Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitaleko Iktus Unitateak Iktuserako Europako Erakundearen ESO Stroke Unit egiaztagiria lortu du. Aitortza hori jaso ohi dute asistentziaren kalitate-estandar zorrotzenak betetzen dituztela egiaztatzen duten Europako Iktus unitateek. Osakidetzan, akreditazio entzutetsu hori lortzen duen bigarren unitatea da, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak lortutakoaren ondoren.
Egiaztatze-prozesu horretan hauexek ebaluatzen dira: emandako arreta klinikoaren kalitatea, giza baliabideen eta azpiegituren kudeaketa, garatutako ikerketa, eta prozesuen ebaluazioa. Hori guztia osasun-zentro guztientzat berdinak diren kalitate-estandar zorrotzetan oinarrituta. Hala bada, lorpen horrekin, Europako Erkidegoko punta-puntako Iktus unitateen parean dago Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitaleko Iktus Unitatea. «Egiaztagiri horrek aitortzen du protokoloak bateratzen egindako ahalegina, bai eta diziplina anitzeko taldea osatzen duten profesionalen ezagutzari eta trebetasunei lotutako etengabeko prestakuntzarena ere, eta, era berean, ziurtatzen du gure Iktus Unitateak iktusari arreta bikaina emateko Europako estandarra betetzen duela», adierazi du Ana Pinedo Neurologiako zerbitzuburuak.
Iktus Unitatean diziplinarteko zainketa semikritikoak ematen da. Unitatearen arduraduna Neurologia Zerbitzua da eta bertako erizaintza espezializatuarekin batera dihardute arlo hauetako profesionalek ere: Neurorradiologia, Kirurgia Baskularra, Kardiologia, Barne Medikuntza, Gizarte Laguntza, Larrialdiak eta Zainketa Intentsiboak. Horrez gain, Errehabilitazio-unitatea ere badaukagu pazienteari arreta emateko, ospitaleratzen denetik alta eman arte. Iktusa izan dutenak ospitaleratzeko hautagaiak dira, istripu zerebrobaskularraren lehenengo 24 orduetan. Horiek Unitatean egongo dira unerik akutuenean (24-72 ordu) eta, segidan, ospitalizazioko solairura lekualdatuko dituzte. 2011n inauguratu zenetik, 6.000 paziente baino gehiagori eman zaie asistentzia Unitatean.
«Iktusa inpaktu sanitario eta sozial handia daukan gaixotasun zerebrobaskularra da, intzidentzia eta prebalentzia handia daukalako; izan ere, helduengan hartutako desgaitasunaren lehenengo kausa da. Karga handia dakarrena, osasunaren ikuspegitik ez ezik, ikuspuntu pertsonal eta familiarretik ere; berori pairatzen duten pertsonen eta haien zaintzaileen bizitzan daukan eraginagatik”, azaldu du Pinedo doktoreak.
Iktusaren arretan arrakastarako gakoa sintomak azkar detektatzea eta tratamendua berehala hastea da. Aski frogatuta dago unitate horietan egiten diren monitorizazio bidezko etengabeko zainketak ꟷbai klinikoa bai bihotz-biriketako konstanteenakꟷ eta bilakaeraren etengabeko jarraipenak ere, hilkortasuna eta ondorio neurologikoak murrizten dituela. Une horietan funtsezkoa da neurologoek eta erizaintzako langileek zainketa neurologiko zorrotza egitea.