Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Ertzaintzan kultura-ondarearen aurkako delituetan eskudun den Ingurumen, Hirigintza eta Ondare Historikoaren Atalari informazioa bidali dio Lurmen SL enpresari konfiskatutako pieza-multzoan manipulazio-zantzu argiak dituzten grafito berriak aurkitu izanari buruz. 2020an enpresa horren arduradunak zigortu zituzten ondare historiko/kulturalaren dokumentuak faltsutzeagatik.
Espejoko (Gaubea) Las Ermitas aztarnategiko zeramika-pieza banatan egindako bi grafito dira (“Neron” eta “Cesar” hitzak dituztenak). Material hori Lurmen ikerketa-taldearen esku zegoen Iruña-Veleiako instalazioetan, eta, ordutik, Arabako Arkeologia Museoan (BIBAT) gordeta dago.
“Landa-testuinguruetako eta/edo erromatar berantiarreko grafitoei” buruz Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatutako ikerketaren esparruan izan da aurkikuntza, Arabako Foru Aldundiaren mendeko BIBAT Arabako Arkeologia Museoarekin lankidetzan.
Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak adierazi dute zorroztasunez, gardentasunez eta azkar jokatu dutela; izan ere, ustezko faltsifikazioaren berri izan dutenean, Ertzaintzara jo dute. Baieztatuko balitz, berri txarra izango litzateke, ez hainbeste faltsututako materialaren bolumenagatik, baizik eta Arabako ondare arkeologikoaren ospeari kalte egiteagatik.
Hala ere, praxi txarraren adibide berri honen aurrean, erakundeen nahia da herritarrei horren berri ematea, ibilbide judizialetik harago, pedagogia egiteko balio dezan, arkeologia eta ondarea errespetatzearen garrantziaz jabetu daitezen.
Horregatik, bi erakundeek gogorarazi nahi diete euskal herritarrei Araban balio handiko 3.000 aztarnategi arkeologiko baino gehiago daudela, eta faltsifikazioak, gaur egun, estatistikoki anekdotikoak direla. Era berean, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak balioan jarri nahi dute informazio hori erakunde publikoek bultzatutako ikerketa bati esker bildu ahal izan dela.
Aipatzekoa da Las Ermitas aztarnategi arkeologikoa erromatar berantiarreko aztarnategi berezia dela Araban.
AURKIKUNTZAREN DESKRIBAPENA
- Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskal Kultura Ondarearen babesaren arloari aplikatutako ikerlanen deialdi bat du 2024 eta 2025 urteetarako. Deialdi horren barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-inguruneetako eta/edo erromatar berantiarreko grafitoen azterketa egiten ari da.
- Arkeologo-taldea (Javier Niso eta Miguel Loza, ITERBIDE SC enpresakoak) landa-inguruneetako aztarnategietako materialak aztertzen ari zen. Metodologia aztarnategi bakoitzeko zeramika-bilduma osoa biltzean zetzan, kutxa bakoitza zehatz-mehatz aztertzeko, dauden grafitoak bilatu, argazkiak atera eta katalogatzeko. Lan hori egin ondoren, berriro gordetzen ziren. Material horren zati handi bat Arabako Foru Aldundiaren mendeko BIBAT Arabako Arkeologia Museoan gordeta dago.
- Las Ermitas aztarnategiari buruzko materialaren zati bat Lurmen enpresak, ondare historiko/kulturalaren dokumentuak faltsutzeagatik kondenatuak, 2020an Iruña-Veleiako aztarnategian bertan zuen instalazioetan zegoen. Material hori Arabako Arkeologia Museoan artxibatu zen eta hori guztia ez zen orain arte berrikusi, aurrez aipatutako ikerketaren esparruan.
- Arkeologo-taldeak bi grafito aurkitu ditu (martxoaren 19an). “NERON” eta “CESAR” hitzak dira, erromatar zeramikazko bi piezaren gainean, eta egun giza manipulazioaren zantzu argiak Grafiak ez dirudi zaharra eta letraren batek ebaki egiten zuen denborarekin itsatsitako lurra; eta, horrez gain, latinez, bi izenak “NERO” eta “CAESAR” idazten ziren, hurrenez hurren.
- Martxoaren 24an, beharrezko dokumentazioa bildu ondoren, Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzari bidali zion