Hezkuntza Sailak Santurtziko San Jorge LHko ikastetxea handituko du 8,8 milioi euro bideratuz

0

Hezkuntza Eraiki 2030 Hezkuntza Azpiegituren Planaren barruan kokatzen den proiektuak 4.000 m²-tik gorako eraikin berria eraikitzea ekarriko du, eta ibilgailu automobilen garraioko eta mantentze-lanetako heziketa-zikloen eskaintza indartzea ahalbidetuko du

Eusko Jaurlaritzak 5.000.000 eurotik gorako gastu-kontratua baimentzea onartu du gaur Gobernu Kontseiluan, Santurtziko San Jorge LHIIrako ibilgailu automobilen garraioko eta mantentze-lanetarako heziketa-zikloan eskaintza zabaltzeko eraikin berrian obrak egiteko.

Hezkuntza Sailak Santurtziko San Jorge LHko ikastetxea handitzea planteatu du, 8,8 milioi euroko inbertsioa ekarriko duen proiektu baten bidez. Proiektua egikaritzeak aukera emango du Lanbide Heziketaren eskaintza indartzeko Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarearen esparru garrantzitsu batean. Ikastetxea handituz ikasleen ikaskuntza hobetuko da, eta ibilgailuen garraioaren eta mantentze-lanen arloan lan-merkatuaren beharrei erantzungo die. Izan ere, EAEko LHko ikasketa-arlo horrek % 90eko enplegagarritasuna du, Lanbide Heziketak Euskal Autonomia Erkidegoan oro har duen enplegagarritasun-mailarekin bat etorriz, maila hori % 90 ingurukoa baita.

Lau solairuko eraikin berria 

Eraikin berri bat altxatuko da Kueto I ikastetxe publikoari zegokion eta erabiltzen ez zen eraikinaren —2023 eta 2024 urteen artean eraitsia— partzelan. Eraikin berria lau solairutan banatuko da (erdisotoa, solairuartea, beheko solairua eta lehen solairua), eta 4.145,07 m²-ko azalera eraikia izango du. Bertan, ibilgailu automobilen garraioko eta mantentze-lanetako heziketa-zikloak emango dira; gainera, enpresa berrientzako mintegia eraikin berean kokatuko da (solairuan bananduta, baina bolumen berean). Horrela, bolumen berriak programa hau barne hartuko du, solairuz solairu:

Erdisotoko solairuan kokatuko dira transmisioen eta motorren tailerra, txapa- eta pintura-tailerra, kabina, kolorimetriako laborategia, mekanizazio- eta soldadura-tailerra, makineria-biltegia, bateriak kargatzeko biltegia, motorrak garbitzeko gela, mekanizazio-tailerraren biltegia, erregaien biltegia, aire-konpresorearen gela, ibilgailu zaharren biltegia, hondakinen ontzien biltegia eta instalazioetarako eremuak.

Solairuartean aldagelak, garbiketa-gelak eta instalazioetarako eremuak jarriko dira. Beheko solairuan atezaintza, zortzi gela balioaniztun, elektrizitate- eta pneumohidraulika-laborategia, kudeaketa- eta logistika-tailerra, besteak beste, jarriko dira. Enpresentzako mintegia ere izango du. Lehenengo solairuan zortzi ikasgela, irakasleen departamentua eta aisiarako kanpoko gune bat kokatuko dira.

Hezkuntza Eraiki 2030

Jarduketa hau Imanol Pradales lehendakariak joan den astean aurkeztutako Hezkuntza Azpiegituren Planaren barruan kokatzen da. Plan hau apustu estrategikoa da ikaskuntza eraldatzeko, hezkuntzaren kalitatea hobetzeko eta ekitatea bermatzeko.

750 milioi euroko inbertsioarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztiek espazio modernoak, irisgarriak, jasangarriak eta metodologia pedagogiko aurreratuenekin bat datozenak izatea bermatu nahi du. Planak 250 esku-hartze baino gehiago aurreikusten ditu Euskal Autonomia Erkidego osoan, hala nola hezkuntza-azpiegiturak berritzea eta modernizatzea eskola-komunitatearen beharrei erantzuteko, azken belaunaldiko ekipamendu inklusibo eta teknologikoz hornitzea, jasangarritasuna bultzatzea edo sukalde integralen eta jangela osasungarrien proiektuak garatzea.