Basque Circular Summitek, ekonomia zirkularrari buruzko Europako hegoaldeko ekitaldi nagusiak, helburutzat izango du Europako Batzordearen plangintza berriaren, araudiaren eta berriki onartu den Itun Industrial Garbiaren inplikazioak jorratzea, euskal enpresek aurrea hartu diezaieten ekonomia zirkularraren eta deskarbonizazioaren erronka globalei. Ihobe – Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak antolatuta, biltzarra apirilaren 2tik 4ra bitartean egingo da Euskalduna Bilbaon, 140 hizlari izango ditu, eta dagoeneko 1.000 pertsona baino gehiago ditu inskribatuta.
2020. urteaz geroztik, Europak neurri handiko bi krisi izan ditu aurrez aurre, hots, pandemiak eta Errusiaren Ukrainako inbasioak eragindako krisiak. Lehengaien eta energiaren prezioen aldakortasunak gogor jo du europar ekonomia. Lehiakortasun industrialaren galerak sortutako kezka gero eta handiagoaren testuinguru horretan, Europako Batzordearen presidentziak Draghi txostena enkargatu zuen 2023an: “Europar produktu gehiago, europar enplegu gehiago”. Txosten horrek ekonomia zirkularraren garrantzia nabarmentzen du, EBrentzako abantaila lehiakor gisa; azpimarratzen duenez, ingurumen-jasangarritasunari lagundu ez ezik, ekonomia zirkularrak aukera ekonomiko esanguratsuak eskaini ere egiten ditu, zeren kostuak murriztu eta merkatu berriak irekitzen baititu.
Draghi txostenaren gomendioek inspiratuta, Europako Batzordeak bere “EBren lehiakortasunerako iparrorratza” plazaratu zuen 2024ko hasieran, hau da, lehiakortasun industriala indartzeko estrategia bat, geroago -aurten- osatu dena Itun Industrial Garbiarekin (Clean Industrial Deal). Honek zirkulartasuna eta deskarbonizazioa integratzen ditu, sektore industrialaren ingurumen-aztarna murrizteko eta beraren efizientzia, berrikuntza eta autonomia estrategikoa hobetzeko. Itun Industrial Garbiaren funtsezko zutabeetako bat zirkulartasuna da, honela ulertuta: lehengaien kontsumoa murriztea eta materialen aprobetxamendua beren bizi-ziklo osoan maximizatzea.
Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak, Ihobe – Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren bitartez, Basque Circular Summitaren edizio berri bat bultzatzen du; bertan, Europar Batasunetik eratorritako plangintza eta araudi berri horiek euskal industria-ehunean izango dituzten inplikazio guztiak aztertuko dira.
Horrela geratu da islatuta Euskalduna Bilbaon gaur egindako agerraldian; bertan, Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetikoaren sailburuorde Irantzu Allendek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Josu Bilbaok, Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Botok eta Ihobeko Ekonomia Zirkularraren arloko zuzendari José María Fernándezek ekonomia zirkularraren gakoak azaldu dituzte, eta baita Basque Circular Summit 2025aren gakoak ere.
”Euskadin konpromiso irmoa dugu hartuta trantsizio horrekin, bai beharrezkoa delako eta bai aukera handi bat delako gure enpresentzat. Erreferenteak gara eta izaten jarraitu nahi dugu Europako beste herrialde eta eskualde batzuentzat, alor horretan. Garbi erakutsi dugu lidergoa gureganatu dugula bide horretan”, azpimarratu du Irantzu Allende sailburuordeak.
Hiru biltzar ekitaldi batean bilduta
Basque Circular Summit 2025 ekonomia zirkularraren aldeko konpromiso horren isla izango da, eta baita Euskadiren lidergoa indartzeko tresna nagusietako bat ere. Biltzar honetan, enpresek, administrazioek eta adituek esperientziak eta ideiak konpartituko dituzte ekonomiaren etorkizun jasangarriagoa eraikitzeko. Orobat, ekitaldia trantsizio zirkularra azkartzeko katalizatzaile bihurtzen da, bai Euskadin eta bai Europan.
Biltzarraren lema “Time for Action” izango da, hots, jarduteko garaia da. “Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da; bada garaia pentsatzeko ezen, kontzeptu teorikoen gainetik, ekonomia zirkularrak eragin positiboa duela enpresen emaitzetan, baliabideen efizientzian eta ingurumen-inpaktuaren murrizketan”, nabarmendu du Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Botok.
Horretarako, egitarau handinahi eta mardula prestatu da, ekonomia zirkularraren erronka eta aukera nagusiei heltzeko. Basque Circular FORUMek bilduko ditu nazioarteko ospea duten hizlariak, Europako Batzordeko ordezkariak, zirkulartasunaren arloan aurrendari diren enpresari liderrak eta jasangarritasunaren eremuko akademiko ospetsuak.
Azpimarratzekoak dira, besteak beste, Janez Potočnik, NBIPko IRPren presidentziako kidea, STH kofinantzatailea eta europar komisario ohia; Mónica Chao Janeiro, Espainiako aditu nagusietako bat jasangarritasun estrategikoaren, enpresa-eraldaketaren eta ESG lidergoaren alorretan; eta Brenda Chávez, ikerketa, datu eta soluzioen kazetaria.
