Euskalmetek Munduko Meteorologia Eguna ospatu du abisuen euskal sistemari balioa emanez

0
  • Edizio honetan, Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) alerta goiztiarreko sistemaren garrantzia azpimarratu du
  • Beste sistema batzuk ez bezala, abisuen euskal sistema muturreko meteorologiako egoeretan espero daitezkeen eraginen iragarpenean oinarritzen da eta ez behatutako atalaseetan

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak Munduko Meteorologia Eguna ospatzen du, biztanleriari abisuak emateko euskal sistemari balioa emanez; izan ere, Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) lelo orokor moduan aukeratu du “Elkarrekin murriztu dezagun alerta goiztiarreko sistemetako arrakala”. Ekimen honen bidez, MMEk muturreko fenomeno meteorologikoei lotutako arriskuen prebentzioarekin eta larrialdien kudeaketarekin zuzenean lotutako horrelako abisuen garrantzia nabarmendu nahi du. Beste sistema batzuetan ez bezala, Euskadin meteorologia eta larrialdien kudeaketa Segurtasun Saileko Zuzendaritza beraren barruan daude (Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza), eta abisuen euskal sistema, beraz, muturreko meteorologiako egoeretan espero daitezkeen eraginen iragarpenean oinarritzen da, eta ez behatutako atalaseetan.

Ospakizun horren harira, Euskalmetek, hain zuzen ere, alerten euskal sistemari eta Abisuak nahieran zerbitzuari buruzko dibulgazio-bideo bat egin du. Bertan, Euskalmeteko meteorologoek zehatz-mehatz azaltzen dute zertan datzan sistema hori. Tresna horrek ez die unean uneko atalase meteorologikoei erantzuten, baizik eta horrelako fenomenoen eragin zuzenaren ondorioz espero den inpaktuari. Sistema modu semaforizatuan aktibatzen da (abisu horia, alerta laranja eta alarma gorria), gertaera jakin batek pertsonen segurtasunari eta ondasun materialen babesari dagokienez eragin ditzakeen kalteak kontuan hartuta.

Era berean, bideoan, Euskalmeteko profesionalek Abisuak nahieran zerbitzuaren abantailei ere egiten diete erreferentzia. Babes zibilari lotutako produktua da, eta aukera ematen du posta elektronikoz eta doan, kasu bakoitzean aktibatutako muturreko meteorologiaren abisuak jasotzeko (maila horia, laranja eta gorria). Horretarako, nahikoa da Euskalmet edo SOS Deiak webguneetan alta ematea, eta Euskadiko eremu geografikoa edo eremu geografikoak eta gehien interesatzen zaizkigun fenomeno kaltegarriak aukeratzea.

2024, urte oso bustia eta oso beroa

Metatutako prezipitazioaren arabera, iazko urtea, orokorrean, oso bustia izan zen, batez ere ekialdeeneko kostaldean, 2024. urtea serie historikoetako bustienetako bat izan baita. Barnealdeko beste eremu batzuetan, hala nola Debagoienan edo Arabako Errioxan, kalifikazioa maila bat jaisten da, eta urte bustia izan dela esan daiteke.

Gainera, nabarmendu behar da Euskadirako erreferentziako estazioetako batez besteko tenperaturen arabera, urte oso beroa izan dela, 1991-2020 aldiaren arabera. Anomalia positiboa 0.8 ºC-koa izan da normala denaren gainetik, eta 2024a, beraz, gutxi gorabehera, serie historikoetako bosgarren urterik beroena izan da (XX. mendearen erdialdetik).

