Euskadi, 2030CATALYSTS programarekin Garapen Jasangarrirako Helburuen buru izateko hautatutako Europako 20 eskualdeetako bat

0

Europako Batzordeak Euskadi aukeratu du 2030CATALYSTS ekimenean parte hartuko duten 20 eskualdeetako bat izateko. Ekimen hori Ikerketa Zentro Bateratuak (JRC) bultzatu du. Ekintza estrategiko honen helburua 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) Europa osoan ezartzea azkartzea da, politika eraldatzaileak, kohesionatuak eta datuetan eta ebidentzia zientifikoan oinarritutakoak sustatuz.

Eusko Jaurlaritzako Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren Idazkaritza Nagusiak eta Europar Batasunerako Euskadiko Ordezkaritzak elkarrekin egindako Euskadiren hautagaitza garapen iraunkorreko, erresilienteko eta inklusiboko eredu batekiko konpromiso instituzionalaren adibide gisa onartu da.

Ekimena aurkezteko gaur Bruselan egin den ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batek parte hartu du, Asier Aranbarri Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendariak, Marta Marín Euskadik Europar Batasunean duen ordezkariak eta Belén Muñiz EUSTAT Euskal Estatistika Erakundeko zuzendariak. Jardunaldian zehar, euskal ordezkaritzak Euskadik GJHen lokalizazioan egindako lan aitzindaria nabarmendu du, erakundeen arteko lankidetzaren eta datuak politika publikoak diseinatzeko eta ebaluatzeko funtsezko tresna gisa erabiltzearen garrantzia azpimarratuz.

2030CATALYSTS programak hautatutako eskualdeen artean jardunbide egokiak trukatzea sustatuko du, ezagutza aplikatua sortzea bultzatuko du eta Europako erakundeekin eta jasangarritasunarekin konprometitutako beste lurralde batzuekin aliantza estrategikoak sortzea indartuko du.

Europako Batzordeak Euskadi onartu du arlo horretan erreferentziazko eskualde gisa, Nazio Batuen Erakundean Jarraipenerako Borondatezko Txostena aurkeztu duen munduko lehen gobernu azpinazionala izan baita. Gainera, nazioartean, EUSTATekin eta eskualdeko eta nazioarteko beste erakunde batzuekin koordinatuta, egindako ondoz ondoko txostenen kopuruaren buruan dago.

Euskadik 2030CATALYSTSen duen parte-hartzea 2030 Agenda Euskadi Foroaren lanarekin osatzen da. Foro hau Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, Euskadin GJHen jarraipena eta garapena egiteko gobernantza partekatuko gune gisa, eta erakundeen, gizarte-eragileen eta gizarte zibilaren inplikazioa du.

2030CATALYSTSera gehituta, Euskadik sendotu egiten du GJHen inplementazio eraginkorrean nazioarteko erreferente gisa duen eginkizuna, eta aktiboki laguntzen du Europa justuago, kohesionatuago eta jasangarriago bat eraikitzen.