- 2025eko lehen hiruhilekoko datuen arabera, martxoaren 31n, Osakidetzak 56,4 egunetan mantentzen du ebakuntza kirurgiko baterako itxarote-denbora; eta hori, % 57 gutxituz kirurgia-prozesuen deribazioa
- Arreta espezializatuko kontsulta baterako batez besteko atzerapena 52,43 egunekoa da, eta proba osagarri baterako 35,27 egunekoa, hau da, 45 eguneko helburua baino askoz txikiagoa
Osakidetzak 56,4 egunetan mantentzen du ebakuntza kirurgiko bat egiteko itxarote-denbora, eta % 66,6 murriztu du prozedura horiek egiteko 180 egun baino gehiagoko itxarote-zerrenda; hala, 2024ko martxoan 435 paziente izatetik aurtengo martxoan 153 paziente bakarrik izatera pasatu da. Eta hori guztia, 2024ko uztailetik 2025eko martxora kirurgia-prozesuen deribazioa % 57 murriztuz. Hala ondorioztatzen da Osakidetzako itxarote-zerrendei buruzko 2025eko lehen hiruhilekoko datuetatik (martxoaren 31n eguneratua).
Bestalde, Arreta Espezializatuan kontsulta bat egiteko itxarote-denbora 52,43 egunekoa da, asko hobetuz aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, une hartan atzerapena 70,25 egunekoa baitzen. Gainera, kasu honetan, 45 egunetik gora atzeratzen diren kontsultek %13,9 egin dute behera, aurreko urtearekin alderatuta. Proba osagarriei dagokienez, batez besteko atzerapena 35,27 egunekoa da, 45 eguneko helburuaren oso azpitik. Arreta espezializatuaren esparruan itxaronaldiak murriztea da Osasun Sailaren agendan jasotako lehentasunetako bat. Gogoratu behar da ez dagoela itxarote-denborarik paziente onkologikoen edo kardiologiako pazienteen interbentzio kirurgikoen zerrendetan.
Uztailean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bultzatutako txoke-plana abian jarri zenetik hartutako neurriek Osakidetzako itxarote-zerrendak murriztea lortu dute, gaur egun itxarote-denborak 60 egunetik behera kokatu arte, bai kirurgian, bai kontsultetan; proba osagarrien kasuan, berriz, atzerapena murriztea lortu da.
Erresonantzia magnetikoak egiteko itxarote-zerrendak, beherantz
Era berean, Osakidetzaren erresonantzia magnetikoetarako itxarote-zerrendek beherantz egin dute iazko abendutik; une hartan 42.071 proba zeuden egiteko, eta martxoaren 31n, berriz, 38.527. Jaitsierarik handiena azken bi hilabete hauetan izan da.
Beheranzko joera hori Araba eta Bizkaiko lurraldeetan martxora arte gertatu da, Gipuzkoan, berriz, urtarrilera arte. Lurralde horretan igoera txiki bat izan da aurtengo otsailean eta martxoan, hilabete hasieran erradiodiagnostikoko ekipoetako batek huts egin zuelako. Berokuntza-sistemako hodi baten hausturak eragindako ur-gainezkatze batek makinaren osagaietako bat kaltetu du; horren ondorioz, kalteak baloratzen ari dira, eta horiek konpontzeko edo ordezteko behar diren neurriak hartzeko jarraitu beharreko prozesuan daude. Ordura arte, proba horietarako arratsaldeko txanda indartu dute Amarako osasun-zentroan.
ARABA | BIZKAIA | GIPUZKOA | GUZTIRA | |
2024.12.31 | 8.677 | 20.495 | 12.899 | 42.071 |
2025.01.31 | 7.891 | 19.500 | 12.688 | 40.079 |
2025.03.31 | 7.296 | 18.216 | 13.015 | 38.827 |