Mugikortasun Jasangarriaren Sailak amaiera eman dio ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzako gidatze-sistemaren ezarpenari bere trenbide-sarean

0

Topoak, –Bilboko eta Gasteizko tranbiekin, Bilboko Metroaren 3. linearekin eta Txorierriko linearekin batera–, badu edozein mugikorretik eskura daitekeen seinaletika berrian oinarritzen den soluzio teknologiko hori

 

Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren Sailburuak, Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuarekin eta Andrea Parte ONCEren Donostiako zuzendariarekin batera, Navilens sistemaren erabileraren balantzea egin du gaur. Sistema horrek geltokietako joan-etorriak errazten dizkie ikusmen-desgaitasuna duten Euskotreneko erabiltzaileei. Duela urtebete pasatxotik, edozein mugikorretatik eskura daitekeen seinaletika berrian oinarritzen den soluzio teknologiko hori eskuragarri dago Lasarte Oria-Donostia-Hendaia linean, bat eginez horrela Gasteizko eta Bilboko tranbiekin, Bilboko Metroaren 3. linearekin eta Txorierriko linearekin.

Garcia Chuecak baieztatu du sistema oraindik egikaritze fasean dauden eta 2026rako martxan jartzea aurreikusten diren Lugaritz-Easo eta Altza Galtzaraborda saihesbideetako geltoki berrietan instalatuko dela. “ETSn eta Euskotrenen maila altuko irisgarritasun-estandarrak ditugu gure ardurapeko garraiobideetarako, baina are gehiago demokratizatu nahi dugu pertsona guztiek garraio publikoa erabili ahal izatea, mota guztietako aukerak hurbiltzen dizkigun funtsezko elementua dela defendatzen baitugu, lanekoak, hezkuntzakoak edo sozialak, eta kultura eta aisialdikoak, desberdintasunak murriztuz, eta Navilens helburu horretarako aurrerapauso bat da”, adierazi du sailburuak.

Euskal Trenbide Sareak 393.190 euro inbertitu ditu orain arte Navilens ezartzeko Gipuzkoako eta Bizkaiko bere trenbide-sareko 33 geltokitan (Topoa, Bilboko eta Txorierriko metroaren 3. linean), bai eta Arabako eta Bizkaiko hiriburuetako tranbien geltoki guztietan ere.

Tren geltokietan instalatutako Navilens sistemaren kodeak 39.558 aldiz eskaneatu dira, horietatik 4.607 Topoan. Geltokien rankingean, Bilboko Zazpikaleak dago lehen postuan, eta, ondoren, Otxarkoagakoa eta Loiolakoa. Gehien erabiltzen den hizkuntza gaztelania da, eta ondoren ingelesa eta euskara. Kontsultak frantsesez, alemanez, italieraz, katalanez eta japonieraz ere egin dira.

Azahara Domínguez Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak nabarmendu duenez, foru erakundean “dibertsitate funtzionala duten pertsonen Gipuzkoako hainbat elkarterekin ari gara lanean, haien egoera bertatik bertara ezagutzeko eta pertsona guztiek gure autobusetara baldintza berdinetan sartu ahal izateko beharrezkoak diren neurriak aplikatzeko. Ildo horretan, datozen hilabeteetan irisgarritasun unibertsalari buruzko lehen protokoloari helduko diogu Lurraldebusen, eta, horren bidez, gure zerbitzuak jasangarriak, erosoak, seguruak eta lehiakorrak izateaz gain, gure erabiltzaile guztientzat irisgarriak izatea lortuko dugu”.

Donostiako ONCEtik Andrea Partek nabarmendu duenez, “oso garrantzitsua da garraio publikorako irisgarritasun osoa izatea, desgaitasuna duten pertsonen segurtasuna eta autonomia osoa bermatzeko. Horrelako aplikazioen bidez kontrasteak, tipografia handiagoa eta antzeko elementuk ezartzeak bat egiten dute herritarren eta garraio horren erabiltzaileen ongizatea zaintzen duten ekimen guztiekin, eta jakina, horien artean gaude ikusmen-desgaitasuna edo ikusmen txikia dugun pertsonok”.

Funtzionamendua

Seinaletika berria QR kodeen antzekoak diren ddTags izeneko kodeek osatzen dute. Etiketak kamera eta Interneterako konexioa duen edozein gailu mugikorren bidez harrapatzen dira. Sistema honen potentzialtasunak seinaleen irakurketarako distantzia handian daude, eta, horrez gain, edozein argiztapen eta irakurketa angelurekin detektatu daitezke.

Horrela, ikusmen-desgaitasuna duten erabiltzaileek kode horiek erabil ditzakete, ez baitute zehatz-mehatz jakin behar non dauden. Etiketa bakoitzetik lortutako informazioa ahots bidez irakurtzen da, eta markatzailearekiko posizioaren, distantziaren eta orientazioaren berri ematen zaio erabiltzaileari. Informazio hori 34 hizkuntzatan dago eskuragarri, euskara barne, hizkuntzaren ondoriozko oztopo guztiak apurtuz.

Sisteman sartzeko, lehenik eta behin, NaviLens aplikazioa  deskargatu behar da doan. Gailu mugikorrean instalatu ondoren eta aplikazioa irekita, erabiltzaileak mugikorraren kamerarekin eskaneatu besterik ez du egin behar, eta testuinguruan jarritako beharrezko informazioa lortuko du. Navilens kodeak mugimenduan egonda eta fokatu beharrik gabe jaso daitezke, eta hori ezinbestekoa da ikusmen-desgaitasuna dutenentzat. Aplikazioa IOSen eta Androiden dago eskuragarri.

Informazioa euskaraz eskuratzeko beste modu bat ere badago. Horretarako, AhoTTS aplikazioa deskargatu behar da, hau da, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Aholab ikerketa-taldeak testua ahots bihurtzeko garatutako sistema edo Text-to-Speech aplikazioa. Androiderako bakarrik dago eskuragarri.

Era berean, nabarmendu behar da Navilens kode batzuek, hala nola nasetan daudenek, QR kodeak ere badituztela, igarotze denborei buruzko informazioarekin. Funtzionalitate hori desgaitasunik ez duten pertsonei zuzenduta dago, izan ere kode horiek kamerarekin enfokatu behar dira, aurrekoak ez bezala. Behin harrapatuta, Navilens GO aplikazioa irekiko da, eta hurrengo trenen edo tranbien igarotze-denborei buruzko informazioa erakutsiko du denbora errealean.

Sistema horri esker, erabiltzaileak modu errazagoan eta irisgarriagoan erlazionatu daitezke euren ingurunearekin metro-geltokietan edo tranbia-geltokietan. Azken helburua ikusmen-desgaitasuna dutenak modu independente eta autonomoan moldatu ahal izatea da.

2021eko lehen hilabeteetan proba pilotu bat egin zen Bilboko Metroaren Zazpikaleetako geltokian, eta ONCEk Euskal Autonomia Erkidegoan duen Lurralde Ordezkaritzaren oniritzia jaso zuen. ONCEk bere txostenean adierazi zuenez, “teknologian oinarritutako gidatze informazio-tresna bikaina da, teknologia gutxiago duten arren ibilbide horietan itsuen autonomiarako duten eraginkortasuna eta beharra ere frogatu duten beste bitarteko batzuekin batera erabili beharko den arren”.