Emakundek tokiko erakundeei helarazi dizkie berdintasuna bizkortzeko Nazio Batuen aurrean hartutako nazioarteko konpromisoak

0

Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Itunaren ekimenaren barruan, Emakundek «Beijingo Ekintza Plataformaren botere eraldatzailea» jardunaldia egin du gaur. Bertan izan dira Itunari atxikitako erakundeak eta topaketa horietan lehen aldiz parte hartu duten beste eragile batzuk. Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak eskerrak eman dizkie gerturatu diren 50 bat erakunderi jardunaldi honetan egindako ekarpenagatik, «gure errealitatetik abiatuta, berdintasunerako nazioarteko agenda horri begiratzeko ariketa hau egiteagatik».

Nazio Batuen Erakundearen (NBE) «Generation Equality» nazioarteko ekimenaren barruan Emakundek bultzatutako lan-prozesu baten emaitza da Herri Ituna, eta Euskadiko 2030 Agendaren helburuen esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aurrerapena bizkortzeko eta indarkeria matxistarik gabeko bizitza eraikitzeko euskal gizartearen konpromisoa ikusaraztea, zabaltzea eta aktibatzea du helburu.

Beijingo Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena dela eta, Nazio Batuek nazioarteko agenda bat proposatu dute estatu kide guztien artean Beijingeko Ekintza Plataformaren ezarpena bizkortzeko. Agenda hori Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordearen 69. bilkuran aurkeztu zen, duela gutxi, NBEren egoitzan, New Yorken, eta Emakunderen ordezkaritza batek parte hartu zuen bertan.

Gaurko topaketarekin, Emakundek Nazio Batuek identifikatutako sei ekintza estrategikoak partekatu ditu bertaratutako erakundeekin, konpromiso global horiek tokiko errealitateetara eraman ahal izateko. Horrela, eragile guztien artean parte hartzeko espazio bat sortu nahi da, Herri Itunaren eraginari buruzko esperientziak eta hausnarketak partekatzeko eta Euskaditik emakumeen eta nesken eskubideak bermatzen laguntzeko.

Emakundeko zuzendariak azpimarratu du oso garrantzitsua dela belaunaldi arteko, sektore arteko eta maila anitzeko eraldaketa-prozesu horiek sortzea, batez ere nazioarteko testuinguru kezkagarri baten lekuko garen honetan. «Berdintasunaren aurkako erreakzioa dago mundu mailan, bereziki gazteei zuzenduta dagoena eta eremu digitalean hedatzen dena. Nazio Batuen Erakundeak hainbat txostenetan ohartarazi duenez, genero-desinformazioa areagotu egiten da mundu mailan». Horregatik, Miren Elgarrestak gogorarazi du beharrezkoa dela feminismoaren pedagogia egitea eta feminismoak eta berdintasunak ongizateari egiten dioten ekarpena azpimarratzea: «Horrela egin dugu aurtengo martxoaren 8ko kanpainan Ni feminista naiz leloaren bitartez».

Jardunaldian NBE Emakumeen Erakundean genero-berdintasunaren sustapenean ibilbide nabarmena duen Moni Pizani abokatu venezuelarrak hitzaldi bat eman du.

Topaketa hau Herri Itunak 2025eko lehen hilabeteetan garatu dituen mugarriei gehitu behar zaie, hala nola Euskadiko eliteko gizon eta emakumezkoen 13 futbol eta saskibaloi talde nagusiekin batera martxoak 8aren inguruan egindako ekintzari, berdintasunaren belaunaldi bat aldarrikatuz;  bai eta Herri Ituneko Emakumeen Ahalduntze eta Lidergorako Belaunaldien arteko Lantaldeak abiatu dien hilerokoari eta menopausiari buruzko inkesta ere, besteak beste.