Emakume gazteak ikasketa teknologikoetara bideratzeko Gladys Sariaren bosgarren edizioa abian da

0

Gladys Sariaren bosgarren edizioa aurkeztu da gaur Donostian, inoizko babesik handienarekin. PUNTUEUS Fundazioak eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak sustatzen duten ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes nagusia du, eta lagun ditu Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EITB eta UPV/EHUko berdintasun-zuzendaritza.

Gladys Saria 2021ean sortu zen, emakume gazteak ibilbide teknologikoari ekitera animatzeko, eta euskal ingurune digitalean erreferente berriak sortzeko helburuarekin. Lau urteko ibilbidean, gero eta interes handiagoa piztu du, eta horren erakusgarri da urtez urte aurkeztutako hautagaitza kopuruak izandako hazkundea.

Edizio bakoitzak emakume bat saritzen du, eta Olatz Arbelaitzek, UPV/EHUko Informatika Fakultateko Berdintasun Batzordeko kideak, adierazi duenez, “orain arte lau emakume saritu ditu Gladys Sariak, profil desberdinetakoak, eta horrek erakusten du askotariko erreferenteak behar ditugula. Neska gazteek sektorean aukera oso ezberdinak dituztela ulertzea nahiko genuke”.

Gladys del Estal informatikariaren izena daraman sariaren helburua ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferente berriak sortu eta haien lana jendarteratzea da. Horrez gain, Donostiako Informatika Fakultatean ikasi zuen emakume haren lana gogoraraztea ere bada lehiaketaren xedeetako bat da.

Indar kolektiboaren emaitza
Aurten, orain arteko babes sare sendoena osatu da sariketaren inguruan eta euskal gizartean eragin handia duten erakunde oso ezberdinak elkartu dira helburu beraren bueltan. Lorea Arakistain, Puntueuseko marketin eta komunikazio zuzendariaren hitzetan, “Gladys teknologia eta berdintasunaren arteko elkargune gero eta garrantzitsuagoa da; komunitatearen konpromisoa azpimarratu nahiko nuke, emakumeekin eta teknologiaren etorkizunarekin”.

Gipuzkoa Foru Aldundiak bere aldetik, aro teknologiko berri batean aurrean egotearen erronkaz ariotu da, Nerea Isasi Berdintasun Zuzendariaren hitzetan “Gipuzkoak munduko ordenagailu kuantiko bakanetako bat hartuko du laster. Gure lurraldea erreferente izango da, eta horrek aukera berriak ekarriko ditu, baita erantzukizun bat ere: emakume gehiago prestatzea, inspiratzea eta erreferente bihurtzea sektore berri honetarako”.

4.000 euroko ordainsaria
Abian den edizioan 40 urte urte arteko emakumeek parte hartu ahal izango dute; ingurune digitaleko edozein arlotakoak izan daitezke. Hautagaiek bere burua aurkez dezakete sarira, baina edozeine proposatu ditzake hautagaiak. Sari bakarra izango da eta epaimahaiak honako irizpide hauek izango ditu kontuan: hautagaiak duen etorkizuneko proiekzioa, egin duen ibilbide profesionala, eta emakumeak sektorean inspiratzeko eta ahalduntzeko gaitasuna.
Izen-ematea zabalik dago jada, eta hautagaitzak www.gladyssaria.eus webgunean aurkeztu daitezke ekainaren 1era arte. 4.000 euroko ordainsaria jasoko du irabazleak.

Adierazpenak

Gainerako erakunde-babesleek ere beren ikuspegia gehitu dute:

Iker Usabiaga, Danobatgroupeko Gestio Sozialeko zuzendaria: “Danobatgroupek bere lehen ediziotik babesten du Gladys Saria, eta uste dugu emakumeen talentu digitala eta belaunaldi berriek STEAM arloekiko duten interesa bultzatzea funtsezkoa dela makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren sektorean ditugun erronkei erantzuteko.

Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria: “Sari hau funtsezkoa da zientzia eta teknologiako emakumeen ikusgarritasuna eta prestigioa sustatzeko, belaunaldi berrientzako erreferenteak sortzeko, eta gaur egungo baldintzak hobetzeko. Genero-arrakala ez da presentzia faltan soilik ageri, baizik eta oraindik nagusi den ikuspegi androzentrikoan ere. Horregatik, beharrezkoa da paradigma-aldaketa bat, berdintasuna sistematikoki txertatzeko”.

Nerea Enbeita, Euskaltel Fundazioko zuzendaria: “Bokazio zientifikoak norbaitek inspiratzen zaituenean pizten dira, norbaitek zugan sinesten duenean, norbaitek erakusten dizunean mundu hori zurea ere izan daitekeela. Euskaltel Fundazioan etorkizun digitala aniztasunez eta berdintasunez eraikitzen dela sinesten dugu. Horregatik, neska eta emakume gazteei zientzia eta teknologiako erreferenteak eta espazioak hurbiltzeko ekimenak sustatzen ditugu”.

Vanesa Fernandez, EITBko Euskara eta Kultura zuzendaria: “Ikus-entzunezko talde publiko gisa, ingurune digitalean egiten dugu lan eta esparru hori indartzea ezinbestekoa da guretzat. Beraz, honegatik guztiarengatik, aurten lehen aldiz erabaki dugu Puntueus etaUPV/ EHUKo Informatika Fakultatearen deiari erantzun eta Gladys Saria babestea”.

Aurreko edizioak

Aurreko urteetako Gladys saridunak hauek izan dira:

2021: Ane Iturzaeta Agirre

2022: Olatz Perez de Viñaspre

2023: Amaia Abanda Elustondo

2024: Lorea Argarate Zubia