Osakidetzako zerbixeko minbizia goiz detektatzeko programari esker, tumorea diagnostikatzen zaien emakume parte-hartzaileen hilkortasuna % 3ra murriztu da

0

Martxoaren 26an, asteazkenean, Zerbixeko Minbizia Prebenitzeko Munduko Eguna ospatzen da, hortaz, Osakidetzak gogoarazi nahi du prebentzioak eta diagnostiko goiztiarrak duten garrantzia. Izan ere, hori guztia kontuan hartuta, 2018an baheketa-programa aitzindari bat abiarazi zen, gonbidapen zuzenaren bidez funtzionatzen zuena (bai gutunez, bai SMS bidez). Urte horretatik aurrera, 585 tumore gaizto detektatu dira Euskadin. Baheketa horren bidez diagnostikatu ziren kasuen % 70ean, tumorea hasierako faseetan zegoen, eta horrek nabarmen areagotu du bizirauteko aukera. Izan ere, programa horren bidez diagnostikatutako pertsonen hilkortasuna % 2,94koa da. Sintomatologiagatik edo ustekabean aurkitzeagatik diagnostikatu pertsonen hilkortasuna, aldiz, % 36,23koa da.

Programa honen helburu nagusia da zerbixeko lesio bat izateko arrisku handiena duten pertsonak detektatzea, minbizi bilaka dadin prebenitzeko. Azken urteotan, aurrerapen handiak egiten ari dira minbizi horren prebentzioan. Besteak beste, arrisku handiko giza papilomaren birusa (GPB) detektatzeko testa erabiltzen da baheketa-proba gisa, birus hori baita zerbixeko minbizi-kasu ia guztien kausa.

Osakidetza aitzindaria izaten ari da estatuan; izan ere, baheketa-unitate bateratu bat du Donostiako Unibertsitate Ospitalean, non lagin guztiak aztertzen baitira. Gainera, zerbixeko minbiziaren biztanleria-baheketa programa bat ezarri duen lehen autonomia-erkidegoa izan da (programak 2018tik gonbidatzen ditu Euskadiko emakumeak parte hartzera).

Programak jakinarazpen bat bidaltzen die SMS bidez (edo gutun bidez) 25-65 urte arteko pertsona orori, baldin eta zerbixa badute. Mezuaren bidez, zita eska daiteke baheketa-proba egingo duen emaginarekin. Proba horretan, zerbixa estaltzen duten zelulen lagin bat hartzen da. Emaitzak ere SMS bidez jasotzen dira, proba errepikatu behar denean edo Ginekologiara bideratzea planteatzen denean izan ezik. Horrela bada, azalpena telefono-dei baten bidez egiten da. Osakidetzaren webguneko Osasun Eskola atalean bideo batzuk argitaratu dira, GPBa zer den, emaitza alteratua izateak zer dakarren eta kasu horietan egin daitezkeen proba osagarriak zeintzuk diren ulertzeko lagungarriak izan daitezkeenak.

Guztira, programa abian jarri zenetik, 600.000 emakumek baino gehiagok jaso dute gonbidapena (120.000 baino gehiagok 2024an jaso dute). Iaz, gonbidatutako hamar emakumetik seik onartu zuten baheketan parte hartzea.  Aztertutako lagin gehienek arrisku txikiko emaitza izan zuten. Aldiz, % 7k azterketa sakonagoa eskatu zuten, diagnostikoa baieztatzeko.

Programa modu mailakatuan hasi zen 2018an, hainbat eremu edo ESIetan. 2019an erabat ezarri zen Osakidetzaren sare osoan, baina baheketan parte hartzeko gonbidapena modu mailakatuan egin zen, adin-tartearen arabera, gazteenekin hasita. Helburua zen 25 eta 34 urte bitarteko emakume guztiek gonbidapena jasotzea programa erabat ezarri eta hurrengo hiru urteetan. 2022an jada adin-tarte horretako emakumeen % 100ek jaso zuen gonbidapena. Gainera, bost urtean 65 urtera arteko emakume guztiek jaso behar zuten gutuna, eta iaz bete zen helburu hori.

TXERTO ERAGINKORRA

Zerbixeko minbiziaren kausa nagusia Giza Papilomaren Birusaren (GPB) infekzio luzea da. Birus hori sexu-transmisiozko infekzio ohikoenetako bat da mundu-mailan. Beraz, Osakidetzak gogorarazi nahi du minbizi mota hori prebenitu daitekeela detekzio-programetan parte hartzearen bidez, bai eta GPBaren txertoaren bidez ere, gaur egun 12 urteko haurren txertaketa-egutegian sartuta dagoena.

Gaur egun, Euskadik % 95etik gorako txertaketa-tasak ditu, bai nesketan, bai mutiletan. Beraz, Osakidetzak espero du bi tresna horiei esker (baheketa eta txertoa) OMEk zerbixeko minbizia desagerrarazteko ezarritako helburua lortu ahal izatea, eta 100.000 emakumeko 4 kasu berriko intzidentzia lortzea.

LAGINA NORBERAK HARTZEA

EAEn 2030erako Plan Onkologiko integral berria egiten ari da. Plan horren helburua da estrategia integral, parte-hartzaile, jasangarri eta dinamiko bat ezartzea, minbiziaren arloko jarduketak gidatuko dituena bikaintasunean, ebidentzia zientifikoan eta ekitatean oinarrituta, horrela osasun-emaitza hobeak sortuz EAEko herritarrentzat.

Bertan, lehentasunezko sei arlo aurreikusten dira, eta horietako bat detekzio goiztiarra da. Arlo horren helburuetako bat populazio-baheketetako parte-hartzea handitzea da, eta, hori dela-eta, Osakidetza etorkizunean norberak lagina hartzea ezartzea aztertzen ari da, helburu hori lortzeko zerbixaren baheketarako.

OSAKIDETZAKO ZERBIXEKO BAHEKETA, AITZINDARIA ETA ERREFERENTEA ESTATUAN

Hain zuzen ere, Zerbixeko Minbizia Prebenitzeko Munduko Egunaren esparruan, Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Zerbixeko minbizia goiz detektatzeko jardunbide egokien Foro Nazionalean parte hartu zuen atzo, Madrilgo Diputatuen Kongresuan. Osasun-agintarien eta pazienteen elkarteen topaketa honetan, Alberto Martínez sailburuak nabarmendu zuen euskal herritarrek parte-hartze handia dutela Osakidetzako Zerbixen Baheketa Programan, eta % 80ko parte-hartzea lortu nahi dela adierazi zuen. Era berean, Estatuan aitzindaria den euskal programaren oinarrietako batzuk nabarmendu zituen: laginak prozesatzeko unitate zentralizatua; xede-biztanleriaren estrategia komuna; emaginak programaren funtsezko ardatz gisa; baheketarako eta kasu positiboen jarraipenerako zirkuituak eta algoritmoak ezartzea; eta sistemaren kontrolerako eta kalitaterako tresnak.