Lehiaren Euskal Agintaritzak eta Kontsumobidek kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak babesteko lankidetza-hitzarmena luzatu dute

0

Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEAk) eta Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuak beste lau urtez luzatuko dute bi erakundeen artean indarrean dagoen lankidetza-hitzarmena, bidezko lehia bermatzeko eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babesteko helburuarekin. Gobernu Kontseiluak lankidetza-esparru hori luzatzeko baimena eman du gaurko bileran, eta horrek ez du inolako gasturik eragingo alderdi sinatzaile bakoitzarentzat.

LEAko eta Kontsumobideko ordezkariek zenbait bilera egin ondoren, agerian geratu zen komenigarria zela bi erakundeek beren jarduera-esparruetan garatzen dituzten jardunen sinergiak baliatzea, elkarren artean lotura estua baitute. Izan ere, azken batean, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei eragiten diete jardun horiek. Hala, organismo bakoitzak helburu desberdinak dituen arren, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak dira merkatuetan lehia eraginkorra izatearen behin betiko onuradunak.

Horregatik, bi aldeek adierazi zuten lankidetzan aritu nahi zutela Euskal Autonomia Erkidegoko merkatuetan lehia bultzatzeko, sinergiak partekatuta, bidezko lehia bermatzeko eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babesteko asmoz, eta, horrela, jarraipen bat jarri zioten 2021eko maiatzean hasitako lankidetza-hitzarmenari, orain beste lau urtez luzatzen den hitzarmen horri.