Partida horrek ez dakar beste laguntza-deialdi bat egitea, ezta programa zabaltzea ere; aitzitik, dagoeneko eman diren eta gauzatzen ari diren dirulaguntzetatik ordaintzeko dagoen gastuari aurre egiteko behar den administrazio-izapideari erantzuten dio
Astearte honetan egindako Gobernu Kontseiluan, Eusko Jaurlaritzak baimena eman dio Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari 2025eko aurrekontutik 92,3 milioi euroko gastua egiteko (bizitegi-eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko laguntza-programetara bideratua), energia-efizientzia sustatzeko helburuarekin.
Partida horrek ez dakar beste laguntza-deialdi bat egitea, ezta programa zabaltzea ere; aitzitik, dagoeneko eman diren eta gauzatzen ari diren dirulaguntzetatik ordaintzeko dagoen gastuari aurre egiteko behar den administrazio-izapideari erantzuten dio.
Laguntzak —2022ko ekainaren 21eko Aginduak arautuak eta 853/2021 Errege Dekretuaren 3., 4. eta 5. programetan jasoak— Europar Batasunak NextGeneration EU funtsen bidez finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren parte dira.
Horrela, Gobernu Kontseiluaren erabakiak aurrekontu-estaldura bermatzen du, onuradunek beren eraikin eta etxebizitzetan energia-birgaitze proiektuak gauzatzen jarrai dezaten. Laguntza horiek funtsezkoak dira EAEko higiezinen parkearen energia-efizientzia hobetzeko, energia-kontsumoa murrizteko eta bizitegi-sektorearen deskarbonizazioan aurrera egiteko.