Alberto Martinez: “Udalek eragile aliatuak eta eragile aktiboak izan daitezke osasunaren prebentzioan eta sustapenean”

0

Osasuneko sailburuak «Getxotik Oinez Bizi – Paseo Saludable por Getxo» ekimenaren XI. edizioan hartu du parte. Bertan, ariketa fisikoaren, elikadura osasuntsuaren eta bizi-ohitura osasungarrien garrantzia azpimarratu du, «gure osasunaren garapenaren % 50 gure esku baitago»

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek «Getxotik Oinez Bizi – Paseo Saludable por Getxo» ekimenaren XI. edizioan hartu du parte. Bertan azpimarratu duenez, «udalak eragile aliatuak eta eragile aktiboak izan daitezke osasunaren prebentzioan eta sustapenean». Hala, Osasun Saila osasun komunitarioaren inguruan eragile anitzeko eta maila anitzeko lankidetza eta inplikazioa bultzatzen ari dela esan du; era berean, hauxe gaineratu du: «lankidetza hori are gehiago indartu nahi dugu, eta EUDELen eskutik egingo dugu».

Festa-giroan egin den «Getxotik Oinez Bizi – Paseo Saludable por Getxo» ekimenarekin bat egin dute Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuorde Lore Bilbaok eta Getxoko alkate Amaia Agirrek. Ibilbidea Algortako Geltoki plazan hasi da, Aixerrotatik igaro da, Ereagako hondartzara jaitsi da eta Bizkaia Zubia plazan amaitu da.

Osasunaren Mundu Egunaren eta Jarduera Fisikoaren Mundu Egunaren inguruan urtero Getxon ospatzen den ibilaldi herrikoiaren hasieran, Alberto Martinezek ariketa fisikoaren, elikadura osasuntsuaren eta bizi-ohitura osasungarriak izatearen garrantzia azpimarratu du, «gure osasunaren garapenaren % 50 gure esku baitago, hau da, bizimoduaren eta ohitura osasungarrien mende dago. Biharko osasuna gaur egiten dugunak baldintzatuko du».

Getxon egin dena bezalako ekintzak gure ongizaterako eta bizi-kalitaterako jardunbide egokiaren adibide dira; horregatik, Osasuneko sailburuak eskerrak eta zorionak eman dizkie Itxartu Taldeari eta Getxoko Udalari «Getxo Oinez Bizi» moduko jarduerak garatzeagatik. Jarduera horiek bat datoz Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bizi-ohitura osasungarriekin —elikadura egokia eta jarduera fisikoa— lotzen dituen politikekin.

Gaur ospatuko den Osasunaren Mundu Egunaren baitan, Martinez sailburuak azpimarratu du Euskadik «zaindu eta hobetu behar dugun» osasun bikaina duela, joera gero eta gehiago bizitzea baita: 2040an gaur bizi garena baino 6 urte gehiago biziko gara, “kalitatez bizi nahi ditugun “soberako” urteak dira». Euskadi Europan bizi-itxaropen handiena duen lurraldea da, eta tratatu eta prebenitu daitekeen hilkortasun-tasarik onenetakoa du, neurri handi batean, osasun-sistema publiko indartsua eta kalitatekoa dugulako.