Euskadiko Zibersegurtasun agentziak ziber-krisi baten simulakroa egin du Euskadiko zibersegurtasunerako erakundearteko mahaia osatzen duten 13 organismoekin. Mahai hori Eusko Jaurlaritzako hainbat sailetako organismoek, hiru foru-aldundiek eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietako euren sozietateek, hiru hiriburuetako udalek, EUDELek, Datuak Babesteko Euskal Agentziak eta Izenpek osatzen dute.
Martxoaren hasieran, euskal sektore publikoko hainbat erakunde DDos erasoen (Zerbitzua Ukatzeko Eraso Antolatuen) biktima izan ziren. Erasoek ondorio desberdinak izan zituzten erakunde bakoitzarentzat, eta kasu batzuetan webguneetarako eta haien administrazio-sistemetarako sarbidea eten zuten. Eraso hori eraginkortasunez identifikatu eta neutralizatu zen Cyberzaintzaren alerta goiztiarrari eta azken 3 urteetan abian jarri diren lankidetza koordinatuko kanalei esker.
“Hil honen hasieran euskal erakundeek jasotako erasoen ondoren, garrantzitsua iruditu zaigu ariketa bateratu bat antolatzea eraso zehatz bat simulatuz, parte-hartzaile guztiei zer gertatzen ari den eta halako egoera batean nola erantzun dezaketen ulertzeko tresnak emateko”, azaldu du Javier Diéguez Cyberzaintzako zuzendari nagusiak.
Aurreikusten ez den guztia ia ezinezkoa da larrialdian zehar inprobisatzea, eta krisia eraginkortasunez kudeatzeko gakoetako bat aurrea hartzeko eta egoera kritiko bihur daitezkeen esparruak identifikatzeko gaitasuna da. Beharrezkoa da toki-erakundeen ahuleziez jabetzen lagunduko duen prospektiba-ariketa etengabea egitea, prestatu eta aurrea hartu ahal izateko.
Hiru orduko simulakroa
Ariketa egiteko, fikziozko agertoki bat sortu da, 102.000 biztanle dituen udalerri bat, 192 milioi euroko aurrekontua duena, eta herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuen, barne-antolaketaren, azpiegituren eta sareen xehetasun osoak eman dira.
Parte-hartzaileei eraso batean “denbora errealean” gertatzen denari buruzko informazioa eman zaie. Ariketak 3 orduko iraupena izan du, eta parte-hartzaileek ematen diren zerbitzuak eta, batez ere, horiek galtzearen ondorioak ezagutu aha izan dituzte. Erabakiak jasotako informazioaren arabera hartzen joan dira, leheneratu beharreko zerbitzuak, herritarren jakinarazpenak, beste organismo batzuekiko koordinazioa, eta abar, lehenesten joateko.
Diéguezek azpimarratu duenez, “ikuspuntuak trukatu ditugu eta arazo orokorrak identifikatu ditugu, baina, batez ere, oso positiboki baloratzen ditugu gertakari baten aurrean prebenitzeko, babesteko, arintzeko, erantzuteko eta leheneratzeko ahaleginak hobetzeko egindako iradokizunak. Bakoitzaren egungo planak eta gaitasunak ezagutuz eta erabiliz erantzun behar da”.