Elikaduraren balio-kateko hamabost euskal enpresak euren proiektu berritzaileak eta esperientzia partekatu dituzte gaur goizean Miñaon, Arabako Parke Teknologikoan, egin den “Elikagaien transferentzia eta berrikuntza Euskadin” jardunaldian, eta 140 profesionalek parte hartu dute bertan. Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak adierazi duenez, “proiektu berritzaile horiek garatzeko eta elikagaien eta zuraren balio-kateak lehiakorrak izateko, garrantzitsua da lankidetza publiko-pribatua”.
“’Elikagaien transferentzia eta berrikuntza Euskadin’ jardunaldi honetan gure herriaren etorkizuna eraikitzen eta prestatzen ari gara, ongizatean hazten ari gara, industria berriak eta ekonomia berria diseinatzen ari gara, eta elikagaien segurtasuna gure garapenean erabat txertatzen ari gara”, zehaztu du Barredok.
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Hazi Fundazioarekin eta Elika Fundazioarekin lankidetzan antolatu duen topaketan, elikaduraren sektoreko euskal enpresek proiektu berritzaileak aurkeztu dituzte zentro teknologikoek lagunduta.
“Elikaduraren Balio Katearen erronka nagusia kalitate handiko elikagai seguruak, osasungarriak eta jasangarriak ekoiztea da. Horretarako, elikagaiak ekoizteko modu berriak behar dira, bai eta produktu horiek seguruak, osasungarriak eta jasangarriak izango direla bermatzea ere”, adierazi du Amaia Barredok.
Amaia Barredorekin batera parte hartu dute Jardunaldiari hasiera emateko ekitaldian Arantza Madariaga Elikaren zuzendariak, Raul Pérez Iratxeta Sailburuordea, Raimundo Ruiz de Escudero HAZIren zuzendariak eta Ricardo Bueno BRTAren zuzendari nagusiak ere.
“Helburua da testuingurua, joerak eta eragileek aurre egin beharreko erronkak zein diren jakitea eta enpresa-sarera transferitzea. Beste enpresa batzuk animatu nahi dira produktu berriak eta lehiakorrak ekoizten jarrai dezaten, merkatuaren eskaerei erantzuteko, berrikuntzaren bidez”, azpimarratu du Barredo sailburuak.
Endika Lekaroz, ZINKeko Negozio Garapeneko zuzendariak adierazi duenez, garrantzitsua da “enpresek merkatuaren joerak ezagutzea, euren berrikuntza-prozesuak hobeto bideratzeko, noraezean ibili gabe”.
Jardunaldietan parte hartu duten enpresek euren proiektuak azaldu dituzte eta moderatzailearen galderei erantzun diete, “ideia edo beharra nondik sortu den, norekin lan egin den eta emaitza espero zena izan den” zehaztuz.
Berrikuntza
15 proiektuak bloketan banatuta aurkeztu dituzte: Berrikuntza produktuan atalean Egotza Baserria, UDAPA, Yüit the Fair Food company, Bizkarra eta Atxa enpresek aurkeztu dituzte euren proiektu berritzaileak, eta haiekin lankidetzan aritu dira Leartiker, Neiker, Azti edo Tecnalia.
Bigarren bloke batean, prozesuan dauden berrikuntza-proiektuak azaldu dituzte, eta BARNA, Gashor, Tekniker eta Goenaga izan dira parte-hartzaileak. Ondoren, AMUKA, Gorrotxategi eta Ausolan izan dira merkatuko euren berrikuntzak azaldu dituzten enpresak. Horiei batu zaie Forest Pioneer, eta zuraren balio-kateko proiektu berritzaile bat aurkeztu du. Azkenik, Euskaber, Zabala Sagardotegia, Alevitro eta Basatxerri izan dira berrikuntza teknologikoaren arloko euren ideiak zehaztu dituztenak.
Leartikerreko Eider Fernándezek «Ahuntz-esnearen likore-apetaz» hitz egin du; Udapako Ion Legorburuk Beltza eta Edurne patata-barietateez; Yüit the Fair Food Company eta AZTIko Mireia Muñizek eta Sofia Rocak berrikuntzaz hitz egin dute elikadura osasungarriaren beharretatik; Tecnaliako Izaskun Marañonek, Gabriel Achak eta Eduardo Bizkarrak Euskal nortasuna duten txokolatezko trufen berritasunaz; Barna elkarteko Iñaki Aranburuk arrain-produktuekin egindako zaporizatzaileez; Gashorko Itsaso Ibarrak «azken produktuaren ekoizpenean eta kontrolean eta iragarpenean izandako mermen murrizketaz» hitz egin du.
Era berean, Goenaga Yogureko Arantza Goenagak «jogurta zer den eta zer ez den» aipatu du; Gipuzkoako Arrantza Kofradiako Jon Elzok «Arrantza turistikoa» izeneko proiektu pilotua aipatu du Euskadin; Forest Pioneerreko Iosu Kanpandegik eta Iratxe Zorraquinok basoko makineriarekiko urruneko konexio-sistemaren ikerketa eta garapena aipatu dute; Armintz Gorrotxategik gosari-gamaren egokitzapena zehaztu du merkatuko posizioa hobetzeko; Ausolaneko Amaia Agirrek Artema etxez etxe prestatutako janari zerbitzua zer den azaldu du; Euskaberreko Karmele Pikabeak eta Itziar Lopezek «digitalizazioa denen eskura» nolakoa den azaldu dute; Luis Mari Zabalak
Amaia Barredok adierazi duenez, “proiektu berritzaile horiek garatzeko eta elikagaien eta zuraren balio-kateak lehiakorrak izateko, garrantzitsua da lankidetza publiko-pribatua”.
Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak hitzeman du “sinergiak eta gaitasunak bateratuko dituen ekosistema irekia, aktiboa eta proposatzailea babestuko” duela. Horrek dagoeneko baditu Sailak berrikuntzara bideratutako laguntzak.