Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Arditurriko bide berdearen gida aurkeztu du gaur. Basquetourrek egin du gida, lehentasunezko jarduketa-eremuen funtsei esker birgaitu den ibilbidea sustatzeko. Aurkezpenean izan dira Azahara Domínguez Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea eta Joana Mendiburu Oiartzungo alkatea ere.
Sailburuak azaldu duenez, erakundeen lankidetzari eta udalen eta garapen-agentzien lanari esker gauzatu ahal izan dira Arditurriko bide berdea birgaitzeko jarduerak. «Eta Eusko Jaurlaritzak egindako apustuari esker, udalerriei behar dituzten baliabideak emateko, lehentasunezko jarduketa-eremuetan turismoa suspertzeko proiektu zehatzetarako. Proiektu horiek 6,7 milioi eurorekin finantzatu dira, Euskadiko hainbat eskualdetako 21 jardueratara bideratuta».
Arditurriko bide berdearen gidak amaiera eman die lehentasunezko jarduketen funtsen bidez egindako lanei. Funts horietako milioi bat euro jaso ditu Oarsoaldeak. Gainera, Arditurriko bide berdearen gida argitaratuta, Turismo Sailak zikloturismoaren aldeko apustua indartu du, turismo aktiboa eta naturarekin eta ingurumenarekiko errespetuarekin lotuagoa sustatzeko oinarrizko elementu gisa. Izan ere, turismo-jasangarritasunaren funtsezko 3 zutaberi egiten die mesede, batik bat: turismoa lurralde osoan banatzea, desestazionalizazioa eta tokiko garapena.
Gainera, sailburuak azaldu duenez, zikloturismoak gure ondarea eta historia balioesten laguntzen du. “Industria-historia ezin da bereizi gaur egungo Euskaditik, eta bide hauek horren oroimen bizia dira, Euskadi pluralaren, askotarikoaren, abegitsuaren eta jasangarriaren erakusgarri. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak hori sustatzen jarraituko du, erakundeekin eta sektoreko eragileekin lankidetzan”.
Diputatuak, berriz, zera nabarmendu duenez, «Arditurri bezalako baliabideak erabakigarriak dira Gipuzkoak natur turismoan hazten jarrai dezan». «Guretzat funtsezkoa da, pertsona arduratsuak erakartzea ahalbidetzen baitigu, esperientzia desberdinak bilatzen dituztenak, osasungarriak, naturarekin harreman zuzenean eta gure herritarrekiko errespetu osoz jokatzen dutenak. Gainera, bisitari gutxiago dauden tokiak sustatzeko aliatu handiak dira, turisten kontzentrazioa saihestuz», azaldu du, eta gaineratu du horrek «eragin zuzena duela gure ekonomian, familia gehiagok turismoaren ondorioei etekina ateratzea ahalbidetzen baitu. Ostatu txikiak, jatetxeak edo tokiko gidak dira, besteak beste, horrelako baliabideek sortzen duten aberastasunaz gozatzen dutenak».
Bestalde, Aizpea Otaegi Errenteriako alkate eta Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentziako presidenteak nabarmendu duenez, Arditurriko bide berdea eskualdeko elementu kohesionatzaile garrantzitsua da. Izan ere, turismoari egiten dion ekarpenaz gain, eskualdeko herritarren mugikortasun iraunkorrerako azpiegitura garrantzitsua da. Baita naturaz, aisialdiaz eta gure ondareaz gozatzeko ezinbesteko baliabidea ere. Horregatik, proiektu hori lehentasunezko ildo gisa jaso zen eskualdeko Plan Estrategikoan, eta Berpiztu funtsak garrantzitsuak izan dira funtsezko baliabide horri bultzada emateko.
Arditurriko vida berdearen mapa
Mapak bide berdea erakusten du, Oarsoaldea zeharkatu eta Oiartzunen, Aiako Harriaren oinean, amaitzen den bidea. Tarte horrek 2.000 urte baino gehiagoko historia hartzen du, eta industria-ondarearekin eta bide berdeekin lotutako Euskadiko turismo-eskaintza handitzen du, Euskadiko zikloturismo estrategiaren barruan. 12 kilometroko etapa da, eta ordubete eta laurden inguruko iraupena du. Beste bide berde batzuetatik sar daiteke bertara, hainbat puntutan haiekin lotuta baitago.
Gainera, mapak hainbat baliabide turistiko nabarmen biltzen ditu, hala nola Aiako Harria parke naturala, Arditurriko meatze-gunea, Luberri historia geologikoaren museoa, Soinuenea herri-musikaren txokoa, Arizmendi Enea museo-etxea, Albaola, Mater itsasontzia edo San Marko gotorlekua.