Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak gaur jaso du adikzioak eta droga-mendekotasunak dituzten pertsonei laguntzeko arloan lan egiten duten beste hainbat erakunderekin Osasun Sailak sinatuko dituen hiru hitzarmenen berri: Hiesaren Aurkako Bizkaiko Herri Batzordea, Gizakia Fundazio zibila eta Bilboko Elizbarrutiko Caritas.
Akordio horien helburua —akordioek erakunde horien jarduera finantzatzeko aukera emango dute, 2025ean guztira 418.208 euroko zenbatekoarekin— XIII. legegintzaldiko gobernu-programan osasuna sustatzeko eta kalteberatasun eta babesgabetasun bereziko egoerei arreta emateko hartutako konpromisoetan kokatzen da. Zehazki, «sistema sozial eta sanitarioaren arteko zubiak indartzera» bideratutakoak, era horretan «gaixotasunak dituzten eta bazterketa-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonei erantzun integralak emateko, osasun fisiko eta mentalari (baita osasunaren determinatzaileei ere) arreta eskainiko dion eredu biopsikosozial batetik».
Gizakia Fundazioarekin lortutako hitzarmenaren xedea da adikzioak artatzeko Bilboko “Nasa 1” zentro soziosanitarioa mantentzea. Zentro horren zeregina da gizartean baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden legez kanpoko drogak hartzen dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, bai osasun-arloan, bai gizarte-arloan, kolektibo horren barruan gizonen eta emakumeen errealitate desberdina kontuan hartuta.
Bilboko Elizbarrutiko Caritasen kasuan, Sailarekin lortutako akordioak «Hontza» —larrialdietarako eta gaueko harrerarako zentroa— programa garatzeko balioko du.
Azkenik, Hiesaren aurkako Bizkaiko Herri Batzordearekin sinatu beharreko hitzarmenari esker, droga-mendekotasunak dituzten pertsonentzako eguneko zentroan kalteak murrizteko programak kudeatu ahal izango dira.