Euskadiko Garraio Agintaritzak erabaki du estatuko deskontu berriak Euskal Autonomia Erkidegoko garraio publikoan hedatzea

0

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chueca buru zela egin da, ostegun honetan, Euskadiko Garraio Agintaritzaren osoko bilkura. Koordinazio-organo horretan biltzen dira Euskadiko garraio publikoaren arloan eskumena duten erakunde nagusiak, Eudel eta tren, tranbia eta autobusen sektoreko operadore nagusiak. Topaketa horretan, Estatuko araudiaren aldaketek eraginda, uztailetik aurrera garatuko diren deskontuei heldu zaie.

Administrazio publiko nagusiak deskontu-egitura berri hori aplikatzearen alde agertu dira, gazteek garraio publikoa erabil dezaten erraztea helburu duen aldetik. Gazteei zuzendutako bi neurri aktibatuko dira uztailaren 1etik aurrera, bi adin-tarte desberdinetarako: batetik, doakotasuna ezartzen da 14 urtera arte (adin hori barne) —Euskadin dagoeneko 12 urtera arte aplikatzen ari da 2025. urte honen hasieratik, eta, beraz, uztaila eta abendua bitartean doakotasun hori bi urte gehiagora luzatuko da—, eta, bestetik, % 50eko hobaria ezartzen da gazteen bidaia anitzeko abonu eta txarteletarako.

Era berean, Euskadiko Garraio Agintaritzak baieztatu du Euskal Autonomia Erkidegoko operadoreek hirugarren neurriaren alde egingo dutela, bidaia anitzeko abonuak eta txartelak erabiltzen dituzten herritarrei zuzenduta —Bat, Barik eta Mugi txartelak sartzen dira horien artean—.Herritar guztientzako neurriaren kostuaren % 20 gobernu zentralak ordainduko du, eta gainerako % 20a tokiko administrazioek. Ildo horretan, Mugikortasun Jasangarriaren Saila prest agertu da Euskadiko garraio publikoko operadoreei eta administrazioei laguntzen jarraitzeko, tokiko administrazioei esleitutako neurriaren kostuen erdia ordainduta (Sailak % 10 hartuko luke bere gain). 2022ko irailean martxan jarri zenetik 2024ko abendura arte, Eusko Jaurlaritzak 41,7 milioi euro jarri ditu, deskontuen ondorioz izan den diru-sarreren murrizketa arindu dadin.

García Chuecaren iritziz, “Euskadiko administrazioek eta operadoreek konpromiso irmoa dugu garraio publikoaren erabilera fidelizatzen lagunduko duten tarifa-neurriekin, betiere Euskal Autonomia Erkidego osorako epe luzerako gure ereduan oinarrituta, hau da, gazteen gisako kolektiboak babestean oinarrituta. Izan ere, dagoeneko bide hori egiten ari gara, eta deskontuak eskaintzen ari gara gure tren, tranbia eta autobusak erabiltzeagatik”.

Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioaren laguntzak eskuratuko badira, administrazioek ezarrita dauden bidaia anitzeko abonuak eta txartelak izan beharko dituzte, biztanleria orokorrarentzako deskontuaren % 20 autonomia-erkidegoko eta tokiko erakundeen baliabideekin finantzatu beharko dute, eta 2025ean ezarritako edo ezartzeko bidean dauden Emisio Txikiko Eremuak izan beharko dituzte, betiere indarrean dagoen Estatuko araudiaren arabera hori egiteko legezko betebeharra badute.

Adin txikikoentzako doakotasuna

Sailburuak eskertu du Euskal Autonomia Erkidegoko garraio publikoko sistemaren operadoreek eta garatzaile teknologikoek 12 urte bete arteko doakotasuna, egiturazko neurri gisa, urte hasieratik ezartzeko azken hilabeteetan egin duten lana —2024ra arte indarrean zegoen doakotasunaren adina bikoiztu da (0-6 urte)—. Aditzera eman duenez, neurri horren ezarpenari “oso balorazio positiboa” egin diote herritarrek, eta Bat, Barik eta Mugi txartelak pertsonalizatzeko beharrezkoak ziren tramiteak egin dituzte doakotasun hori lortze aldera.

Sailburuak, bestalde, kudeatzaileei eskatu die teknologia- eta tarifa-garapenetan lan egiten has daitezela, uztailaren 1ean hobariak posible izan daitezen.