Jaurlaritzak telefono mugikorra bizikletetan eramateko 8.000 poltsa iragazgaitz banatu ditu parte-hartzaileen artean
Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak Bilbao-Bilbao martxa zikloturistaren 36. Edizioa inauguratu du, Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko beste agintari batzuekin batera. Deustuko zubitik abiatu da probak 8.000 parte-hartzaile inguru izan ditu eta hiru ibilbide izan dituzte aukeran: laburra (85 km), klasikoa (115 km) eta luzea (125 km).
Olabarrik azpimarratu duenez, «txirrindularien kolektiboak babes berezia merezi du gainerako kolektibo zaurgarriekin batera, hala nola oinezkoak, motorzaleak edo mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen gidariak». Olabarrik adierazi duenez, «Eusko Jaurlaritza, 2025eko Bide Segurtasun eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorreko Plan Estrategikoan hartutako konpromisoari erantzunez, ezinbestekoa den sentsibilizazio-lana egiten ari da, bide-segurtasuna guztion ardura baita. Oso garrantzitsua da zirkulazio-arauak eta, zehazki, errepidean ziklomotorrak edo txirrindulariak aurrerantzean tarteak zorrotz errespetatzeak. Baina, era berean, funtsezkoa da kolektibo zaurgarriek ere arrisku-portaerak saihestea, istripuei aurrea hartzeko.»
Lankidetza
Eusko Jaurlaritzak mugikorra bizikletetan eramateko 8.000 poltsa iragazgaitz eman dizkie probaren antolatzaileei, parte-hartzaileen artean bana ditzaten. Aurreko edizioetan bezala, pantaila handi batean proiektatu da bizikletaz zirkulatzeko aholkuak biltzen dituen dekalogoa, Jaurlaritzak berak pretatuta. Era berean, bide-segurtasuneko aholkuak jasotzen dituzten mezuak ere prestatu dira, eta urtean zehar posta elektronikoz bidaliko zaizkie zikloturisten martxa honekin zerikusia duten 40.000 pertsonari, egungo edizioan edo aurrekoetan parte hartu dutenak izan.