ematea balioetsiz.
Elgorria, oro har, gaixotasun arina da. Sukarra eta exantema izanez gero, eztula, errinitisa/koriza edo konjuntibitisa moduko hiru sintoma hauetako batekin edo gehiagorekin batera, telefonoz kontsultatu behar da erreferentziazko osasun-langileekin, eta komeni da maskara erabiltzea. Elgorriaren birusa pertsonen artean kutsatzen da, airez, eta haren transmisio-aldia exantema (larruazalean orban gorrixka) agertu baino 4 egun lehenagotik 4 egun gerora artekoa da.