Euskadi, minbiziaren azpiegitura integralak optimizatzeko programa bat garatzeko Europar Batasunak hautatutako 9 herrialdeetako bat

0

Eusko Jaurlaritzako Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari Iñaki Gutierrez Ibarluzeak eta Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendari Gontzal Tamayok Europako goi-mailako aditu taldeari egin dio harrera gaur goizean Biogipuzkoan. Talde hori euskal osasun-sistemako profesionalekin bilduko da gaur, minbiziaren azpiegitura integralak optimizatzeko programaren esparruan. Europar Batasunak Euskadi hautatu du programa hori garatzeko, esparru horretan aurreratuta dauden beste 8 herrialde eta eskualderekin batera.

Horizonte Europa programako Minbizia Misioak honela definitu ditu Minbiziaren azpiegitura integralak (CCI, ingelesez): arreta onkologikoa, ikerketa, osasun-profesionalen prestakuntza eta minbizia duten pazienteentzako, biziraun dutenentzako eta familia/zaintzaileentzako hezkuntza babesteko, hobetzeko eta integratzeko baliabideak eta zerbitzuak ematen dituztenak.

Euskadi neurrira eta sakontasunez gaitzeko programa honetan (Deep Dive) parte hartzeko aukeratu ondoren, Europako aholkularitza taldeak —minbiziari buruzko arretan eta ikerketan kontinenteko erreferentziazko zentroetan esperientziarekin— EAEko berrogeita hamar aditu ingururekin egin zuen lehen bilera iazko azaroan. Bilera horretan, bi taldeek adostuta aldez aurretik hautatutako arlo bakoitzeko hasierako egoera eta epe labur, ertain eta luzerako hobekuntza-helburuak aztertu zituzten: interfazeak (ikerketa-estrategia, pazienteen inplikazio- eta partaidetza-estrategia); oinarrizko ikerketa eta ikerketa translazionala (fase goiztiarreko saiakuntza klinikoak, ikerketari laguntzeko esparrua); eta emaitzen ikerketa (interesa duten beste eragile batzuekiko konpromisoa, emaitzen datuen bilketa estandarizatua).

Gaurko bilera bigarrena da, eta azaroan izandako lehen bileran identifikatutako helburuak betetzeko diseinatutako ekintza-planaren garapena eta jarraipena ditu ardatz. Urrian, programa honek egiteko duen hirugarren eta azken lan-bilera aurreikusten da, kontuan hartuta programaren azken helburua onkologia-arreta optimizatzea dela.

Sailburuak gogorarazi duenez, helburu hori lehentasunezkoa da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren agendan. Sail hau Euskadiko 2030erako Plan Onkologiko Integrala prestatzen ari da, 2024ko irailean hasitako partaidetza-prozesu zabal baten bidez. Prozesu horretan hainbat arlotako 160 profesional inguruk hartzen dute parte, eta Pazienteen Elkarteen, Euskadiko Minbiziaren Aholku Batzordeen eta Osakidetzako profesionalen ekarpenak jasotzen ditu, besteak beste. Plan berriak lehentasunezko sei arlo biltzen ditu: pertsonak ardatz; sustapena eta prebentzioa; detekzio goiztiarra; arreta integrala eta integratua; osasun-emaitzak; erregistro-, informazio- eta zaintza-sistemak; eta ikerketa eta berrikuntza.

Minbizia da heriotza-kausa nagusia Euskadin, biztanleriaren % 27 minbiziaz hiltzen baita. Hala, plan berriak estrategia integrala, parte-hartzailea, jasangarria eta dinamikoa ezartzea du helburu, minbiziaren arloan jarduketak bikaintasunean, ebidentzia zientifikoan eta ekitatean oinarrituta bideratuko dituena, eta euskal herritarrei balioa emango diena osasun-emaitza hobeei dagokienez.

Testuinguru horretan, ikuspegi terapeutikotik, Donostialdea ESIn Protonterapia Unitate berria abian jartzeak —2027an lehen pazientea artatzea aurreikusten du— eta Onkologikoa Osakidetzan integratzeak ere jauzi kualitatibo garrantzitsua ekarriko dute onkologiako zerbitzuen garapenean.  Era berean, terapia aurreratuak administratzeko trebakuntzak eta JAICE nazioarteko ziurtagiriak (berriki lortutakoa) asistentziaren kalitatea eta osasun-emaitzak hobetzen dituzten soluzio terapeutikoak eskaintzeko gaitasuna ematen diote sistemari.

Azkenik, eta ikerketaren eta berrikuntzaren ikuspegitik, Osakidetzak, Ikerketa Sanitarioko Institutuen bitartez (Bioaraba, Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Biosistemak), minbiziaren inguruko 577 ikerkuntza-proiektutan eta azterketa klinikoetan parte hartzen du gaur egun (guztizkoaren % 28). Horiek prebentzioa, diagnostikoaren hobekuntza, diziplina anitzeko arreta eta tratamendu pertsonalizatuak dituzte ardatz. Ikerketa, Berrikuntza eta Garapen Sanitarioko 2025-2030 Plan Estrategiko berriak —gaur egun prestatzen ari dira— jarraipen- eta hobekuntza-elementuak jasoko ditu, hain zuzen ere nazioarteko adituekin egindako saioetatik eratorritakoak.