Hiru egunetan, biltzarra ardatz tematikoen inguruan egituratuko da, besteak beste gai hauek jorratuz: zirkulartasunerako digitalizazioa, diseinu zirkularra, negozio-eredu berriak eta sinbiosi industriala. Europar legediari buruzko mahai-inguruak egongo dira, eta baita osoko saioak, tailer praktikoak eta enpresetarako bisitak ere.
Bigarren espazioan, hots, Basque Circular EXPOn, 100 enpresa inguruk parte hartuko dute, 150 produktu zirkular baino gehiago erakutsiz. Erakusleiho hau adibiderik onena izango da ikusteko enpresa handi eta ETE askok ekonomia zirkularraren aldeko apustua egin dutela eta haien produktu eta prozesuak jasangarri eta errentagarriak direla. Bertaratuko direnen artean, Basque Circular EXPOk sektore guztietako enpresak bilduko ditu: automobilgintza, elikadura, eraikuntza eta energiaren arlokoak, besteak beste.
Hirugarren espazioan, Basque Circular VILLAGE izenekoan, ekonomia zirkularra Euskadin bultzatzen duten eragileen ekosistema ikusi ahal izango da, enpresaren eta zientziaren arloko eragileekin eta eremu akademikoko eta gizarte-inguruneko eragileekin. Horretarako, standak eta networking uztartzen dituen eremu hau sortu da, haien ideiak erakusteko eta inbertitzaileekin zein enpresa finkatuekin konektatzeko aukera izan dezaten.
Basque Circular Summit 2025aren parte-hartzeari dagokionez, biltzarrean parte hartzeko interesa duten pertsonen eta erakundeen 1.000 inskripzio baino gehiago jaso dira dagoeneko, eta horrek erakusten du ekonomia zirkularraren inguruko interesa eta konpromisoa gero eta handiagoak direla.
Aurten, gainera, Basque Circular Summt 2025ek nobedade garrantzitsu bat izango du, alegia, Basque Circular BEST 2025 sariak banatuko direla aurreneko aldiz. Helburua da biltzarrean aurkeztutako soluzio eta proiekturik onenak aitortzea, haien inpaktua eta bideragarritasun ekonomikoa oinarritzat hartuta.
Ekonomia zirkularra Euskadin
Euskadiko 2024ko Ingurumen-koiunturaren Txostenak islatzen duenez, Euskadik jauzi esanguratsua egin du efizientziaren alorrean. 2005az geroztik, Euskadiko materialen kontsumoa 8 tonatan murriztu da biztanle bakoitzeko: Europako batezbestekoa hobetzen duen datu bat. Gainera, Barne Produktu Gordinaren eta Materialen Etxeko Kontsumoaren arteko erlazioa neurtzen duen produktibitate materialaren indizea 1,49tik 3,79ra pasatu da; beraz, lortu da ekonomia hazi dadila baliabide gutxiago erabiliz.
Europako Batzordeak kalkulatzen duenez, ekonomia zirkularra ezartzeak 1,8 bilioi euroko mozkin ekonomikoa ekar lezake 2030erako kontinente osoan. Ekonomia zirkularreko estrategiak ezartzearen alde egin duten euskal enpresek % 12 igo dute, batez beste, euren fakturazioa. Datu horrek erakusten du zirkulartasunak lehiakortasuna handitzen duela eta negozio-aukera berriak sortzen dituela.
Enpresak erronka horri erantzuten ari zaizkio, berrikuntzan eta sorkuntzan inbertituz. Materialen berrerabilera, ekodiseinua eta sinbiosi industriala gero eta ohikoagoak dira Euskadiko ehun ekonomikoan, eta horrek ahalbidetu du lehengaien batez besteko kontsumoa % 20 murriztea.
Helburua da Euskadi ekonomia zirkularrean oinarritutako enpleguaren erreferente bihurtzea, trantsizio hori bultzatzen duten kalitatezko lanpostuak sortuz. Orain arte, 5.000 zuzeneko enplegu sortu egin dira. Aurreikusten da trantsizio horrek 700.000 lanpostu berri sortu ahal izatea Europan 2030erako.
Orobat, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Josu Bilbaok azpimarratu du zergatik den beharrezkoa, ingurumen-arrazoiengatik, ekonomia zirkularra sustatzea. Hala, Eusko Jaurlaritzaren apustu irmoari esker, 2018az geroztik % 54 murriztu da zabortegietara iristen diren hondakinen kantitatea. “Hori guztia posible izan da politika publiko handinahiak aplikatu direlako eta 31,2 milioi euro inbertitu direlako isurketak minimizatzeko eta haien berrerabilera material sekundario gisa sustatzeko”, azpimarratu du.
Era horretan, Euskadi hondakinen balorizazio eta isurketaren murrizketa aldetik tasarik onenak dituen eskualdeetako bat bihurtzen da, estatuko batezbestekoa gaindituz eta europar helburu zorrotzenekin bat etorriz. Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030erako Plana horren adibide bat da, murrizketa, berrerabilera eta birziklapenerako neurri konkretuekin.
Orobat, Euskadik puntako azpiegiturak sortzearen alde egin du, hondakinak industriarako baliabide berri bihurtu ahal izateko, kanpoko lehengaiekiko mendetasuna murriztuz eta autonomia industriala indartuz. Ikuspegi horrek Itun Industrial Garbiaren aplikazioaren erreferente gisa kokatu du Euskadi, bai estatuan eta bai Europan, zeren erakutsi baitu zirkulartasuna lehiakortasun eta deskarbonizazioaren motor bat dela.
Informazio gehiago hemen: www.basquecircularsummit.eus.