Lurralde Kohesirako Departamentuak, Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Elizondoko zubi berriaren obrak lizitatu ditu. Azpiegitura horrek herrirako sarbideak hobetuko ditu eta hiriguneko trafikoa arinduko du. Proiektuak 2.769.890 euroko aurrekontua du, eta 22 hilabeteko epea du proiektua gauzatzeko.
Azpiegitura berriak Irurita-Elizondoko saihesbidea NA-8307 (lehengo N-121-B) errepidearekin lotuko du, Baztan ibaiaren gaineko biaduktu baten bidez, herrira iristeko eta handik irteteko bide alternatibo bat erraztuz. Konponbide horri esker, gaur egun Baztan Berri auzoa zeharkatzen duen trafikoa desbideratu ahal izango da, eta horrek bide-segurtasuna eta bizilagunen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko du.
Lurralde Kohesiorako kontseilari Oscar Chivitek nabarmendu duenez, “proiektu hau Elizondok egindako aldarrikapen historiko bati emandako erantzuna da; izan ere, hamarkada bat baino gehiago darama hiriguneko zirkulazioa murriztuko duen bide alternatiba bat eskatzen. Zubi berri honekin, mugikortasuna hobetuko dugu eta oinezkoen eta gidarien segurtasuna indartuko dugu”.
2012an Irurita-Elizondoko saihesbidea ireki zenetik, azpiegitura hori ez dagoenez, ibilgailuak udalerri barrutik ibili behar izan dira. “Obra honekin, saihesbidearekin lotura eraginkorragoa izatea errazten dugu eta ibilgailuak bizitegi-kaleetatik igarotzea kentzen dugu, irisgarritasuna eta bizilagunentzako segurtasuna hobetuz”, azpimarratu du Chivite kontseilariak.
Eremuan mugikortasuna hobetzeko lotura berri bat
Proiektuak bide berri bat eraikitzea barne hartzen du, Baztanberriko plazan dagoenari jarraipena emango diona eta Baztan ibaia gurutzatuko duena tipologia mistoko zubi baten bidez, NA-8307 errepidearekin lotuz biribilgune berri baten bidez eta zubiaren alde batean eta bestean dauden lotura-bideen bidez.
Proiektuaren xede den zatia NA-4407 errepidean dagoen biribilgune berriaren amaieratik hasi, Baztanberri plazatik igaro eta Baztan ibaia zeharkatu ondoren, Santiago kaleraino edo NA-8307 errepideraino iristen da, eta biribilgune baten bidez lotuko da bertara. Trazaduraren luzera, guztira, 230 m ingurukoa izango da.
Bide berriak hiri-izaera izango du nagusiki. Abiapuntuko bideak, Baztanberri plazan, galtzada bateen sekzio tipoa du. Galtzada horrek bi errei ditu, bat noranzko bakoitzeko, 3,50 m zabal bakoitza; espaloiak alde bietan, 2,00 m zabal, gutxienez; eta aparkalekua linean, 2,00 m zabal, zenbait eremutan.
Sestretan lortutako gehieneko maldak % 6 dira, indarrean dagoen irisgarritasun-araudia betez.
Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak premiazkotzat jo zuen joan den otsailean ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea, desjabetze-izapideak arintzeko eta proiektua gauzatzen aurrera egiteko, proiektuaren garrantzia kontuan hartuta. Obrak uda honetan hastea aurreikusten da.
Jarduketa horrekin, Foru Gobernuak berretsi egiten du lurraldeko bide-azpiegiturak hobetzeko konpromisoa, herritarren mugikortasuna, segurtasuna eta ongizatea bultzatzen duten konponbideen alde eginez.