Eusko Jaurlaritzak Gardentasunaren Lege-aurreproiektua onartu du ondoren Parlamentuan izapidetua eta onartua izan dadin

0

Gaur Gobernu Kontseiluan onartutako Gardentasunaren Lege-aurreproiektua aurrerapauso bat gehiago da, Jaurlaritzak Euskadin demokrazia indartzeko bultzatu nahi duen arau-esparru berriaren baitan.

Euskadiko Gardentasunaren Legea tresna bat gehiago izango da gardentasunean sakontzeko, politika publikoen kudeaketa eraginkorragoa sustatzeko eta administrazioaren eta herritarren arteko harremana hobetu eta konfiantza-harremanak sortzeko.

Lege proiektuak hiru helburu nagusi ditu:

  • administrazioaren gardentasunean sakontzea;
  • lankidetzazko gobernantza eta herritarren parte-hartzea bultzatzea, kultura demokratikoan pertsonak ahalduntzeko, eztabaidarako eta parte-hartze eraginkorrerako guneen bidez
  • eta informazio eskubidea eta sarbidea eta gobernu-programan jasotako ekintzen eta ekimenen kontu-emate eta jarraipena erraztea.

Legeak Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritza sortzea aurreikusten du, berme organo gisa, independentea izango dena, Administrazio Publikoak publizitate aktiboaren eta informazioa eskuratzeko eskubidearen arloko betebeharrak betetzen dituela bermatzeko. Honenbestez, informazioa eskuratzea ukatzen denean edo emandako informazioarekin herritarrak ados ez daudenean, Agintaritza horren aurrean erreklamatu ahal izango dute.

Lege proiektuak publizitate aktiboko betebehar handiagoak ere jasotzen ditu, garrantzitsua dena EAEko sektore publiko osoan gardentasuna bermatzeko. Era berean, zehapen-araubide bat ere aurreikusten da gardentasunaren arloko arau-hausteetarako.

Gaur Gobernu Kontseiluak Gardentasunari buruzko Legearen-aurreproiektua onartu ondoren, Eusko Legebiltzarrera bidaliko da, izapidetu dezan.

Euskadik gardentasunaren arloan urratsak egiten dihardu

Euskadik urteak daramatza gardentasunaren arloan urratsak egiten. Ildo horretatik, hainbat mekanismo eta tresna garatu dira herritarrek informazio publikorako sarbidea eta informazioa publikoa kontsultatzeko aukera izan dezaten eta administrazioarekin harremantzeko edota eskaerak egiteko aukera izan dezaten.

Gaur egun, herritarrek sei atari dituzte eskura: Gardena, Irekia, Euskadi.eus, Open Data, Legegunea eta kontratazio publikoko plataforma. Atari horiek gardentasuna, informaziorako sarbidea eta Jaurlaritzaren jardunaren jarraipena egin ahal izatea bermatzen die herritarrei.

Halaber, Euskadik organo independenteak ere baditu, hala nola Etika Publikoaren Batzordea eta Arau-hausteen Berri Emateko eta Informatzaileak Babesteko  Barne Sistema. Horien eginkizuna da erakunde publikoetan printzipio etikoak eta gobernu onari dagozkion printzipioak betetzen direla zaintzea eta gardentasuna eta herritarren informaziorako sarbidea bermatzea.

Zentzu horretan, Lehendakariak dagoeneko iragarri du Legebiltzarrean «Kalitate Demokratikoa Hobetzeko» lan-ponentzia bat martxan jarriko duela, arau-esparru zabala, berritzailea eta abangoardiakoa eratzeko. Egungo zein etorkizuneko erronkei kalitatezko kultura demokratiko sendo baten eskutik aurre egin, herri gisa eta ongizatean hazi eta Euskadi demokrazian erreferente bilakatzeko, Europako eta munduko ziurgabetasunaren aurrean.