Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeei zuzendutako txapelketak bere bigarren edizioa izango du zibersegurtasunaren sektorera talentua erakartzeko, zibersegurtasunean kontzientziatzeko eta enpresen eta Euskadiko Lanbide Heziketaren arteko harremana estutzeko helburuarekin.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatutako CyberLehia zibersegurtasun lehiaketaren 2025 edizioaren finala Bilboko Zorrotzaurreko Terminalean izango da datorren ostegunean, apirilaren 3an, 9: 00etatik 14:30era. Aurtengo hitzordua streaming bidez jarraitu ahal izango da, EITBren lankidetzari esker, horrela, bertara joan ezin diren pertsona guztiek ekitaldia jarraitzeko aukera bermatua izango dute.
Euskadiko Lanbide Heziketako zentro integratuei zuzendutako txapelketak, bere bigarren edizioa izango du aurtengoa. Jardunaldiaren helburuak ikaslegoaren motibazioa aupatzea eta talentua zibersegurtasun sektorera erakartzea dira, baita zibersegurtasunari buruzko kontzientziazioa eta ezagutza zabaltzea eta enpresa, zentro eta ikasleen arteko saretzea sustatzea ere, Lanbide Heziketak zibersegurtasunaren inguruan egindako lana erakustsiz.
Parte-hartze handia izan du edizioak, 450 ikasle baino gehiagok hartu baitute parte txapelketaren fase ezberdinetan, 30 zentro ezberdinen ordezkari gisa. Txapelketa taldekakoa izan da, talde bakoitzak gehienez 3 partaide izan zitzakeen. Lehiaketaren lehen fasea Otsailean hasi zuten, online jokatu zuten 450 pasa ikaslek, CTF motako (Capture the Flag zibersegurtasunaren arloan ikasteko eta ebaluatzeko erabiltzen den ariketa da) jarduera batean 60 erronka baino gehiago proposatu zizkieten beraien jakintza probatu eta jakin-mina kitzikatzeko. Lehen fase honetan 34 talde onenek hurrengo faserako sarbidea lortu zuten
Bigarren fasea martxoan zehar burutu zuten, antzeko formatuan, zailtasun handiagoko 49 erronkekin. Lehia handiaren ostean, bost talde onenak azken faserako sailkatzea lortu dute.
Azken fase honek, La Terminalean burutuko denak, bi zati izango ditu; alde batetik ariketa teoriko bat eta bestetik ariketa praktikoa. Teorikoan txosten bat idatzi beharko dute, eta zibersegurtasuneko profesionalak izango dituzte lan hauek ebaluatzen. Ariketa praktikoa aldiz, Eraso/Defentsa motako CTF bat izango da, eta apirilaren 3an Bilbon egin beharko dute, CyberLehia 2025 Jardunaldiaren egitarauaren barnean.
Egun horretan bertan zibersegurtasunaren inguruko jardunaldi bat egongo da eta bertan nazioarteko hizlariak (Lisa Forte, Red Goat Cyber Security), Lanbide Heziketako ikasle ohiak (Igor Pallin, Vicomtech) eta Tarlogic enpresak emandako tailer tekniko aurreratuak izango dira, besteak beste. Zibersegurtasunaren sektoreko 10 enpresa ere izango dira, Cyberzaintza, zibersegurtasunaren euskal agentzia eta Cybasque, zibersegurtasunaren arloko enpresen euskal klusterraren eskutik. Enpresen, lanbide-heziketako ikastetxeen, irakasleen eta ikasleen arteko harremanak sustatzeko agertoki ezin hobea izango da.
Hauek dira azken fasean lehian izango dire bost taldeak: admin’ OR ‘1’=’1 (ZUBIRI MANTEO), h4ckTXok0 (CIFP TXURDINAGA LHII), B1t-Cr4ack3r$ (CPIFP EGIBIDE LHIPI/CPIFP MGEP LHIPI), BAGU (ZUBIRI MANTEO), info.php (CPIFP MARISTAK DURANGO LHIPI.