Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua Ertzaintzaren briefingean izan da gaur goizean, Vitoria-Gasteizen egingo den Itzulia Basque Country lasterketaren lehen etaparen aurretik. Bilera horretan sailburuak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari Miren Dobaranekin batera, bertatik bertara ezagutu du Ertzaintzako Trafikoko Lurralde Unitateetako agenteekin batera, txirrindularitza-probaren garapen egokia eta txirrindularien eta zaleen segurtasuna bermatzeko abian jarriko den zaintza- eta laguntza-dispositiboaren programazioa.
Itzulia Basque Country 2025 lasterketaren 64. edizioa Vitoria-Gasteiztik abiatuko da gaur eta Eibarren amaituko da hilaren 12an, larunbata. Eusko Jaurlaritzak koordinatuko du txirrindulari-proban laguntzeko eta segurtasuna bermatzeko dispositiboa, eta Ertzaintzako 300 agente baino gehiagok (Trafiko Unitateko, Brigada Mugikorreko, Zaintza eta Erreskateko eta ertzain-etxeetako agenteek) parte hartuko dute, eragindako herrietako udaltzaingoekin batera. Proban laguntzeko polizia-dispositiboa 37 agentek osatuko dute. Horietako 35 Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Trafiko Unitateetako motor-gidariak izango dira, eta horiei lasterketako agintari-taldea eta komunikazio-taldea batuko zaie.
Lasterketan laguntzeko eta segurtasuna bermatzeko dispositiboan koordinatuta jardungo dute ertzain-etxeek eta udaltzaingoek.
Itzulia Basque Country 2024 lasterketari buruzko informazio guztia web-orri, aplikazio eta Twitter kontu ofizialen bidez jakinarazten da. Gainera, herritarrek Eusko Jaurlaritzaren telefono-zenbaki bat, 24 orduetan aktibo dagoen 011, erabil dezakete trafikoari buruzko informazioa jasotzeko, bai eta www.trafikoa.euskadi.eus webgunea edota @TrafikoaEJGV X sare sozialeko kontua ere. Era berean, Euskadiko errepide-sarean kokatuta dauden mezu aldakorreko panelen bidez emango da trafikoko eraginen eta murrizketen berri.