- 10 kontsumitzailetik 8k dio ez dituela erosketa-erabakiak atzeratu
- Herritarrek diote gehiago erosten dutela tokiko merkataritzan, eta sentsibilizazio handiagoa ikusten da
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren mendeko Enfokamer Euskadiko Merkataritzaren Behatokiak «2024ko kontsumo ohituren azterlana» argitaratu du, eta Eusko Jaurlaritzaren estatistika ofizialaren parte da orain. EAEko herritarren kontsumoarekin, erosketekin eta ohiturekin lotutako gaur egungo egoera aztertzea du helburu.
EAEko biztanleek adierazitako kezka nagusia etxebizitza da, % 32,6k aipatu baitu, eta aurreko inkestako laugarren lekutik gora egin du. Oso hurbil daude osasuna eta osasun-zerbitzu publikoekin lotutako arazoak (% 29,0). Ondoren datozenak: lan-merkatua eta horrekin lotutako arazoak (% 23,3); delinkuentzia eta herritarren segurtasunik eza (% 21,1) eta inflazioa eta prezioen gorakada (% 20,2); azken hori nabarmen jaitsi da.
Kontsumitzaileen konfiantzaren adierazleari dagokionez, 2024an 101,0 puntura iritsi da, eta horrek agerian uzten du, hobera egin arren, herritarren espektatibek zuhur izaten jarraitzen dutela. Adierazle hori zenbatesteko, 2 aldagai hartzen dira kontuan. Alde batetik, egungo egoeraren adierazle partzialak emaitzarik onenak lortu ditu, 108,5 punturekin. Bestetik, espektatiben indize partzialak geldialdia izan du, eta 93,5eko balioa eman du. Beraz, nahiz eta herritarren egungo egoerari buruzko pertzepzioa segida historikoko daturik onenera iritsi arte hobetu, itxaropena ez da argi hazten hasi.
Erosketak eta kontsumoa
Ondasun iraunkorren kontsumoari dagokionez, % 81,8k dio ez duela eskaria egin, eta % 18,2k adierazi du uko egin diola mota horretako ondasunen bat erosteko hasierako asmoari edo atzeratu egin duela. Kontsumoa moteltzeak eragin handiagoa izan du 40 urtetik beherakoen artean. Erosteko asmoa atzeratu zaien produktu edo ondasunei dagokienez, lehenik eta behin ibilgailuak edo turismoak daude (% 28,0); etxebizitza (% 18,2), bidaien kontratazioa (% 14,5) edo etxetresna elektrikoen erosketa (% 12,1).
Elikagaiei eta eguneroko ondasunei dagokienez, kontsumitzaileen % 42,6k astean zenbait aldiz erosten ditu eta % 11,2k ia egunero. Erosketa-establezimendua aukeratzeko faktoreei dagokienez, lau nabarmentzen dira gainerakoen gainetik: hurbiltasuna (% 54,5), produktuen kalitatea (% 41,1), prezioa (% 37,1) eta erosteko erosotasuna (% 29,3).
Moda, oinetakoak eta osagarriak erosteari dagokionez, EAEko herritarren % 38,0k urtean zehar zenbait aldiz erosten ditu pertsona janzteko gaiak, eta % 42,6k ez hain sarri. Erosketa-establezimenduari dagokionez, % 47,9k dio beste konpainia mota batzuetan sartuta ez dagoen tokiko merkataritzan erosten dituela horrelako gaiak. Era berean, hamarretik hiruk periferiako merkataritza-guneetan eta saltoki handietan erosten ditu; ondoren, kate espezializatuetako eta erdigunean kokatutako dendek oso hurbiletik jarraitzen diete. Internet ere erosketa-lekua da kategoria horretarako biztanleriaren % 21,2rentzat.
Kontsumo- eta erosketa-interakzioetan zenbait faktoreri ematen dieten garrantziari buruz galdetu zaie herritarrei. Produktuen kalitatea garrantzitsutzat jotzen dute gehienek, % 94,3k. Maila berean daude prezioaren egokitasuna (% 89,8), arreta pertsonala (% 89,6), salgaien aniztasuna (% 87,9) edo langileen aholkularitza eta profesionaltasuna (% 86,2).
Bestalde, Interneteko kontsumoa kontsumitzailearen adinak baldintzatzen du neurri handi batean. Hala, belaunaldi gazteenen artean, online erosketen tasa 39 urtetik beherako hamar kontsumitzailetik zortzikoa da (% 79,3 18 eta 29 urte bitartekoen artean, eta % 76,1 30 eta 39 urte bitartekoen artean). Kontsumitzailearen adinak gora egin ahala, online erosi duen biztanleriaren tasak behera egiten du, eta 70 urtetik gorako kontsumitzaileena da txikiena, % 8,4.
Kontsumo kolaboratiboari dagokionez, % 23,7k kontsumo kolaboratiboko plataformaren bat erabiltzen du partikularren artean ondasunak edo zerbitzuak trukatzeko. Datu hori areagotu egiten da belaunaldi gazteenen kasuan. Hala, 29 urtetik beherakoen % 41,2k ondasunak edo zerbitzuak saldu edo erosi ditu beste partikular batzuekin. Halaber, 30 eta 39 urte bitartekoen % 46,5ek eta 40 eta 49 urte bitartekoen % 40,2k.
Kontsumo-ohiturei buruzko inkestaren helburua da, halaber, herritarrek inguruko edo udalerriko merkataritza-sektoreari buruz duten pertzepzioa eta iritzia jasotzea. EAEko herritarrek adierazi dutenez, pozik daude inguruko merkataritzarekin, eta 7,2 puntuko batez besteko nota eman diote. Biztanle gehienek (% 57,8) 7 eta 8 puntu arteko puntuazioa eman dute, eta tokiko merkataritza babesteko premiari buruzko sentsibilizazioa dagoela uste da. Baliteke horretan kanpaina instituzionalek eragin positiboa izan izana.
Agerian iradokizun edo iruzkinen bat adierazteko orduan, aipamenek iruzkin positiboetaranzko joera handiagoa dute, eta tratuaren kalitatea, hurbiltasuna, gertutasuna eta profesionaltasuna dituzte hizpide, besteak beste.
https://www.euskadi.eus/kontsumo-ohiturak-azterlanak/web01-a2behmer/eu/