Eusko Jaurlaritzak, beste ekimen batzuen artean, babes-errekurtsoa aurkeztuko du Konstituzio Auzitegian, atzerriko unibertsitate-tituluak homologatzeko eskumenaren eskualdaketa baliogabetu ostean

0

Auzitegi Gorenak atzerriko unibertsitate-tituluak homologatzeko eskumena Euskadira eskualdatzea baliogabetzeko erabakiaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak Euskaditik jorratuko diren ekimenak aurkeztu ditu gaur prentsaurrekoan, Araubide Juridikoko sailburuorde Sabino Torre eta Autogobernuko zuzendari Begoña Perez de Eulaterekin batera.

Autogobernua defendatzeko helburuarekin eta eskumenen transferentzien esparruan hartutako erabakien zilegitasuna aldarrikatzeko, Eusko Jaurlaritzak babes-errekurtsoa aurkeztuko du Konstituzio Auzitegian, Auzitegi Gorenak atzerriko unibertsitate-tituluak homologatzeko eskumenaren eskualdaketa baliogabetzeko hartu duen erabakiaren aurka. Aurretik, jarduketak deuseztatzeko intzidentea jarriko da Auzitegi Gorenean, ezinbesteko urratsa baita hori Konstituzio Auzitegira jo ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, benetako babes judiziala urratu da. Horregatik, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak azaldu duenez, “defentsa-gabezia alegatuko da Auzitegi Gorenaren epaiaren aurrean, honek gainditu egin dituelako bere eginkizunak Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko eskumen-banaketa mugatu nahian; alor hori Konstituzio Auzitegiaren funtzio espezifiko bat baita duen konstituzio garrantzia dela-eta”. Gernikako Estatutuak, 16. artikuluaren bidez, irakaskuntzaren eskumena aitortzen dio Euskadiri bere osotasunean – jarraitu du sailburuak– eskumenaren eskualdaketarekin, helburua ez da titulu akademikoak homologatzeko baldintzak arautzea, ezta horiek garatzeko oinarrizko arauetan eragitea, homologazioak emateko gaitasunaz ari gara soilik”.

Eusko Jaurlaritzaren ustetan, Auzitegi Gorenaren erabakiak deuseztatu egiten du eskumena eskualdatzeko akordioa, tituluen homologazioari dagokionean – epaiak alor honi egiten dio soilik erreferentzia – baina baita, baliokidetasun-adierazpenei dagokionean ere, honen inguruan epaiak ezer esaten ez badu ere, guztiz baliogabetuta geratzen delako.

Era berean, kaltetuak suertatu diren pertsonek jarduketak deuseztatzeko intzidentea aurkeztu ahal izango dute, baita ere, Auzitegi Gorenaren aurrean, prozesuan interesdun gisa lekukotuak izan ez direlako, eta ondoren, eta hala badagokio, Konstituzio Auzitegian babes-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute.

Bestalde, bi gobernuak aztertzen ari dira Euskadik kudeaketa-gomendio iragankor bat bere gain hartzea, epai honen ondorioz ebatzi gabe geratu diren 200 homologazio-eskaerei irteera emateko. Era berean, «Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren 10. artikulua aldatzeko aukera aztertzen ari gara, legeak jaso dezan homologazio-prozesuak eta baliokidetasun-adierazpenak autonomia-erkidegoei dagozkiela» adierazi du sailburuak.

Azkenik, Ubarretxenak azaldu du bide berri bati ekingo zaiola konstituzio-jurisdikzioaren alorrean, «hau da, Transferentzien Batzorde Mistoan hartutako erabakiak jurisdikzio horri dagozkiola argi eta garbi arautuko duen lege organiko bat izapidetzeari ekingo diogu» amaitu du sailburuak.