Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Perez Iglesias izan da Nueva Economia Forumek antolatutako Forum Europa-Tribuna Euskadi gosari-solasaldiaren buru, Bilboko Ercilla hotelean. Eusko Jaurlaritzako Mikel Jauregi sailburua eta Amaia Barredo sailburua ere bertan izan dira. Solasaldian, Pérez Iglesias sailburuak Euskadik zientzia, unibertsitate eta berrikuntzaren arloan duen egoerari buruz duen ikuspegia bertaratutakoekin partekatu du.
Perez Iglesiasek zientziaren arloan azken 45 urteetan egindako lana aintzatetsiz hasi ditu bere hitzak, eta, horren ondorioz, gaur egun Euskadik goi-mailako ezagutza-sistema indartsua duela esan du. Etorkizuneko politikak ere aipatu ditu, eta nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan I+G+Bko inbertsioak urtean %6 handitzea proposatzen duela. «Ezusteko ekonomiko larririk ezean», gaineratu du Perez Iglesiasek, «hazkunde horiek Europako abangoardian jarri beharko gintuzkete datozen urteetan».
Mehatxuak
Sailburuak, jarraian, mehatxu nagusiak aipatu ditu, besteak beste, ikertzaileengan eta, bereziki, ikertzaile gazteenengan dagoen presioa, abangoardiako zientzia oso ingurune lehiakorrean ekoizteagatik, eta horrek ondoez psikologikoa sortzen ari da. Baliabideak esleitzerakoan eta ikertzaileak kontratatzerakoan irizpide bibliometrikoak gehiegi erabiltzearen arazoa ere aipatu du. Ildo horretan, fenomeno horiek ebaluatzeko eta irtenbide eraginkorrak formulatzeko konpromisoa hartu du.
Perez Iglesiasek aipatu dituen beste mehatxu batzuek zerikusia dute egoera geopolitikoarekin eta horrek izan ditzakeen ondorio ekonomiko eta akademikoekin. Bere hitzetan, «mehatxu horiek, aldi berean, aukerak eskaintzen dituzte. Hala nola, Europak industriarekiko duen interes berritik erator daitezkeenak. Edo Estatu Batuetatik datozen ikertzaileak erakartzeko aukera, zehazki, herrialde hartan bizi diren euskal jatorriko pertsonak».
Zientzia eta Gizartea
Sailburuak aukera aprobetxatu du bi proiektu berri iragartzeko: batetik, unibertsitateen arteko sare bat sortzea, ezagutzaren eta demokraziaren arteko harremana aztertzeko, eta, bestetik, Kultura Zientifikoaren aldeko Aliantza abiaraztea. Horren bidez, sektore horretako eragileak konektatzea proposatzen da, esperientziak partekatzeko, ikasteko eta zientzia gizarteari hurbiltzeko modua hobetzeko.
Euskal unibertsitateak
Hitzaldiaren zati handi bat euskal unibertsitateari buruz hitz egiten eman du, azken bosturtekoan gehieneko historikoetara iritsi diren ikerketa- eta transferentzia-adierazleetatik hasita. Euskadin inoiz baino baliabide gehiago bideratzen dira irakaskuntzara, eta irakasleak hobeto prestatuta daude. «Hala ere, ez gaitu konformismora eraman behar, are gutxiago autokonplazentziara. Unibertsitate publikoari dagokionez, finantzaketa hobetzen jarraitu behar da. Zehazki, ikerketan laguntzeko teknikari gehiago behar ditu. Uste dut hori dela UPV/EHUko Akilesen taloi nagusia» gaineratu du Perez Iglesiasek.
Sailburua ikerketa-arlo lehiakorrenak eta Euskadirentzat estrategikotzat jotzen direnak indar handiagoz bultzatzearen alde agertu da, euskal unibertsitateetan egiten den zientzia on guztiarentzako beharrezko laguntza babestuz. Era berean, bertan zeudenei Ikasketa Aurreratuen Zentroaren proiektua gogorarazi die, legegintzaldiaren hasieran aurkeztu zuena eta «Euskal Hiria talentuko ikasle eta profesionalak erakartzeko gune bihurtu nahi duena. Eta, aldi berean, gure ikasle onenei – batez ere aukera ekonomiko gutxien dituztenei – maila goreneko ikasketak eskaini ahal izatea, horretarako beste herrialde batzuetara joan behar izan gabe. Horrela, bere inguruan ehun ekonomiko aberatsa sortuko litzateke».
Berrikuntzako Euskal Itsasargiak
Duela hiru urte, Eusko Jaurlaritzak Ikur estrategia abiarazi zuen, gizartean inpaktua bilatzen duen zientzia bikainean oinarritutako estrategia. Sailburuak Ikur aipatu du bere hitzaldiaren amaieran, datozen urteetarako berrikuntza-politika ardatz tematiko handien inguruan egituratuko dela azaltzeko, hots, Berrikuntzaren Euskal Itsasargiak izenekoen inguruan. Berrikuntza-proiektu handiak finantzatuko dira honako arlo hauetan: Adimen Artifiziala eta bere aplikazioak; ekosistemen osasuna, nekazaritza- eta abeltzaintza-sistemena eta gizakiena, One Health ikuspegiaren arabera; medikuntza pertsonalizatua eta doitasunezkoa; edo trantsizio demografikoaren ondorio sozial eta sanitarioak.