‘Talentua Erakartzeko Gakoak’ hizpide 2025 ETEKIN Ekonomia Topaketen lehen saioan

0

Gaur hasi dira Eusko Jaurlaritzak eta Finantza Entitateek antolatutako 2025ko ETEKIN Ekonomia Topaketak. Foro hauek antolatzen diren bigarren edizioa talentuaren inguruko erronkei buruzko solasaldi batekin hasi da, Donostiako Aquariumean.

‘Talentua Erakartzeko Gakoak’ lelopean, Andres Arizkorretak, CAFeko presidente ohiak eta Círculo de Empresarios Euskadiko presidenteak; Unai Anduezak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Diputatuak; eta Lander Belokik, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintzako dekanoak gaiari buruz dituzten ezagutzak eta ikuspegiak partekatu dituzte.

Eusko Jaurlaritzak eta Finantza Entitateek martxan jarritako ekimen honen helburua da euskeraz ekonomia eta finantza gaien hausnarketa sustatzea eta harremanetarako bilgune bat sortzea. Ziklo hauek bat datoz Jaurlaritzak euskararen jauzi kualitatiboa emateko duen erronkekin, lan eta ekonomia arloa eremu estrategiko bat  baita. 100 bat lagun hurbildu dira bigarren edizioko lehen saiora.

Andres Arizkorretak  adierazi du talentuaren beharra argia dela eta erronka oso handia bizi duela Euskadik. Gainera, aipatu du genero-arrakalak ere eragina duela erronka horretan, eta tokiko talentua handitzeko aukera ematen duela sektore horretan emakumeen presentzia handitzea.

Unai Anduezak, bere aldetik, erronkari aurre egiteko, talentu berria erakartzeaz gain, beharrezkoa iritzi du “talentua errotzea, mantentzea eta egun enpresetan dauden langileen gaitasuna loratzea ere”.

Lander Belokik, hezkuntzaren ikuspuntua jarri du mahai gainean. Hezkuntza eta enpresa arloa oso lotuta daudela azpimarratu du eta talde lanean jarri du arreta: “Enpresak hezkuntza sistemaren beharra du eta instituzio publikoekin batera, talde lana derrigorrezko da”.

Euskadiren etorkizunari buruz galdetuta hiru hizlariak baikor agertu dira. Unai Anduezak Euskadi anitzagoa aurreikusten du eta industriak duen egungo presentzia mantenduko dela iritzi du: “etorkizuna industriala izango dela aurreikusten dut, agian beste sektore batzuetako industria landuko da, digitalizatuagoa; baina herri honek jakin du birsortzen, eta lehiakortasuna eta ongizate izate hori mantenduko ditu identitatea mantenduz”. Belokik, berriz, “elkarlanean ongizatea eta aberastasunaren bila doan herri bat bezala konfiguratzea” irudikatzen du. Azkenik, Arizkorretarentzat etorkizunaren gakoa elkarlanean dago: “elkarlanean kapaz izango gara ditugun beharrei aurre egiteko. Kulturalki atzerriko jendea etorriko dela barneratu behar dugu eta, era berean, ulertu honek eragina izango duela gure kulturan eta gizartean.”

Finantza sektorea eta talentuaren beharra

ETEKIN topaketen bigarren edizioa Eusko Jaurlaritzak finantza entitateekin elkarlanean antolatu du. Zehazki, Bankoa ABANCAk, CaixaBankek, Ekonomisten Euskal Elkargoak, Finantzen Euskal Institutuak, Kutxabankek, LABORAL Kutxak eta Rural Kutxak.

Antolakuntzaren ordezkari moduan Eli Goenagak (CaixaBank) gaiaren inguruko garrantzia azpimarratu du:  “Euskadiren ekonomiarako funtsezkoa den gai bati buruz hausnartzeko bildu gara: talentua nola erakarri.” Talentua gaur egun “baliabiderik garrantzitsuena” bihurtu dela nabarmendu du. “Profesional onenak erakarri, garatu eta atxikitzea lortzen duten enpresek gidatuko dute etorkizuna” Goenagaren hitzetan. Era berean, balioan jarri du elkarlana: “Elkarrekin sortu beharko dugu, bada, talentua sustatu, elikatu eta haziko duen ekosistema.”

Aurten ere, zikloak hiru hiriburuak bisitatuko ditu. Donostian egindako lehen saio honi Gasteizek emango dio jarraipena, ekainaren 18an eta Bilbon izango da azken topaketa, urriaren 22an. Jardunaldi bakoitzean, ekonomia eta finantzekin zerikusia duen gaurkotasunezko gaiak jorratuko dira sektoreko adituekin.