Imanol Pradales Lehendakariak Santa Marina Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitate berritua inauguratu du. 6 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa behar izan duen unitate hau ospitaleko hirugarren solairuan kokatua dago eta 1.600 m² inguru hartzen ditu. Gainera, banako 30 gela ditu, bakoitza 20 eta 30 m2 arteko azalerarekin.
Pradales Lehendakariak eskerrak eman dizkie osasun-arloko profesionalei Santa Marina Ospitaleko Zainketa Aringarrien unitatean bizitza duinaren amaiera errazteko egindako lanagatik, eta nabarmendu du «zainketa aringarriak zerbitzu mediko batetik haratago doaz, pertsonentzat oso zailak eta hauskorrak diren uneetan laguntzea, entzutea, arintzea eta kontsolamendua ematea baizik. Horregatik, eremu publikotik dugun konpromisoa eta erantzukizuna bakarrik utziko ez gaituen zainketa-sistema bat eta medikuntza gizatiarragoa eskaintzea da. Ulertzen gaituen eta begietara begiratzen digun profesional bat. Ez dadila erruki, baizik eta eskua eman diezagula eta gida diezagula abiatzen dugun azken bidaia hau. Eta hor sartzen da gaur aurkezten dugun bezalako unitate berritu bat. Giza baliabiderik zein baliabide materialik onenak dituen unitatea da, eta humanizazioa eta enpatia dira zerbitzu osoaren oinarria. Ezinbesteko eta batzuetan gutxi aintzatetsitako lan honetan, profesionalek funtsezko zeregina duzue. Egun ilunetan argitzen duen faroa zaretelako”.
Eraberritze integral horrek asko hobetzen du urtean 600 paziente ingururen intimitatea eta laguntza, ingurune atsegin eta seguruagoa eskainiz pazienteentzat, haien familientzat eta osasun-langileentzat; halaber, baliabideen erabilera optimizatzen du, oheen kudeaketan ahalik eta efizientzia handiena emanez. Hobekuntza hori bat dator Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren 2023-2027 aldirako Euskadiko Zainketa Aringarrien Planarekin, honek bizitzaren etapa guztietan arreta pertsonalizatua eta duina eskaini nahi baitu.
Santa Marina Ospitaleko unitate berria sortu da kronikotasunari, adinekoei eta zainketa aringarriei dagokienez erreferentziazko zentro bihurtzeko. Lehendakariarekin batera, Osasuneko sailburu Alberto Martínez, Osakidetzako zuzendari nagusi Susana López Altuna eta ospitaleko zuzendaritza taldea eta talde profesionala egon dira inaugurazioan.
Osasun-laguntzaren humanizazioarekiko konpromisoa
Santa Marina Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateak arreta integrala eta pertsonalizatua eskaintzen du, eta pazienteen premia fisikoei ez ezik, hauen alderdi emozionalei, sozialei eta espiritualei ere erreparatzen die. Bertako diziplina anitzeko taldeak medikuak, erizainak, fisioterapeutak, gizarte-langileak eta psikologoak biltzen ditu, eta beti pertsonarengan zentratutako arreta eskaintzen du, ez soilik gaixotasunean.
Santa Marina zainketa aringarrietan, kronikotasunean eta adineko pertsonen zainketan espezializatutako erreferentziazko ospitaleetako bat da Osakidetzaren sarean. Horregatik, bere Humanizazio Plan Integralari eta Osakidetzak espazioak eta instalazioak modernizatzeko eta egokitzeko duen konpromiso orokorrari jarraituz, jarduketa honen bidez, tratuaren berotasunean eta erosotasunean oinarritutako pazienteen eta hauen senideen zaintza eta arreta hobetzen jarraitu nahi da, baita arreta eta zaintza hori eskaintzen duten profesionalen ongizatea bultzatu ere.
Azken egunetan laguntzeko gida
Unitate berria abangoardiako instalazioengatik nabarmentzen da, baina, gainera, berrikuntzak ditu pazientearen arretan. Besteak beste, «Azken egunetan laguntzeko gida» argitaratu da. Gida hori baliabide baliotsua da senitartekoentzat eta laguntzaileentzat, eta une zailetan babesa eskaini nahi du, prozesuan zehar informazioa, lasaitasuna eta laguntza emanez.
Berrikuntza errealitate birtualaren bidez
Era berean, REVIPAL azterketa jarri da abian, Biobizkaia Osasun Ikerketako Institutuarekin lankidetzan. Bertan, zainketa aringarrietan pazienteen ongizatea hobetzeko metodo terapeutiko gisa errealitate birtuala erabiltzeko modua ikertzen da.
Azterketa horrek errealitate birtualeko tresna baten eraginkortasuna ebaluatzen du, esperientzia murgiltzaileak eskaintzeko diseinatua, erlaxazioa eragiteko eta gogo-aldartea hobetzeko helburuarekin. Errealitate birtuala testuinguru horretan erabiltzea etorkizun handiko estrategia da antsietatea, depresioa edo ondoez emozionala bezalako sintomak arintzeko, pazienteei beren ospitale-ingurunetik ihes egiteko aukera eskainiz zentzumen-esperientzien bidez.
24 hilabetez, parametro klinikoak eta emozionalak aztertuko dira, eta errealitate birtualean murgiltzearen ondorioak ohiko tratamenduekin alderatuko dira. Emaitzek zainketa aringarrien esparruan esku hartzeko estrategia berriak garatzen laguntzea espero da.
Zainketa Aringarrien Unitateak
Osakidetzak Zainketa Aringarrietako Unitate espezifikoak ditu, oheekin, Santa Marina Ospitalean, Donostia Unibertsitate Ospitalean, Gasteizko Santiago Ospitalean, Gorliz Ospitalean eta Bidasoa Ospitalean. Horietan, eta 2024an, 1.950 pazientek jaso dute ospitaleko alta. Gainera, Osakidetzako erakundeek zainketa aringarrietako taldeak dituzte hainbat ospitaletan, baita etxeko ospitalizazio-zerbitzuak ere paziente aringarriak artatzeko, baita kanpo-kontsultak ere.