Iaz muturreko meteorologiaren hainbat gertakari izan ziren Euskadin. Hauek izan ziren aipagarrienak:

  • Prezipitazio iraunkorrei dagokienez, otsailaren 26a eta 27a izan ziren neguko egunik euritsuenak. Berez, 27 goizaldean hasi ziren ibaiak gainezka egiten, eta kasu batzuetan gauera arte luzatu ziren arazoak. Gipuzkoan, Deba ibaiaren arrotik Urumea ibairaino errepikatu ziren uholdeengatik alerta-maila gainditu zuten neurketak. Beste hainbeste gertatu zen Zadorraren sisteman eta Baia ibaiaren arroan Araban. Bizkaian, egoera ez zen hain txarra izan, Kadagua ibaiaren arroan izan ezik.
  • Urriaren 17an Gipuzkoako ipar-ekialdean metatutako prezipitazioen ondorioz ur-goraldiak izan ziren Urola, Oria eta Bidasoa ibaien arroetan. Gainera, horrekin batera marea astronomiko oso biziak izan ziren, eta arratsaldeko itsasgoran, beraz, hainbat arazo eragin zituen horrek, besteak beste, ibaiadarrak gainezka egitea Erandion edo Zorrotzaurren, uholdeak Donostiako Foru plazan eta beste hainbat gorabehera Zumaian, Errenterian, Orion eta Irunen.
  • Uraldi horiei prezipitazio handiek eragindako beste bi gehitu behar zaizkie. Lehenengoa maiatzaren 19an izan zen. Arratsaldeko lehenengo orduan bota zuen euri eta txingor zaparrada batek Lazkaoko (Goierri) hainbat kale urez bete zituen, eta herriko hainbat garaje, lokal eta etxaberi eragin zien.
  • Bigarrena abuztuaren 31n izan zen. Egun horretan udako batez besteko intentsitate handienak erregistratu ziren, haize-erauntsien lerro bat igarotzean. Zaparradek, haize-boladek eta tximistek arazo ugari sortu zituzten. Udalerri kaltetuenetako bat Zornotza izan zen, eta bertan suteak izan ziren hainbat baserri eta koadro elektrikotan, eta Euskotrenen linea ere eten zen.
  • Tenperaturei dagokienez, udako egunik beroena abuztuaren 11 izan zen. Egun horretan alerta laranja ezarri zen muturreko tenperatura altuengatik lurralde osoan. Itsasertzeko eskualdeetan eta Gipuzkoa barnealdean neurtu ziren euren serietako tenperatura maximo absolutuak (Arteaga 42.5 ºC, Zizurkil 42.2 ºC, Matxinbenta 41.4 ºC, Punta Galea 41 ºC, eta Jaizkibel 38.4 ºC).
  • Urriaren 9ean urteko haize-bolada zakarrenak izan ziren, Kirk urakanak eragin zuen eta Kantauri itsasoa zeharkatu zuen borraska sakon bati lotuta: (Orduña 190.5 km/h, Punta Galea 162.3 km/h eta Zaldiaran 153.8 km/h). Haizeguneak ez diren lekuetan aipagarriak izan ziren Langraizen erregistratutako 117.1 km/h, Gasteizen erregistratutako 113.9 eta Arrasaten erregistratutako 113.6.km/h.

Abisuak, alertak eta alarmak

2024an, Eusko Jaurlaritzak 251 abisu hori eta 32 alerta laranja aktibatu zituen. Garrantzizkoa da adieraztea, egun berean fenomeno ezberdinekin erlazionatutako abisu hori bat baino gehiago edo alerta laranja bat baino gehiago pila daitezkeela. Era berean, kontuan hartu behar dira meteorologia larririk gabeko egunetan egiten diren baina hurrengo egunetan aktibatzeko ematen diren abisuak ere.

Iaz emandako abisu horiek hainbat kasuistikari erantzuten zieten, eta nabigaziorako olatuen altuera (44 abisu) eta haizeguneetako haizea (44 abisu) izan ziren ugarienak, eta, ondoren, prezipitazio handien abisuak (32 abisu).

Alerta laranja gehienak nabigaziorako olatuen altuerari (10 alerta), haizeguneetako haizeari (9 alerta) eta prezipitazio iraunkorrei (5 alerta) lotuta eman ziren.

Abisuan nahieran

Abisuak nahieran zerbitzua, espero diren muturreko meteorologiako gertakariei buruz mezu pertsonalizatuak jasotzeko aukera ematen duen aplikazio publikoa, iaz 9.341 erabiltzailetara iritsi zen.